Augustin Zubikarai XIII. Saria – Nobelak sortzeko beka 2013

Augustin Zubikarai - Garbiñe Ubeda

Garbiñe Ubeda iazko Augustin Zubikarai sariaren irabazlea. Sari-emate ekitaldian.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

4. Proiektuak, 2013ko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara:

mrey@ondarroakoudala.net

5. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2013ko urriaren 31a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Saria 6.000 eurokoa izango da. Bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

ARGIBIDEAK:

Ondarroako Udaleko euskara zerbitzuan: 94 683 36 68 mrey@ondarroakoudala.net

Elkar argitaletxean: 943 31 02 67  liburuak@elkar.com

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina