Gazako egunerokoa

Atef Abu Saif - Wikipedia

Atef Abu Saif (Argazkia: ALEBAA NEWS)

Gazako egunerokoak herrialde hartan Israelgo armada gauzatzen ari den genozidioari buruzko lekukotasun paregabea eskaintzen du. Egilea Atef Abu Saif da, Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa.

Liburuan, ordea, ez da ministroa mintzo, une oro bonbei iskin eginez nola edo hala bizirauten saiatzen den herritar arrunta baizik. Ematen du –eta neurri batean egia ere bada–, Gazako sarraskia ia ia telebisatzen ari dela, baina Abu Saifen lan honek berriz ere agerian uzten du ez dela beti egia edo ez dela guztiz egia irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duenik.

Atef Abu Saif Gazan jaio zen, zehatz mehatz, Jabaliako errefuxiatu esparruan. Beraz, lehendik ere bazuen zapalkuntzaren eta gerraren ankerraren berri. Idazlea da, batez ere nobelagintzan nabarmendu dena, eta, horrez gain, Zientzia Politikoen irakaslea Gazako bertako AlAzhar unibertsitatean. 2019an izendatu zuten Kultura ministro –Fatah alderdiko kidea ere bada– eta geroztik Zisjordanian bizi izan da, Ramallahn.

Alabaina, 2023ko urriaren 7an, infernuko ateak parez pare ireki ziren egun hartan, atzera berriz Gazan zegoen. Palestinako Ondarearen Eguna zela eta, bere karguarekin lotutako hainbat konpromiso zituen, eta pentsatu zuen konpromiso haiek betetzea eta senideak bisitatzea uztargarriak izan zitezkeela. Horregatik berekin eraman zuen Yasser, hamabost urteko semea.

Israelgo armadaren inbasioa hasi eta berehala, ordea, Atefek eta semeak beraien burua kale gorrian ikusi zuten, ostatua hartuta zeuden hotela bonba batek zeharo birrindu baitzuen, eta hara eta hona ibili behar izan zuten iheska, gainerako gazatarrek bezala, aterpe bila baino gehiago –Gazan ez dago aterperik– herioari iskin egiten.

Joan etorri haietan, Atefek modua egin zuen ikusitako eta batez ere bizitakoari buruzko kronikak idazteko eta Gazatik kanpoko lagunei ahal bezala bidaltzeko, sakeleko mezu eta audio laburren bitartez. Kronika harrigarriak dira, bizi biziak, heriotzaren inguruan ardaztuta dauden arren. Atefek eztandak zenbatzen pasatako gauez hitz egiten du; hondakinen artean bizitzaaztarnak aurkitzeko ahaleginez; anestesiarik gabeko ebakuntzez; haurren amesgaiztoez; arpilatutako etxe, eskola eta ospitaleez; hildako senide eta lagunez; jan eta ur faltaz…eta bonbez, edonondik etortzen diren eta edonon eror daitezkeen bonbez.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina