Eromena ERROMAN

“Babani nauan Erroman…” Itoizen Ambulance kantuko erizain espitosari telefono zenbakia numero bat aldaturik eman izan ez bagenio, batek daki zer izango zen gutaz: Erroman biziko ginen gaur egun, akaso. Erromatik Eromara ez baitago tarte askorik. Bizizaleen hiria da Erroma: Anita Ekberg zuri-beltzezko jainkosak Fontana di Trevin bainatu eta Marcello Mastroianni harengana erakartzen duen desio zoro bezain iragankorrarena, Federico Fellini ren La dolce vita filmeko berbera. Dolce izaten hasita, nagikeriaren, dolce far niente-aren aldarrikapena aise jabetzen da gutaz Martini rosso bat eskuetan hartu orduko.

Kexuak, iladak, grebak dira Italia. Parisko terrazak belaunak gurutzatuta eta bizkarra zuzen duen jende kontenplatiboz gainezka badaude, eskuen mugimendu etengabea eta eztabaida keinulari sutsuen terraza da Erroma. Airean traza guztietako elipse ikusezinak eta kiribizto armonikoak marraztuz hainbeste astintzen dituzten esku horiena. Eskutik doaz Erroman putak eta apaizak, kuadrigak eta Fiat koskorrak, Gucci eta Ratzinger. Jim Jarmusch en Noche en la tierra film gogoangarrian, Roberto Benigni taxistak apaiz bat jasotzen du gaueko ordu txikietan Erromako plaza mortu batean… Behin egokituko halako bezerorik eta, gidari xelebreak konfesatzeko baliatuko du okasioa, Benignik inoiz egin duen bakarrizketarik barregarrienetako batean: artean mutikoa zela kalabazekin “harreman sexualak” izaten hasi zeneko uda aletuko dio apaiz zurtuari… Benigni taxistak, kaleak gaizki argiztatuta daudelako kexu den arren, eguzkitako betaurrekoekin gidatzen du gauez -eguzkitako betaurrekoak, hara italiarren beste fetitxe bat, orrazkera gomosoarekin batera-. Jarmuschen istorioaren hasiera izan liteke Italiako hiriburuaren erretraturik fidelena: bikote gaztea larrutan ari da Vespa gorri baten gainean, handik gertu, kale kantoian, kandela piztu batzuek Ama Birjinaren irudi bati dir-dir egiten dioten bitartean. Moto ttipi hauek gabe zaila da Italia imajinatzen: Nanni Morettik ere halaxe erakutsi zizkigun bere txoko kuttunak Caro diarion, Pasolini hil zuten lekua barne. Pier Paolo Pasoliniren Chavales del arroyo ez da argitaratu zaharra gazteleraz. Berrikiago, Mercedes Cebriánek Erroman idatzitako Sala de máquinas laburrean ere ageri dira patrikako telefonotik mintzo diren moja gazteak. Antonio Portelaren Ciudadano romano estetizistagoa da, eskultore italiarren eta bizizaleen arrastoan idatzitako diario gomendagarria.

Alberto Moraviaren obra berreskuratzen ari da azken aldion: El tedio nobela, kasu, Erroman dago girotua, kale izenik apenas agertzen den arren. Giltzapeko sentimenduen Erroma, izarapeko arriskuez diharduena da gehiago Moraviarena, harreman sentimental bihurriez, aspertuta egoteaz ere aspertuta dagoen protagonistaren kontraesanak zorrotz azaleratuz. Rafael Alberti bertan bizi izan zen luzaro, Roma, peligro  para caminantes liburua lekuko, eta ezin inolaz ere Barojaren César o nada ahantzi. Aspalditik dator kronikagileek Erromarekiko sentitu izan duten lilura, Stendhal edo Laurence Sternek idatzitako kronikak lekuko… Hortxe dago Roberto Bolañoren Una novelita lumpen ere. Ez espero, halere, ilunberik Erroman: beste Roberto batek, – Rosellinik- bigarren mundu gerrako keak artean uxatu gabe zirela errodatutako Roma, ciudad abierta gogor hartako Erroma ez da gaur egungoa.

Erromatarrak dira euren hiritartasunarekin zinema jenero oso bat bataiatzeko pribilegioa izan duten bakarrak. Nostalgikoenek, beti ikus ahal izango dute metalezko kopetan edandako ardoz, mahats sortaz eta gladiadoreen justiziaz blai dagoen film epikorik: Yo, Claudio, Espartaco… HBO kateak telesail oso bat eskaini zion garaiari Roma izen soilaren pean.

Luthierren eta folk musikarien herrialdea izateaz gain, croonerena ere bada Italia: Fabrizio de André zena edo Paolo Conte, kasu. Bidaiatzea gustu txarreko ekintza arruntegi bihurtu den honetan (original izan nahi duenak etxean geratzea du onena), aski du Fred Buscaglioneren Che Bambola, edo Paolo Conteren Gelato al limon zein Via con me kantuak iPodean jarrita bidaiatzea.

Horra erromeriaren erroetan hiri eroa: Erroma.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina