Iraunkortasuna, herria izan ala ez izan

IraunkortasunaZer ote da iraunkortasuna? Hitzetik hortzera dabilen hitz itsusi hori… Janzteari ekiteko, bere historia, bilakaera eta etorkizunerako bideak poliki azaltzen ditu Roberto Bermejo EHUko Ekonomia Iraunkorreko irakasleak bere Del Desarrollo Sostenible según Brundtland a la sostenibilidad como biomimesis (Hegoa, 2014).

Ea bada, zuri behintzat argi azaltzeko gai naizen. Iraunkortasuna bizilegea da. Bizitza eta bizilegea jendarteari lotuta ulertzen ditut nik. Komunitatearen, herriaren muina da bizilegea. Ikasten hasteko eta jakin badakigula uste duguna zalantzan jartzeko, irakurri Educacion para el desarrollo sostenible UNESCO, Instrumentos para el aprendizaje y la formación, nº4, 2012. Jendartearen kontzientzia da iraunkortasunaren oinarria.

Iraunkortasuna jendartearen muinera ekarrita, eguneroko zenbait kontu ezin uler daitezke, adibidez: euskaldunok bizi dugun maila, munduaren bizkar, noski! Gure etengabeko energia xahuketa, lehengaien iriotea, esklabuek ekoitzitako jakiekin elikatzea, lapurtutako prezioan erositako erregaiak erabiltzea… Irakurri, irakurri Elman Altvaterren El precio del bienestar. Expolio del medio Ambiente y nuevo (des)orden mundial (Edicions Alfons el Magnanim,1994).

Hori al da gure herriaren izakera? Hori zure-nire-gure nortasuna? Ez gara nor, ez garenez! Nortasunarekiko estimuatik abiatuta eraiki beharko genuke, tokian tokikoa, jendartea. Bizitokira lotzen gaituen jendartearen paisaiaren garapena ikertu dute Jesús Olivak eta Luis A. Camarerok eta Paisajes sociales y metaforas del lugar. Una exploración de la realidad itinerante de Navarra liburuan argitara eman (NUP, Ciencias Sociales, 12, 2003).

Arnasten dugun airea sortzen duen basoa, eusten gaituzten itsasoa eta lurra… Denon kontzientziatik abiatu beharra dugu, bai ala bai. Kulturak duen garrantzia erraz asko azaltzen du Jaime Izquierdok La conservación cultural de la Naturaleza liburuxkan (KRK Ediciones, Cuadernos de Pensamiento, 2013)

Iraunkortasuna etorkizunean herri izateko aukera da. Aukera bakarra. Bertatik jantzitako iraunkortasuna. Herri bat iraunkorra izateko, beretik sortu eta elikatu behar ditu gorputza eta izaeraren burubidea. Garapena, ekonomikoa eta soziala, honela ulertu behar da: lurraldeak ematen duena bertan geratu behar da. Paisaia osoak bildu behar du tokiko aberastasuna. Beraz, hemengoa hemen. Besteena hona ekarri gabe. Hori da herria eraikitzea: elikadura burujabetza, energia burujabetza, hezkuntza burujabetza…

Ez, ez da Auzolana. Herrilana da. Eta herrilanean ongi pasatzea da garrantzitsuena. Taldearen premiak asetzeak bakoitzaren baitan sortzen duen emozioaren zirrara eta ekimenak eragiten duen atsegina… Hitz batean: autoestimua. Horrek, ez beste ezerk, egingo gaitu zoriontsu.

Borobiltzeko, eseri eta irakurri bidelagun dudan Jaime Izquierdo, Asturiaseko ekintzaile aitzindariaren La casa de mi padre (KRK Ediciones, 2012)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina