Danele Sarriugarteren “Erraiak” liburuaren lehen kapitulua

erraiakDanele SarriugarteOnomatopeiek hartu dute apartamentua, plok-plok-plok eta tik-tak, komunean itxi ezin den txorrota eta sukaldeko horman zintzilikatutako erlojua hurrenez hurren, bata bestearen atzetik tantaka baina egundo bat egiteko esperantzarik gabe.

Hausturaren sinfonia.

Etxe honetan gehien maite dudan objektu finkoan nago eserita, larruzko besaulki marroian; komunetik korrika, edo, zehazkiago, erdi-korrika erdi-saltoka eta neure buruari ahapeka, etxean bakarrik gaudenetan, lasterka egiteko dugun modu zehatz horretan hona gora ailegatu eta jauzi egin ostean, oinak ipurdiaren azpian bildu ditut agudo epeltasun apur bat lortze aldera, komuneko kanila madarikatuaren zarata itotzen saiatzera joan naizenean luzeegi ukitu dutelako elkar oinazpiek eta zeramikazko lauzek eta azazkaletaraino sartu zaidalako hotza. Postura erosoenaren bila, apaltzen doaz azalak larruaren aurka igurztearen bentosa moduko zarata gogaikarriak, larru marroia eta biok geruza bakar bat bilakatzen garen arte, gero marka gorri desatseginak lagako dizkidan batasuna, batik bat ipurdi azpiko izterren inguruan.

Asteburu luze batetik iritsi berri naiz, sortzen ikusi ninduen herritik ontzen lagundu nauen hirira, eta mahai gainean izkiriaturik aurkitu ditudan agur hitzei tinko beha nago, azkenengo ikasturtean egunerokotasun arruntenean nozitu nauen gizonaren eskumutur iletsu, sendo eta dardartiak berridatzi ditu, talde mitiko bati ostu: maitia lehen baino lehen aska gaitezan.

Zuhurtziaz nire lan-mahaiko tiradera gertagaitzenean ezkutatutako liburuaren barrenak erabili ditu madarikatuak, nik neuk tolestutako orrialde batean, nik neuk azpimarratutako esaldi baten azpian itsatsi du post-it kriminala:

Baina nork eta ahulak jakin behar din indartsua izaten eta alde egiten, indartsua ahulari kalte egiteko ahulegia denean.

Ongi gogoan dut Z-ri esaldia aipatu nionekoa, duela ez asko Saizarbitoriaren Martuteneren irakurketaren harira, Martin ere mintzo baita Kunderaren aipu horretaz baina etsita onartuz ez duela akorduan idazlearen izena. Harro-harro kontatu nion Z-ri, neuk bai, neuk banekiela norena zen, aspaldidanik darabildan markaketa-eta aipu-sistemari esker. Besaulkian eserarazi eta begietan sartu nion orrialdea, garaile, maistra pedanteen erara, betaurrekoak apur bat beheratuta, kordel eta guzti.

Lañoa ni. Bota nuenean gibel-asmorik batere ez nuen arren, Z-rentzat probokazio hutsa izan zen, herrestan eroan gintuena hitz gordinetara eta lehia makurrenera, bakoitzaren krudeltasunerako gaitasunaren neurketa dia lektikora, nor-nork gehiago, zekenago, zikinago mindu, nork-nori hatza zaurian barneren eta bortitzen sartu.

Z-k bidaia zuen biharamunean eta muturtuta egin zuen alde, baina itzultzean zango-besoak zabalik joan nintzaion bila, amoros. Ez nuen nahi, baina errudun sentitzen nintzen eta ezer gertatu ez bailitzan ekiten saiatu nintzen, are, parez pare zabaldu nion nire amodiozko artilleria astunena, baina ezarian bezala, ez zezan nabaritu, ez ziezadan enegarrenez aurpegiratu hainbesteko koplarik  gabe barkamena eskatzeko eta damua erakusteko berezkoa dudan ezintasuna. Berak betikoa zirudien, azpimarra dezadan azken horren garrantzia, zi-ru-di-en, eta lurperatutzat jo nuen kontua.

Gaurdaino.
Madarikatua.
Madarikatua, madarikatua, madarikatua.

Zer esan behar diet nik orain nire epaile guztiei, nire juje zorrotzei: gurasoei, kuadrillakoei, herriko besteei; zer aitortu behar diet, atzera itzuli naizela singletasunera, ez dena inoiz urrezkoa izango gizonezkoena bezala, ezta konbentzimenduzkoa ere fededun batzuena bezala, ezpada patetikoa, penagarria, urrikalmendu-sortzailea; hogeita hamargarrenerantz atergabe gerturatzen dihardudan honetan oraindik ez naizelako gai izan gizonik arrantzatu eta akabatzeko, nire bularren uztarrira kate motzean lotzeko; atzera itzuli naizela ez-emakumeen lurraldera, zakilik gabeko alu osatugabea naizela, mutxurdina.

Eta zein eramango dut derrigorrezko familia-otorduetara, debekaturik daude-eta zifra bakoitiak, soilik umeak barnean hartzen dituzten multzoen kasuan dira hiruak zilegi baina hor ere gero eta gutxiago (noizko bikotetxoa?); eta alargunen kasuan agian batak, baina hor ere gero eta gutxiago, bestela begiratu dibortziatuen aurrekariari, horiei kasik ofizialki debekatu diete jada axaleko bakartasuna, behin ezkontidearen uhaletik libratu direnean, baimena dute tarte batez aske arnasa hartzeko, baina ez luzaroegi, asko jota urtebetea joan denean izan bitez postmodernoak eta liberatuak, jauzi egin bezate ohez ohe, eguberrian hurbil bedi mahaira garaian garaiko amorantea.

Noizbait gertuko iragan ahazturen batean gai izan nintzen agian, baina gaur egun jada ezin diet bakarka, giza ezkuturik gabe aurre egin ospakizun izendatu ohi diren gisako sakrifizio-festei.

Eta bake sainduan lagata ninduten kuadrillakoek eta osaba-izebek azken bi urteotan, ordura arte ikusten nindutenero jasanarazten zizkidaten moduko nagusitasunezko erruki-begiradarik gabe, ez nuelako hipotekaren iruzurra norekin konpartitu, ez nuelako soldatapeko esklabotzaren alienaziotik urrun baimentzen zitzaizkidan urteroko bi opor-aste miserableak norekin xahutu paradisuzko hareetan etzanda argazkiak eginez facebookeko azal-orrian sitsek jandako zoriontasun bat antzeztu ahal izateko, ez nuelako halabeharrez astean behin edo birritan zakilkatuko ninduenik kaleetatik paseatzean apaingarri gisa jantzi nezakeen ume-panpina batez erditzea lortu arte.

Gutun bat laga du liburuaren ondoan. Buruz dakit zer dioen azala zabaldu ez badut ere, eta errekuntza prozesua ikuskatzen dut, zelan bilakatzen den tinta txinpart nire pizgailuaren mende, urdinetik horira, laranjara, gorrira, hizkuntzaren baliabideak zurrunegiak diren arren kolore hauek sor dezaketen lilura adierazten saiatzen hasteko ere. Piromanoekin bat egiten dut segundo batez. Montag naiz, It was a pleasure to burn. It was a special pleasure to see things eaten, to see things blackened and changed.

Z-ren justifikazio entsegua errauts bihurtu izanak boteretsu sentiarazten nau.

Burua apur bat goratu eta hozkailuan itsatsita beste post-it bat ikus dezaket, Z-k dio hilabete honetako errentaren bere zatia jada sartuta dagoela Jabeen kontuan, lasai egon naitekeela diruagatik, epe laburrean behintzat. Giltzak sarreran laga dituela. Horretaz jabetu naiz, egia esan, atea zabaldu bezain laster nabaritu dut Ikeako mahaitxoan zeutzala, bazkaltzera anaiarengana joandako Z-ren patrikan behar zutenean; kontzientzia-une ezin laburragoa izan da, zerbaitek nire  dimenaren erraietatik nolabait adierazi nahi izan dit detaileari erreparatu behar niola.

Berriki abandonatu duten fi lmetako dohakabe arketipikoa izateko, marruka ibili beharko nuke apur batez eta dirua ez zaidala ezer axola lau haizetara barreiatu, baina, egia esan, zeluloidezkoak baino askoz pragmatikoagoak izan ohi dira zelula eta haragizko pertsonak eta nik demaseko lasaitua hartu dut oharra irakurtzean, errenta osoa nik bakarrik ordaintzekotan drastikoki murriztu beharko nituzkeelako pozez betetzen nauten bekatutxoen kopurua eta maiztasuna; ez, hori anakronikoa da, bekatutxoena agian duela bi urte, orain, suziririk gabe, demaseko lasaitua hartu dut oharra irakurtzean ezin hobeto etorriko zait-eta hilabete osoa nire kontu korrontetik zulatu behar ez izatea, hemen bertan beste norbait hartu ala nik neuk toki berri bat bilatu ala ZER OSTIA EGIN BEHAR DUT NIK ORAIN erabaki bitartean.

Biziki eskertzen diot Z-ri, bestalde, sosen kontuari zuzenean heldu izana, bestela balizko dolu egun batez telefonoz deitu beharko nukeelako apartamentuko errentaren afera prosaikoaren inguruan galdegiteko, eta praktikan ziur facebooka erabiliko nukeela, presiopean bidegabeki hanpatzen baitzait mintzoaren gainjarioa, are zentzugabetzen eta norabide guztietan sakabanatzen, ezinezkoak zaizkit ohiko adierazgarritasuna eta graziak; eta hori gutxi balitz, hain zerraldo uzteraino kolpatu izan naute ahotsek beti, batzuen lepoei darien usainak nola, hala niri Kasabianeko kantariak adibidez bere eztarritasun horrekin azken diskoan, take me into the night and I´m an easy lover, cunnilingus musikal hutsa zait, ezin izaten dut matrailak goritu gabe aditu; hortaz, Z-ren erlatsa iritsiko balitzait berriz ere uhin kiribilduetan barrena, kanpotik barrura astinduko ninduke, bost minutuko elkarrizketa ortopedikoaren ostean ordu erdiz etzan beharko nintzateke –gutxienez– ohean mugitzeke, begiak distiratsu amets iratzarriei so, saihetsak atzera bakoitza bere tokira txukun antolatzeko gai izan aurretik.

Gaindiezina litzateke.
Plok-plok-plok-tik-takek soilik kutsatzen du bestela erabatekoa den isiltasuna.
Eta orain zer?
First things first.

Gutizien armairura hurbildu eta izotz pusketekin eta graduazio altuko alkohol gardenarekin eta irekitzean txis-s-s-sp gisako soinuak egiten dituen burbuiladun tonikarekin bete dut edalontzia. Kopa lerdena beharko luke, lepo luzanga eta gorputz anti-piramidala duten horietakoa, olibadun dry martinietarako erabiltzen dela ikasi duguna talde-imajinarioa kolonizatu digun ikus-entzunezko masa-ekoizpenaren bitartez, bai, horrelakoa beharko luke edalontziak azkenaldianbuelta asko eman dizkiodan teoria estetiko edaria-edalontziaren-tasunak uztartzen dituenaren arabera, adituko didan edonori eta bereziki txortagarri deritzodan orori hitz potoloekin azalduko diodan moduan.

Bestalde, whiskia edo patxarana, alkohol bernizatua edateko apetak jota banengo, edalontziak kubo astuna beharko luke, hormak fi nak eta erraboilkarak izanagatik oin lodikote eta pisukoa; dena dela, eskuan daukadana ez da ez bata ez  bestea, ez da ez dotorea ez handinahia, ezpada arrunta eta arina, polibalentea, txosnetako plastiko gogorrezko baso klasikoa, gau ilunetan bularra protesta-pegatinaz lepo, zurito zein kaña zein kubata eskatzea ahalbidetzen dizuna, ikasle (eta ez hain ikasle) pisuetan hainbestetan berrasmatua hortzetako eskuilei edo lan-mahaiko boligrafoei ostatu emateko, nik neuk beti erabili izan dudana etxean likoreekin lasai mozkortzeko, gutxiagotan derrigortzen zaituelako edalontzi hustua betetzearen eginbehar nekezera trago oparoka diharduzunean ere, batez ere izotz gutxi botatzeko tentua hartzen baduzu; volldamma zuzenean latatik hartzea erabakitzearen antzekoa da estrategiaren ikuspuntutik, basora trakeski isuri eta
aparra baretu arte itxaron beharrean kolpe batez barnera dezakezulako 33 zentilitroen lehen erdia, eta beste kolpe batez barruan gelditu dena, latak ondo tolestuta poltsan inkognitoan atera ditzakezulako apartamentuan legokeen beste inor ohartzeke astelehen buruzuriz zeure gelan bakar-bakarrik zurrutean ari zarenez arazo bat daukazula pentsa ez dezan, nahiz ezkutaketa eta azpilan hori bera den arazo bat duzulako adierazgarri garbiena.

(Hain zuzen ere nik Madrilen egiten nuen gisan, bertara alde egin nuenean maite nintzakeen eta ondorioz oztopo bilaka zitekeen giza aingurarik gabe patxadaz gorrotatzera neure burua, justu Gasteizera itzuli, Z ezagutu eta harrigarriki guztiari buelta ematea (ustez) lortu baino zenbait hilabete lehenago).

Jaixak herrixak herrixandako eginak izan daitezela aldarrikatzen duen basoa estutzen dut, hortaz, atzamarrekin; azken finean, kopa dotoreak norbait zuri begira dagoenetarako besterik ez direlako, zure edatea airosa gerta dadin eta ez  desesperatua.

Eta orain, berriro ere, zer?

Dutxan sartu eta kanila puntu gorrienera bortxatu, ur errearen azpian erraietatik zintzilik dauzkadan estalaktitak akabatzeko, begietatik ez daridana antzezteko. Jasanezinegia bilakatu zaidanean gortina zabaldu dut kolpez, bero itogarritik ihesi, eta berehalakoan toallaz estali beharrean bizpahiru minutuz itxaron dut, larru gorritan, arnasestuka, tantak azalean behera lasterka, gelaren erdigunean.

Muturreko tenperatura aldaketek gardenago pentsarazten didatela iruditu izan zait beti.

Egongelako larruzko besaulkian jesarri naiz atzera, egoera honetan gintonic arrunt bat besterik ez dena eskuan; zurrutada luzea atxiki, izotz koskor bat harrapatu eta haginka egin diot; klak, erdia barrura, glogloglo, beste erdia bueltan edalontzira apur bat luzeago erabili ostean; gintonic arruntean gaurkoan osagai berezi bat diluitu nahi dut, gorrotatzen zaituen zerbitzari bati jana edo edana eskatzen diozun bakoitzean izu-ikarak sortzen dizkizun elementua: listua, horia, mukitsua.

Izaki likidoen amorru likidoa.

Plok-plok-plok.

Dutxak ez du areagotu baizik egin.

Bihotzari aditu behar zaiola ziostaten txorrata-azpian nengoela ipodak erreproduzitu dituen kanta anglofono sasi-sentimentalek, ziur irakurle ez-eleanitzari ere oso hurbilekoa egingo zaiola erreferentzia, nahiz publikoki aitortu nahi ez, noiz edo noiz entzungo zituen antzerakoak gaizki amaitutako ziren ostean, horrelakoetan zinez mugagabea baita pertsonaren autoerruki-gosea: malkoek hezetutako burkoaren kontra zapalduta belarria, desitxuratuta aurpegia, zarama merkea adituz su-etenik gabe.

Hainbestek diote bihotza dela aditu beharrekoa, bihotza eta ez gibela, edo heste meharra edo alua, non topiko aspergarri bilakatu baita jada; hainbestek, non ukaezintzat hartzen baititugu giharrezko ukabila dirudien organo odoltsu eta  hanpatu horri hizkuntza metaforikoak egotzi dizkion gaitasunak.

Bihotza da, halaber, singlea zarenez gero jatetxeetara joatea debekatzen eta ulergarritasun soziala ukatzen hasten zaizkizunean zartatzen dizutena. Bihotza hautsi diote. Horra, erabiliaren erabiliaz, ezin higatuago eta maiztuago dagoen beste metafora bat. Horra lagun izendaturikoek bizkarrean landatuko didaten sastakaia.

Regina José Galindo eta Diana Pornoterrorista performance artistentzat, aldiz, gorputza da jomuga eta lanabes, gorputza da egonezinaren isla, eta aluak aitortu dit bigun eta umel jartzen dela Z-k azkenekoz erabili zuenekoa oroitze hutsarekin, mihi luze, labain, iheskorraren miazkadak gogora ekartzearekin; baina bigunago eta umelago jartzen dela, alegia, erremediorik gabe bigun eta umel, patioko leihotik begien eskura geratzen zaizkion auzoak harrapatzen dituenean bata besteari klitoriak eta bibradoreak eskaintzen, eta are gehiago dena, aitortu dit horrelakoetan leihoaren kantoi batean gotortzen dela, patiora ematen duena Hitchcocken leiho bat bailitzan begiratzen segitzeko, eta gogor nahi izaten duela auzoen balizko kulero batzuk sudurraren azpian zanpatu, erika-kohut, aurrera eta atzera igurtzi.

Azal-puska txikiak narritatu, altxatu eta lurrera erori arte.

Bestetik, urdailak diost bilis gordailu agortezinak pilatu dituela azken bi urteotan eta badela horiek kanporatzeko garaia, eta hobe dela prozesua etxean eta adindunen baten zaintzapean gauzatzea, zer gerta ere, dohakaberen bat inguruan baldin badabil-edo, badaezpada harrikoa egiteko erabiltzen dudan plastikozko balde urdina hartzeko eta jartzeko bisaiaren parean, askoz hobeto ahoa zabaldu aurretik komunean eseri eta prakak jaisten baditut, hesteek diotelako beraiek ere kaka metaketa itzela pairatu dutela, buxatzeko zorian daudela ia, eta jakina da esfortzu fisikoa egitean, hala nola maldak igotzean edo erditzean edo gure kasuan okaka hastean esfi nterrak nasaitzen direla, horregatik agertzen dira mendietako aldapak hain usaintsu astoek zeharkatu ostean, horregatik hain ilun ospitaleetako maindireen gune zehatzak.

Urdailak bereari ekitean hesteek ere jaurti nahiko dute zerbait, eta hortxe, komuneko zuloan igerian, izango dut neure samina, neure oinazea, amorru mordoilo atzemangarri.

Marroi.
Bero.
Mardul.

Baina burmuinak diost ez daukadala zertan eskatologiko jarri, ezta nire buruargitasuna iraindu edo usaimen-papilak zigortu ere, baizik eta hobe nukeela atzamarrak zorroztuta neure burua odolustu, izerditu, isuri. Gainezka egitear dagoen minaren indarrarekin teklatua zanpatu eta oldarraren hondarretatik zerbait eraiki.

Monologue intérieur, barne bakarrizketa modua abiarazten duen botoia sakatzen dut, lokietan gotortutako bozei mihia askatzen diena, eta lehen kontsonanteak urratzen du onomatopeien gehiengo osoa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

2 Comments

  1. Gehiago irakurtzeko gogoz…

  2. Pingback: » Primaderako liliak Alua Mundua!

Utzi zure Iruzkina