Ione Gorostarzu: “Alferrikako gauzak dira gehien betetzen nautenak”

Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984) bere lehenengo liburuarekin plazaratu da: Des egiten poema-bilduma, gizon-emakumeen betiko galderei molde berriak ematen dizkiona; poesiaz, bizitzaz, eta bere buruaz hitz egin digu elkarrizketa honetan.

 

“Des egiten” da zure liburuaren izenburua: zer egin duzu, eta zer desegin duzu berau idaztean?
Egin adina desegin dut orri hauetan, eta desegite horrek berak egin ditu poemak; izan ere, idazterakoan niretzat errazena da gauzak esatea, lerroak eta orriak betetzea, eta gehien kostatzen zaidana, berriz, soberako hitzak, ideiak, eta baita poemak ere, ezabatzea da. Betegarria kentzea, biluztea, emaitzaren mesedetan. Askotan testu, ipuin, poema onak eta ez hain onak, esandakoek baino gehiago, esangabekoek bereizten dituzte. Liburu hau bizitzako etapa ez hain luze batean, nahiko era inpultsiboan eta soltean idatzitako olerkiek osatzen dute, eta asko desegin behar izan dut batasun bat, gorputz bat emateko.

 Zerk egiten zaitu zu, eta zerk desegiten?
Egiten eta desegiten nau ikusten, irakurtzen, entzuten dudanak, pentsatzen dudanak, baina baita ere, nahi edo ez, egiten nau inguruak, munduak, egunerokotasunak. Nitaz espero denak, espero ez denak, ustez banaizenak, ez naizenak. Hortik dator liburuaren izenburua ere: ideia da deseginez egitearena, egiteko desegin beharra, etengabeko aldakortasun bat. Askotan gizarteak izate solido, zurrun bat baloratzen du, zirrikiturik gabeko izaera bat; “ni horrelakoa naiz eta kitto” delako bat.  Badirudi zalantzak, kontraesanak, dudak, ahulguneak direla, eta horren aurrean halako moldakortasun bat aldarrikatu nahi izan dut; plastizitate bat, bai pertsonalitatean, bai errealitatean, bai denboran. Azken finean, muga zorrotzak leku gutxitan daude, eta niri zirrikituak interesatzen zaizkit, hau banaiz baina baita honen aurkakoa ere, etengabe eraiki duguna deseraikitzea, zalantzan jartzea, aldi berean eraikitzeko.

Poesiak eraiki egiten du errealitate berri bat? Deseraiki hizkuntzaren tranpak eta munduaren itxurakeria?
Poesiak norberari mundu bat irekitzen dio. Poesia begiratzeko, sumatzeko, bizitzeko modu bat bezala ulertzen dut nik. Begiradan dago poesia, eta, hein batean, baita errealitatea ere; kale berean, eguraldi berarekin, une berean oso ezberdina da pertsona batek eta beste batek bizitzen, ikusten dutena, delako errealitatea ustez bera izanda ere. Poesia horretan kokatzen dut nik, errealitatea ikusteko eta, beraz, hein batean, sortzeko modu horretan. Eta hizkuntzaren tranpei dagokionez, zer esan, hizkuntzak jarraituko du bere tranpekin, poesian edo poesiatik kanpo.

 Bizitzaren zentzuaz, idaztearen helburuaz…

Poesiaren alferrikakotasuna aldarrikatzen dute batzuek, eta hemen zatoz zu, egile gazte bat, poema-liburu batekin.
Beti izan naiz “alferrikako” gauzen zale, eta geroz eta gehiago, gainera, horiek dira gehien interesatzen zaizkidanak eta gehien betetzen nautenak. Edozer gauza gustu, plazer hutsez eginez gero, jendeak errezeloz galdetzen dizu: eta hori zertarako? Eta badirudi erantzuna izan behar duela lanpostu bat, soldata bat, zenbakiz neur daitekeen zerbait. Gainerakoa denbora galtzea balitz bezala. Niretzat munduak egunerokotasunean eskatzen ez dizkigun gauzak, era askean egiten direnak, horiek dira norberak gehien behar dituenak; gainerakoak, betebeharrak, etorriko zaizkizu kanpotik ere. Ez gaitu krisitik aterako poesiak, ez behintzat krisi ekonomikotik, baina badira makina bat betekizun hutsalago, normalatasun osoz egunero txintxo-txintxo betetzen ditugunak, zertarako diren pentsatzen jarri gabe. Eta pentsatzen jarriko bagina, gainera…

Liburuko gaiak, gaurkoak bezain betikoak.
Bai, ez dakart berritasunik gaien aldetik, baina nire kezken inguruko liburua da. Egun, tekla bati eman eta munduko edozein txokotan dagoen pertsonarekin hitz egin dezakegu, ilargira bidaiatu dezakegu, baina, funtsean, gizakia ez da hainbeste aldatu. Ekainen zaldiak marraztu zituzten gizon-emakumeek ere gure antzeko beldurrak eta kezkak zituzten: gosea, babesa, heriotza… Gero izango dira zibilizazio eta garai bakoitzaren gai propioak ere, baina uste dut gai batzuk betikoak direla eta, aurrera ere, horiekin bueltaka jarraituko dugula, pentsatzen, hausnartzen, zalantzan jartzen…

Poemen bidez, bizitzaren zentzuaz galdetzen duzu. Zentzu hori aurkitzeko? Zentzurik eza erakusteko?
Erantzun gutxi topa daiteke nire poemetan,  galderak egiten ditut. Galderetan dago jakintza, erantzunetan baino gehiago, ezta? Pertsona zalantzatia naiz, gauzei buelta ematea gustatzen zaiona, zergatik, zertarako asko ibiltzen ditut buruan beti… Eta bizitzaren zentzuaz, zer esan… bizitza jaiotzetik hiltzera arteko tartea baino ez al da? Hala bada, zertarako bizi? Zein da gure eginkizuna, bertan jarraitzeaz gain? Honelako galderen bueltan osatu ditut poema asko. Batzuetan heriotzarekin lotzen dut zentzu hau, agian heriotzak emango diolako bizitzari zentzua, edo, batek daki, bizitzak heriotzari. Baina bilatu nahi izaten diot bizitzari zentzu bat, agian bizitza osoa igaroko dut horren bila, edota bilaketa hori bera da zentzua, auskalo! Baina ez dut pentsatu-onartu nahi hemen besterik gabe gaudenik, gure denbora pasatzeko, jaio, lan bat izan, etxebizitza bat, ondorengoak izan eta jarraitzeko, etengabe, ezarri zaigun bideari…

Idaztea bera ere sarri ageri da poemotan: defentsa mekanismo bat da gizartearen aurrean? Norbere burua ezagutzeko bidea? Beste zerbait?
Bada niregan idaztea munduari begiratzeko modu bat, eta, aldi berean, baita neure buruari zokomiran ibiltzekoa ere. Idatziz hobeto pentsatzen dut, gauzak argiago ikusten ditut, edo, alderantziz, argitzat nuenari ilunak sumatzen dizkiot… Baina bada munduaren eta nire arteko bitartekari bat ere hitzena, letrena; eta niretzat, adierazteko neurririk onena, berriz, poesia dela uste dut. Askotan bi orduko hitzaldian baino gehiago esan dezaket poema batean.

Maitasunaz, biluzteaz…

Zenbateraino biluztu zara liburu hau idaztean?
Liburuan bertan poema batean esaten dudanez, biluztu naiz, baina baita mozorrotu ere, agertu eta ezkutatu. Hau da, liburu sintzeroa da, bizitakoa ageri da, baina bizitakoa zentzurik zabalenean ulertuta. Hau da, sentitu, hausnartu, eragin dizuna, aztoratu zaituena, zer pentsa eman dizuna. Askotan zerbait berez garratzitsua gertatzen zaizu baina ez dizu eragiten, harrapatu zaituen uneagatik, beste zerbaitetan zaudelako, eta beste norbaiti gertatu balitzaio bezala ikusten duzu, urrunetik. Ez duzu bizi. Beste batzuetan, baina, aurkakoa gertatzen da, pelikula batek, inguruko baten bizipenak, albiste batek eragiten dizu, eta buruan bueltaka duzu, sabelean zerbait pizten dizu, eta hori, niretzat, benetan bizitako zerbait da. Horregatik esaten dut biluztu eta mozorrotu ere egin naizela; inork ez lituzke orri hauek autobiografikotzat hartu behar, oso nirea den arren, sentimenduek eta ideiek dutelako garrantzia, eta hauek adierazteko, hauetan biluzteko, detaileetan mozorrotu egin naiz batzuetan; horrela, ni-a ez naiz ni beti, askotan beste baten larruan sartu naiz, eta gertakari asko metaforikoak dira, bigarren, hirugarren zentzu batekin irakurri beharrekoak, hala nola erditzearen poema, adibide bat ipintzeagatik.

 Maitasuna ere agertzen da, behin baino gehiagotan. Esperantzaz batzuetan, etsipenez besteetan…
Txanpon beraren bi aldeak dira, esperantza eta etsipena. Baina uste dut liburukoa ez dela inoiz maitasun desesperatu bat. Batzuetan sortu bezala hiltzen den maitasun mota bat da, askotan gorputzarekin oso lotuta, sexuarekin, unean uneko garrasi bat da, desio bat. Askotan persona bat une batean “maite” dugulako, minutu batzuetan edo ordu batzuetan, baina ez dugu egunero bere ondoan esnatu nahi. Eta, bestetik, ageri da beste maitasun mota bat ere, galerari oso lotua, objetuetan, txokoetan, airean islatzen dena, melankolikoagoa. Askotan gehiegi eskatzen diogu maitasunari, eta ahalegin bat egin dut maitasun idealaren ideia horretarik urruntzeko, perfekziorik, betierekotasunik ez eskatzeko…

 Bergarako idazle eskolan ibili zara. Zer eman dizu graduondoko horrek?
Idazle Eskolak eman dit inguru bat, talde bat, berez hain bakartia ematen duen afizio bat garatzeko. Eman dit segurtasun bat neure buruarengan, irakurriko eta zuzenduko nauen jendea, eta indar asko. Behartu nau zerbait txukuna egitera eta, aldi berean, beste idazleen lanetara gerturatu nau. Ilunabar literarioak, idazleen bisitak, hitzaldiak… asko jasotzen duzu, eta jasotzen duzun horrek eramaten zaitu sortzera, eta besteekin elkarbanatzera.

Eta honen ondotik, zer?
Hau era inkontziente samarrean egindako liburua da. Konturatzerako kalean izan da, egia esan. Hala eta guztiz ere, poemak idazteko garaian ez, baina gero, zuzentzerakoan, osatu eta argitaratzerakoan, asko lotu nau liburu honek, eta, gauza oso berria denez, bere itzalean idazten dut oraindik, “des egiten” giroan murgildurik; uste dut orain distantzia pixka bat hartu behar dudala. Gero gerokoak, nahikotxo idazten dut, eta denborak esango du beste libururik egingo dudan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina