Jon Ariza de Miguel: “Interesgarria ez da pertsonaiari zer gertatzen zaion, baizik nola barneratzen duen”

Jon  Ariza  de  Miguel:    “Interesgarria  ez  da  pertsonaiari  zer  gertatzen  zaion,  baizik  nola  barneratzen  duen”

343_Ohe-hotzak_azala.jpgJon Ariza de MiguelJon Ariza de Miguelek Ohe hotzak eleberria kaleratu berri du. Egile berria da Ariza, nobela honen bitartez bere burua aurkeztu duena eta gurean ez dagoen ahots bat dakarrena: dotoreziaz eta sentiberatasunez jantzia, umoretsua eta sentsuala, kulturaren eta bizitzaren zaletasunak elkartzen dituena.

Lehenengo liburua duzu hau, baina ez zara gaztetxo hasiberria. Galdera bikoitza, hortaz: zergatik orain?, eta zertan ibili zara orain arte?

Nire ustez, idazteko kanpoaldeko kitzikapena behar du nire izaerak, argazkigintzan bezala. Norberaren hirian zaila izaten da argazkiak ateratzeko gogoak izatea, “argazkigarria” den ezer ez du batek ikusten paseatzerakoan, eta oporretan gaudenean edozein dendatxoren atariko lore-potoak merezi du argazkia… Kanpoan egon behar izan dut, beste baldintza batzuk gehituta, idazteko gogoa edo beharra suertatzeko…

Orain arte, bestalde, zertan ibili naizen? Ez idazten. Nire mundua azaldu beharrean, besteek nola mundua azaltzen zuten irakurtzen.

Euskal idazle gehienek erabiltzen dituzten erreferentzien aldean, beste eragin batzuk dituzula suma liteke. Hala dela esango zenuke? Nondik edan duzu literaturan?

Erreferentziak bi motatan bana daitezke, nolabait. Batetik, idatzitakoan aipatzen diren iturriak; eta bestetik, estiloan edo idazkeran eragina duten iturriak. Egia esan, euskal idazle gehienek zer-nolako erreferentziak dituzten ez dakit oso zehazki, aspaldian ezer gutxi irakurri baitut euskeraz, hainbat arrazoirengatik. Azken urteetako nire irakurraldiak nahiko eslaviarrak izan dira, Errok ondo asmatu duenez idatzitako hitzaurrean: Dostoievski, Gontxarov, Esenin, Gertzen, Lermontov, Erofeev…. Nahiz eta eleberrian aipatzen diren Russell eta Huxley betidanik oso gertu sentitu ditudan, ariman, beti.

Angel Erroren hitzaurrea aipatu duzunez, baduzu zerbait esateko horri buruz?

Beitu: negar egin nuen lehenengoz irakurtzerakoan, benetan, bertan liburu osoan erabiltzen ez den hitz bat dakarrelako pertsonaia deskribatzeko, aspaldian oso ondo ezagutzen nauen lagun batek neu izendatzeko zerabilena. Hitza zein den ez dut esango, jakina.

Letretatik kanpo ere, era askotako erreferentzia kulturalak ageri dira nobelan zehar…

Beno, erreferentzia kulturalak letren bitartez ere jasotzea badago, letrak munduaren isla diren heinean… Zaila da zehaztea zer erreferentzia hartzen dituen batek zuzenean, eta zer letren prismatik zehar. Nolabait, irakurtzen duenak, eta ez bakarrik idazten duenak, mundua letren prismarekin ikusteko ohitura barneratua dauka ziurrenik.

Gai eternal bat hartu duzu nobelarako, maitasun-adiskidetasun harremanak, baina ezohiko ikuspuntu batetik: bigarren aukeraren atze-aurreak jorratzen dituzu…

Gaur egun nonbait aspaldiko mugak eta definizioak, maitasuna eta adiskidetasunak diot, nahiko berrantolatu dira, eta lehen ez bezala maitasunei eta lagunei aukerak ematen zaizkie, bigarrengoak, hirugarrenak… Lehen ezkontza betirako kontratua zelako agian, edo agian lehen 40 urterekin hiltzen zen jende gehiena eta ez zuen astirik galdutako harremanetara bueltatzeko, eta guk bai.

Beteko gaituen harreman baten atzetik ibiltzea bezain halabeharrezkoa ematen du ase ezinik gelditzea.  Gizatasunaren ezaugarria ote da? Gure garaiarena?

Gizakiak ikasi behar du, bere buruari irakatsi, mugak ezartzen, daukanarekin ase izaten. Bai hartzen dituen oportokien distantziarekin, armairuan dituen kamixeta eta praka kopuruarekin, bai ateratzen dituen argazki kopuruarekin, bai harreman batetik espero duenarekin. Ez dut uste gure mendearen ezaugarri denik, baina agian objektu materialak lortzeko erraztasuna hainbeste handitu da azken hamarkadetan, ezen erraztasun hau giza harremanetara zabaltzen saiatzen ari garen….

Beste kultura bat eta bestelako ohiturak dituen lurraldean bizi da protagonista, eta kontraste horrek ere badu bere inportantzia…

Garrantzia dauka, bai, agian irakurlearentzat, toki berrien erakargarritasunagatik… Idazten duenarentzat, ordea, garrantzia baino gehiago abantaila izan dezake, tokiak eta gertakizunak asmatzea errazago egiten zaiolako, baina gertakizunak edo abenturak berdin-berdinak dira edonon, gizakia berdina den heinean.

Zure estiloa ez da abenturak eta ekintzak kontatzea, narratzailearen burutik pasatzen diren gogoetak agertzea baizik. Halaxe zeneukan erabakita idazten jarri aurretik?

Horretaz ari nintzen: interesgarria ez da pertsonaia non dagoen edo zer gertatzen zaion, ez gaude jada Los Hollister edo Los cinco edo El señor de los anillos irakurtzen, interesgarria da pertsonaiak nola hau guztia barneratzen duen eta nola bere izaerak erreakzionatzen duen. Aldez aurretik ezer ez da pentsatuta egon, dena den, aldez aurretik idatziko nuenik ere ez bainekien, kar kar kar.

Isilpean uzten duzu protagonistaren bizilekua, izena… Pertsonaien sexua bera ere ezezaguna zaigu.

Berriro ere honek ez duelako inolaz finkatzen pertsonaia interesgarria egiten duena, berdin zait neskak edo mutilak diren, edo zein izen daukaten… Honek ez du izaera moldatzen, oro har. Bizitokiak bai, jakina, moldatzen gaitu, ez gara ente abstraktuak, baina behin onartuta Europa barruko hiriren batean gaudela, identitate nazionalez edo margo folklorikoez haraindi, berdintsuak gara danok.

Seguru sexua definitu ez izanak LGTB munduari eginiko keinutzat hartuko dutela askok, baina asmoa ez da hori inolaz izan.

Ez dugu, beraz, LGTB literaturan sartuko eleberri hau?

LGTB literatura zer den ere ez dakit, edo uste dudana baldin bada, ez zait interesatzen. Pertsonaien sexualitateak, hots, jendeak berak berez aukeratu ez duen zeozerk, horrelako ezaugarri anekdotiko eta deterministak, ezin baitu sorrarazi literatura genero oso bat. Detektibeek bai, ekintzek definitzen dutelako eleberriaren izaera, bere generoa dute, baina gay edo lesbiana batek, gay edo lesbiana izateagatik, ez ditu ekintzak zehatz eta aldez aurretik zehazturik… eta eskerrak.

Liburuak badu hitzezkoa ez den osagarri artistikoa, marrazkiak.

Bai, argitaratu aurretik marrazki hauek egiteko interesa zuten hainbat lagun agertu zitzaizkidan, baina euskaraz zekien bakarrak egin zituen, oso gustu handiz nire ustez, liburuen ilustrazioen munduan inolako esperientziarik ez duen arren. Biok gara berriak mundu honetan.

Lehen liburu honen ondotik, baduzu besterik gogoan?

Bai, egia esan, proiektu bi dauzkat gogoan, eta saiatzen ari naiz aldez aurretik determinatzen nik irabaziko dudan proiektuok aurrera ateratzen, edo nire alferkeriak. Oso gertu daukat eleberrian aipaturiko Oblomov hura… Gertuegi! Agian hobe hola, literaturaren munduaren probetxurako, kar kar kar.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina