Erotismoarekiko eta literaturarekiko pasioa

342_Gizajoen katalogoa_AZALA.inddJoxean AgirreJoxean Agirre idazle azpeitiarra (1949) Gizajoen katalogoa nobelarekin dator. Azken liburuen estiloari jarraiki eta ironiaz betetako umorea erabiliz, idazleei buruzko literatura egin du bertan. Argumentua norabide anitzetan zabaltzen da hainbat gai eta gertakari aurkeztuz, ia endredoko komedia batean bezala. Idazlearen ofizioa ongi menderatzen duela erakutsiz, eleberrian literaturarekiko pasioa erakusten digu Agirrek.

Zergatik gizajoen katalogo bat? Arrakastatsuek, azkarrek baino aukera gehiago eskaintzen al dituzte haiek?

Nik uste dut identifikazio arazo bat dela. Zu gizajo bat bazara, gehi euskal idazlea bazara, nobela bar idazten hiru urte eman badituzu, gero inork irakurriko ez zaituela jakinik, hori gizajo baten bizimodua ez bada, zeuk esango didazu. Neuk bai gizajoak baita lotsatiak ere kuttuntzat ditut, maitasun handia diet.

Idazleak oro har, gizajotzat jotzen al dituzu?

Idazle lotsati pila bat dago. Gizajotasunak ez du esan nahi intelektualki akatsen bat dugunik edo atzeratuak garenik. Munduarekiko, emakumeekiko jarrera bat da. Onartu egin behar da naturaltasunez, gizajo izatea norberaren ezaugarri bat izan daiteke, eta hori kentzen badigute zer geratzen zaigu? Akaso deus ere…

Aurreko Zwei Frauen nobela bezala,hau ere geruza askoko liburua da. Oraingoan ere nahikoa egitura bitxia aurkitzen dugu. Nobelan zehar irauten duen argumentu bat badago -narratzaileak irakaslearekin duen harremana eta hark bultzatuta nobela bat idatzi nahia-, baina horrekin batera indarra duten beste gaiak eta protagonistak uneren batean agertu egingo dira –emaztea, alaba, koinata-, eta bigarren partean ia desagertu egingo dira.

Nire nobela ez da institutuko ikasleei irakurri arazteko liburu bat, oso garbi dut hori. Liburuan azaltzen diren gai nagusiak, mendekotasuna eta idazleei buruzko literatura dira (azken hau literaturan asko egin den zerbait da, ofizioari buruzko istorio asko dago). Literaturari buruz asko dakien liburu-saltzaileari buruzko istorioarekin abiatzen da liburua; honek nobela bat idatzi nahi du, baina esaldi bat behar du abiatzeko. Berak uste du lehen esaldi hori aurkitu ezkero eleberri osoa segidan aterako zaiola. Goizero esnatzen da eta zain geratzen da, baina esaldi famatu hori ez da iristen. Bitartean, beste gauzak egiten ditu: hiztegi bat eta gizajoen bilduma.

Liburuan ez da bizkar hezur oinarrizkorik nagusitzen, agertzen eta desagertzen joaten diren istorio txikiez osaturik dago.

Istorioari bizkarrezurra falta zaio, bai. Badago moda bat orain berriz itzuli dena eta ni beti kontra izan nauena: istorio handiak eta solemneak behar dira literatura egiteko. Eta nobelan kontrako jarrera dago. Literatura ez dago urrea bezala lingotetan, pinportetan baizik, leku txikietan, eta hemen ere ez dago lingoterik, dena dira gauza txikiak, politak; ez dago ezer borobilik edo solemnerik. Badirudi kasu politikorik edo agoniarik gabe ezin dela literaturarik egin, eta hori gezurra da. Hori literatura mota bat da. Ricardo Pigliak esaten du estadurik gabeko territorio bakarra dela literatura, hau da, ez duzula inoren irudirik zaindu beharrik, ez diozula inori ezer zor, muga bakarra da irakurleak ez aspertzea. Hiruzpalau irakurle ditudala badakit, baina hortik kanpo irakurleak aspertu egiten ditudan sentsazioa dut.

Errealitatearen eta fikzioaren artean jolas egiten den bezala, liburuan literatur generoen nahasketa azaltzen da (nobela izanik, hiztegia eta enziklopedia ere sartzen dituzu).

Norbaitek pentsa dezake orain hibridoak modan daudela eta bide hori jarraitu dudala. Ez da  hori, gehiago da ikusten nuela  pertsonaiaren lan eskergak justifikatzen zuela hiztegia eta gizajoen bilduma liburuan sartzeak. Nahikoa hibridoa da autofikzioa bera, eta hemen asko agertzen da hori.

Formari begiratuta, ez dago zalantzarik beste inorekin nahastu ezinekoa dela zure literatura. Metaliteratura lantzen duzu: kontakizun nagusiaren osagarri gisa, literaturako pasadizo bitxiez osaturiko hiztegi moduko bat ere txertatu duzu liburuan, alfabetoaren ordena jarraituta. Istorio txikiak dira (“funtsik gabeko istorioen hiztegia”), baina pisua eman nahi izan diezu eleberrian.

Hiztegiak lan handia eman dit. Baina ez da nire materiala, besteena baizik. Idazleak erreziklatu egiten du, ez du asmatzen. Ez dugu orri txuri baten gainean idazten, baizik eta aurekoek idatzi dutenaren gainean. Hori bertsolariek egiten dute oso ondo, Joxe Agirrerengana zoaz eta momentuko kontakizunak erabiliko ditu, baina aurrekoek esandakoak erabilita. Hemen horrelako zerbait dago. Izen asko agertzen dira liburuko hiztegian. Irakurtzen dudanean anekdotak eta datuak biltzen joateko ohitura dut, eta horrela atera da hiztegi hau ere.

Parte hau lantzerakoan, neure buruari galdetu nion: zer da literaturari buruz trago bat hartuz konta daitekeena? Gehienak taberna batean kontatzeko moduko istorioak dira. Flauvert edo Magrisse sartzen baditut ez da haren literaturari buruz hitz egiteko, hari buruzko anekdota edo txorakeria bat kontatzeko baitzik. Istorio txikiak dira, arinak, eta autonomoak.

Hiztegiaz gain, gizajoen galeria deitu duzun anekdota edo pasadizo bitxi sorta jaso duzu.

Azken finean liburuaren gaia hori da, narratzailea gizajo bat sentitzen da, ni neu ere halaxe sentitzen naiz. Nobela beste baten kontakizunarekin hastea oso ideia ona iruditzen zitzaidan eta halaxe egin dut adibidez Romain Garyren istorioaren bidez.

Lehen parte honi, nik “zirriztuko narratiba” deitzen dudana egin dut, narratzaileak emaztea, alaba eta koinataren arteko harremana zeharkako modu batean jarraitzen du. Narratzaielak entzuten dituen esaldietatik asmatu egiten ditu gauzak, eta bitxia da baina gero hala gertatzen dira. Zergatik du enkantua gutxi entzun eta asmatzeak? Literatura azken finean zer da? errealitatea zirriztutik begiratzeko modu bat. Eta nire liburuan bai narratzaileak baita detektibeak ere horixe egiten dute, gelako zirriztutik entzuten denaren interpretazioa. Idazteko orduan honek indar handia ematen du.

Bigarren partean Kirmen Uribe idazlearen lanaren lapurretak hartzen du nobelaren pisua. Oraingoan ere zure lanetan ohikoa bihurtu den errekurtsoa erabili duzu, pertsona ezagunak, errealak, eleberrian sartzea alegia.

Argitaratu aurretik Kirmeni nobela bidali nion irakur zezan. Kirmen oso gizon eskuzabala da, eta harentzat ohore bat zela nire liburuan agertzea. Idazleen inguruko kondaira bat da jaso nahi izan dudana. Literatura jolasa da, eta Kirmen nobelan txertatuta horixe egin nahi izan dut, jolastu.

Hasieran narratzailea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren programa batean sartzen da, non 25 urte barru Nobel sari bat lortzea den helburu. Antzeko zerbait sortu beharko litzatekeela uste al duzu?

Liburuko programa hori ridikulua da, Suizako programa den bezala. EEBBetan oso ondo antolatuta dute idazleak sortzeko. Liburu txukun bat aterat ezkero han bidea egina duzu irakaskuntzatik bizitzeko. Hemen aldiz, izugarri gogorra da idazle eta musikarien zahartzaroa. Hemen bada jende bat institutuetan hitzaldiekin eta abar soldatatxo bat ateratzen duena, baina herrialde txikia gara eta zaila da hemen horrelako zerbait antolatzea. Pentsatzen jarrita, 700.000 gara euskaraz hitz egiten dugunak, horitik soziologo baten ikerketaren arabera irakurtzen dutenak 15.000-20.000, irakurtzen dutenak institutukoak dira, 10.000 bat; hor 5.000 bestelako irakurle geratzen dira, eta hor idazle kanonikoak kenduta  (Saizarbitoria, Atxaga eta abar), bigarren mailakoak 700 bat irakurlerekin geratzen gara.

Autofikzioaren molde muturrekoak praktikatzen dituen pertsonaia ere aurkituko dugu eleberriaren bigarren zatian, poeta gaztea hain zuzen. Alde horretatik, parte honetan autofikzioaren parodia egin nahi izan duzu?

Autofikzio mururrekoaren parodia egiten da, baina aldi berean generoaren elementuak erabiltzen dira: izen errealak (Kirmen Uribe, Joxean Agirre)… Nire asmoa zen protagonisten izenik gabeko nobela bat egitea, eta agertzen ziren lehen izenak errealak izatea. Pertsonaiei izenik ez jartzea ez da alferkeria kontua izan. Nire bizitzan ere arazoak ditut izenekin, asko ez ditut gogoratzen. Liburuan ere halaxe egin dut: alaba, emaztea, emaztearen ahizpa, emaztearen lagunak… kontaketa oso ondo doa hasieran horrela, kolpetik beste bi izen errealak agertzen diren arte (Kirmen, Agirre). Kirmenen pasadizoak, idazle ofizioarekin lotutako bildur batekin zerikusia du. Parodia bat egiten da manuskrito baten lapurretarekin. Eta amaitzen da menpekotasuna gainditzeko erreabilitazio zentru batean, Suitzan.

Bestalde, bizitzari buruzko sentimentu komiko bat ere badagoela esan liteke.

Nik sentsazioa dut editoreen ikuspegitik erakargarriagoak zaizkiela nobela agresiboak, realismo agresiboa. Nik drogak hartu izan banitu, edo gartzelan ez dakit zenbat urte eman izan banitu, errealismoa landuko nuke eta jendeak esango luke, “bazen garaia”. Baina bestela interesa galtzen duzun sentsazioa dut. Adinak ere asko egiten du; kontsumitzeko moduak asko aldatzen ari dira, eta idazle gazteek aukera gehiago dituzte: sare sozialak, rezitalak… eta uste dut gu bezalako jende zurruna ez dela hain interesgarria.

Egia da badagoela bizitzari buruzko sentimentu tragiko bat (heriotza…), baina badago baita ere sentimentu komiko bat baita ere; bizitzak baditu alderdi komikoak, ludikoak…  LIburu honetan komikotasuna tonuan eta ikuspuntuan agertzen dira, baina ez bakarrik gizajoen galería horretan, baizik eta baita ere komisarioak egiten dituen informeetan, ama eta alabaren arteko harreman bitxian, ea.

Bai narratazileak eta baita beste pertsonai gehienek bikote harreman nahiko dekadenteak dituzte. Beti ere, gizonezkoen ikuspegitik azaltzen zaizkigula esan daiteke.

Bai, hala da. Nik usted ut gizonezkoek euren burutik pasatzen dena kontatu behar dutela, nola ikusten duten mundua eta nola sentitzen duten. Matxismoa literaturan ez da existitzen; pertsonaiak libreak dira eta edozein kasutan literaturarekin izan dezakete konpromezu moral bat, baina egon daiteke nire nobela batean gizon bat nazkantea, matxista, eta pertsonai perfektua izan. Horrek ez du argudiorik ematen idazleari matxismoa egozteko.

Orain idazten ari naizen nobelan aldiz, emakumearen ahotsa nabamentzen da izugarri. Nire buruari demostratu nahi diot gai naizela.

Narratzaileak idazteari beldurra azaltzen du, idazten hasi eta eleberriaren barruan preso geratzekoa. Une jakin batean dio: “idazle baten gaitzik gogorrena ez da gehiago ezin idatzi izatea, utzi egin nahi eta ezin utzi izatea baizik”. Menpekotasun hori ezagutu al duzu zuk?

Ofizio gehienetan ez dago arazorik lan bat amaitu eta beste batekin hasteko; artisauak saski bat amaitu eta hurrengoarekin has daiteke segidan. Baina idazleen kasuan, nobela bat amaitu eta ez dago pertsona errukigarriagorik idazlea baino, ez duelako inolako ziurtasunik kapaz izango den ala ez jakiteko. Nik beldur hori lehen ez nuen bizitzen, orain bai, gero eta gehiago. Oraintxe ez nuke jakingo bizitzen idatzi gabe; idazketa gordeleku bihurtzen da. Nire buruari galdetzen diot, noiz etorriko da une hori, ez gai izatea txukun idazteko? 70 urterekin? Nik uste dut idazle askok arazoak dituztela uzteko. Menpekotasun handia dago, pasio bihurtzen da. Batzuetan obsesio. Liburuan gai hau landu nahi izan dut.

Zure burua ere txertatu duzu eleberriaren bigarren partean. Ez duzu Joxean Agirre idazleari buruzko oso irudi onik erakutsi… (“bigarren mailako idazle edadetua”, “ingurukoek bakarrik irakurtzen dutena”, “odolik gabeko testuak idazten ditu…”)

Adin batetik aurrera autorretratuak egiteko joera areagotu egiten da. Margolariek ere asko erabilitako errekurtso bat da, Rembrandt eta beste hainbat kasu. Nobelan Joxean Agirre sartzearena karikatura da, eta karikatura batean alderdi kaxkarrak nabarmentzeko joera dago. Une jakin batean Joxeanen zakilak zenbat neurtzen duen aipatzen da, beti komizidade baten barruan.

Argitaletxeen marketin kanpaina agresiboez hitz egiten da. Sistema literarioarekiko begirada zorrotza soma daiteke, sorkuntza bigarren mailan, espektakuluaren menpe utziz.

Houellebeq-ek adibidez bere buruaren bahiketa antolatu zuen, baita gauzatu ere. Batzutan pentsatzen dut, merkatuak nola funtzionatzen duen ikusita, liburuak saltzeko hilketaren bat edo antolatu beharko ez ote genukeen, prentsaren aurrean ikusgarritasuna lortzeko. Gu gizajo batzuk gara eta ez dugu hori egiten, baina beste batzuk egiten dute.

Zer duzu orain esku artean? Proiektu berririk bai?

Erritmo handiarekin hasiko den istorio bat idatzi nahian nabil. Honen kontrakoa erabat. Kasu honetan egitura eman nahi diot hasieratik, Gizaoen katalogoan ez bezala. Bi emakumek gizon baten inguruko istorioa kontatuko dute. Ez da originala, Philip Rothek, Coetzeek, idatzi izan dute honi buruz. Katalogoan ez nuen egiturarik sortu hasieran, menpekotasunari buruz hitz egin nahi nuela banekien, liburu bat idatzi ezinik zebilen pertsonaia baten inguruan, eta gaixotasuna gaindituko zuena. Istorio minimoa nuen soilik. Javier Maríasek ongi esplikatzen du berak ere ez duela tramarik izaten hasieran, mapa eta brujularekin doala istoria sortzen.  Baina auskalo, bi urte barru ze bide hartuko duen istorioak. Bi- hiru urte behar izaten ditut nobela bat idazteko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina