Eñaut Elorrieta: “Amildegitik botatzera bultzatu gaitu Falknerrek, baina egiaz ez zegoen amildegirik, lurra baizik. Hori da gure sentsazioa”

ken zazpi phoenicoperusken zazpiBost urte igaro dira Ken Zazpik kantu berriez osaturiko aurreko diskoa kaleratu zuenetik. Tartean, EOSekin grabatzeko aukera izan du Gernikako taldeak eta bakarkako lehen diskoa plazaratu du Eñaut Elorrieta abeslariak. Baina barne krisialdi bat ere ezagutu du taldeak, eta, haren ondorio, lumajea berritu duen hegaztiaren antzera azaltzen zaigu Phoenicoperus diskoan (Elkar/Argiak).

“Krisiak onak dira: hiltzen zaituzte, baina indar handiagoz jaiotzen zara asmatzen baduzu”, diozu Phoenicoperus aurkezteko bideoan. Hilda egon da Ken Zazpi? Zerk eragin zuen krisia taldean?

Heriotzarekin baino gehiago bikote-krisi batekin konparatuko nuke gertatutakoa. 20 urte daramatzagu elkarrekin. Kide bakoitza taldean birkokatzeko behar bat egon da, lan egiteko moduan biziotutako gauza batzuk zeuden, beharbada aurretik itxi gabeko zauri batzuk ere… Alderdi musikalean, kide bakoitzak bere gustuak eta influentziak ditu, ez dago talde bezala irizpide komun bat. Baina beti izan dugu gauzak berriak probatzeko eta kontrolatzen ez ditugun bideetatik tira egiteko kezka. Gure ibilbidean egon dira inflexio puntu batzuk: hirugarren diskoak, Gelditu da denbora-k, bidea egin zien gero Rafa Sardinarekin grabatutako diskoei (Argiak, Ortzemugak begietan), eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako diskoak beste inflexio puntu bat ekarri zuen. Oso esperientzia indartsua eta ederra izan zen olatuaren gainalde horretan sentitzea, baita gogorra ere. Orkestrako diskoa izan zen nolabait plater baten ostean ahoa garbitzeko edariren bat hartzea bezala; ezin ginen bueltatu Ortzemugak begietan-eko bidera, agortuta zegoela sentitzen genuen.

Disko hau sortzen hasi ginenean horrek denak gaina hartu zuen, eta blokeo egoera batean ibili ginen. Hitz egin, erabakiak hartu, haserretu, ate danbatekoak jo… eta lortu genuen horri buelta eman eta denok jartzea proiektuari begira lanean. Krisialditik ilusioz eta dena ematera atera gara.

Eta bere errautsetatik berpizten den hegaztiaren mitoarekin lotu zenuten diskoaren kontzeptua.

Ba omen da arrano espezie bat, 14-15 urterekin lumajearen gehiegizko pisuak hegan egitea eragizten diona, eta mokoa ere higatzen zaiona. Espezie horretako ale gehienak hil egiten dira horren ondorioz, baina badira bakan batzuk mokoarekin lumak banan-banan kentzen dituztenak, oso prozesu mingarrian, eta mokoa bera hormaren kontra joz erauzten dute. Moko eta lumaje berriarekin urte batzuk gehiago bizitzea lortzen dute.

Guri gertatutakotik haragoko irakurketak egiteko aukera ematen zigun fenix hegaztiaren mitoak, hiltzearen beharrezkotasunaz hitz egiteko, berriro jaio eta berriro bizitzeko, bai harreman pertsonaletan, bai musika talde batean, baita gizartean ere. Fenix hegaztiaren mitoaren bertsio nagusiak esaten du bere errausetatik sortu, azken hegaldi bat egin eta betirako alde egiten duela. Ez dakit hori gertatuko zaigun, baina aukera bat da. Disko honetarako batu gara, eta bira bat egingo dugu. Ikusiko dugu gero.

Musikalki, Deserriko kantak diskoak zubi lana egin du Ortzemugak begietan eta Phoenicoperus-en artean?

Nire kasuan bai. Disko horretan bide eman nion beste estetika musikal bati, inkontzienteki. Gitarrarekin konposatu nituen horko kantuak eta gero Ruben Caballero ezagutu nuen, bere mundu ikuskera ekarri zidan, gauza batzuk oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan… Beharbada bide horrek eragina izan du Riky Falknerren hautaketan. Noski, ez dauka zerikusirik Deserriko kantak-en bilatu nuenak orain Ken Zazpi egiten ari denarekin, nahiz eta eragin hori bai ikusten diodan. Disko horrek zabaldu zidan beste musika mundu baterako bidea, eta eragin dit. Agian nire bitartez kutsatu dut taldea.

Zer bilatzen zenuten Ricky Falkner ekoizlearengan?

Lanean serio jarduten duen pertsona bat izatearen erreferentzia genuen, harreman pertsonaletan ere erreferentzia onak genituen, eta bere kezka musikalak ezagututa, iruditzen zitzaigun lagundu ahal zigula nahi genuena bilatzen. Gidari bat nahi genuen, bere esperientzia eta gustuekin lagunduko ziguna guk hartu nahi genuen bidean esperimentatzen. Bartzelonan pare bat alditan bildu ginen berarekin, eta oso inportantea izan zen zer kezkak genituen azaltzea, zein momentutan geunden… Gehienbat, intuizioak genituen. Falknerrek ausartagoak izateko aukera eman digu, une batzuetan bere besoetan abandonatzeko aukera ere bai, eta esperimentazio bide horretan emaitzak azkarrago lortu ditugula uste dut.

Jende askok pentsatuko du Berri Txarraken diskoarengatik aukeratu duzuela Falkner.

Disko horretan zer lortu zuen ikusteak konfiantza eman zidan, baina gehiago izan zen tripak edo susmoak agindutako sentsazio bat, bide horretatik tipo honek lagunduko zigula. Inoiz ez dakizu estudioan zer gertatuko den, baina pasa ostean iruditzen zait intuizio onarekin jokatu genuela.

Azaldu didatenez, bere lan egiteko modua ez da ohikoa gurean: hemen aukera guztiak beti daude zabalik grabazioan, beti dago iritziz aldatzeko atea irekita; Falkner ordea, karpetak ixten eta aukerak baztertzen joaten da, eta behin erabaki bat hartuta ez du atzera begiratu nahi izaten.

Ni oso obsesiboa naiz, eta Falknerrek erabakiak hartzen ditu oso modu asertiboan. Hartutako erabakiei buelta gehiago ez emateko adierazten dizu. Ondo egiten du lan hori. Horrez gain, musikaria da, hainbat tresna jotzen ditu eta oso gustu ona du. Estudiora joan ginen inoiz ez bezala, kantuak irekita baina lokalean inoiz baino gehiago entseatuta. Aurreko diskoak askoz ere in vitro-agoak ziren, lokalean pro tools-arekin gauzak lotzera joaten ginen, grabazioan baxua eta bateria sartzen zirelako lehendabizi. Kantuak ez zuen sonatu behar oraindik. Hortik herren egiten genuen. Rickyrekin, lehen hamar egunetan kantak jo genituen. Kanta bakoitza 8-10 aldiz jo genuen, eta bera gauza ezberdinetan fijatzen zen, bilatzen zuen kantua ulertzea, ikustea zer nahi genuen eta zer bide zeuden, harik eta ontzat ematen zuen eta hurrengoarekin jarraitzen genuen. Produkzio lana lehen hamar egunetan egin zuen. Hortik hasita, guretzat lan egiteko modua ezberdina zen. Behartu gintuen lokalean kantua jotzera, baina mentalitate ireki batekin, edozein momentutan alda zitekeelako. Hala ere, konposizioaren aldetik lokalean bilatu genituen gauza berriak oso antzera gelditu dira diskoan. Bagindoazen norabide batean.

Falknerren eskua gehiegi nabarituko ote zen beldur zineten?

Ez. Nik gogoa neukan bera etorri eta eragiteko, eta ikasteko. Ahotsetan igarri dut nik. Kantu askotan ahotsa ia efekturik gabe dago, oso siku, eta hasieran oso gogorra egiten zitzaidan. Oso ohituta nengoen delay, reverb-ak erabiltzera… Ahotsak defektu gehiago ditu… baina Rickyk esaten zidan: “Gizonezko bat abesten entzun nahi dut”. Lehen egunetan inseguritateak hartu ninduen, baina gero nire kabuz egitera ausartuko ez nintzatekeen hainbat gauza egin ditut. Rickyri egiten utzi diogu, eta gugan eragin dezan utzi dugu. Bera kontzientea zen ahalegin bat egiten ari ginela, eta pozik zegoen horrekin. Amildegitik botatzera bultzatu gaitu Rickyk, baina egiaz ez zegoen amildegirik, lurra baizik. Hori da sentsazioa orokorra.

Beharbada diskoko lehen hiru kantuetan islatzen da ondoen Falknerrek taldearen soinuari emandako aire berria?

Beharbada bai. Baina Libre eta Oihu-loreak gehituko nituzke. Ken Zazpik gailur epiko eta emozionaletara iristeko bere tresnak zituen orain arte, gure modura bilatzen genuen un ehoriek sortzea. Aipatu ditudan bi kantuetan Falknerrek erakutsi digu hori egiteko beste modu bat, askoz minimalistagoa, eta desbarratzen duenean benetan desbarratzen du. Gu askoz metodikoagoak ginen. Libre kantua askoz rockeroagoa zen hasieran, Noizbait edo Nire lurrari estilokoa, distortsioarekin. Rickyk beste eremu batera eraman du. Entzulearentzat balada bat izango da, besterik ez, baina guretzat kantu hori nondik zetorren eta nora eraman duen ikusita, berezia da. Oihu-loreak-en outro-a egiteko ere, guk aplikatu genituen formula hautsi egin ditu Rickyk.

Esadazu eta Gerra dira gutxien eboluzionatu dutenak sortu genituenetik. Hasieratik lokalean funtzionatzen zuten, baina bazegoen intentzionalitatea eramateko beste leku batera. Debeku berrien zerrenda-k lotura du gure aurreko moldeekin, eragin anglosaxoiarekin. Saiatu ginen kutsu hori kentzen Rickyri eman aurretik, urteak daramatzagu bide horretatik atera nahian, baina Rickyri ikaragarri gustatu zitzaion, egin zizkion bere zerak, eta kantu horrekin oso gustura geratu naiz. Beharbada letra ere asko gustatzen zaidalako.

Kantu luzeak dira gehienak, bost minututik gorakoak.

Kantu bat egiten dugunean oso azkenean egoten da galdetzea zenbat irauten duen. Ez diogu garrantzirik ematen. Deserriko kantak diskoko lehen abestiak bederatzi minutu ditu, eta niretzat zentzua zuen horrela izateak. Disko honekin irratietarako single bat aukeratzeko lanak izan ditugu. Ez dakit defektu bat den —sei minututan esaten duguna hiru minutu eta erdietan esateko gaitasun eza— edo ez garen hainbeste mugatzen hiruzpalau minutuko iraupenera. Askatasun horrek dena den, badu bere alde positiboa.

Hainbat idazlerengana jo duzue letrak osatzeko: Harkaitz Cano, Lander Garro, Joseba Sarrionandia, Unai Iturriaga… Bizitza eta heriotzaren kontzeptuez gain, gatazka ageri da kantu gehienetan.

Gauzak gordin esateko nahi bat egon da. Erraietatik egindako zeozer dago diskoan. Harkaitz Canoren letra (Phoenicoperus) taldearen egoerari eta diskoaren kontzeptuari buruzkoa da, eta Libre da nik taldeari egindako kantu bat. Lander Garroren liburua [Gerra txikia] gustatu zitzaigun eta gerraren inguruko letra bat eskatu genion. Unai Iturriagaren kasuan (Big Bang), iruditzen zitzaidan egin zitekeela kantu jolasti bat, ildo nagusiarekin apurtzen zuena. Unaik badu puntu basatia, gordina, zirikatzailea… eta kantu hori sexuarekin lotzen nuen, larru-jotze bat ikusten nuen, baina ez esplizitoa, kosmikoa baizik, sentsuala, iradokitzailea.

Joseba Sarrionandiari melodia pasa genion, azaldu nion taldeak zein kezka zituen disko honetan, baina berak erabaki zuen mozal legeaz idaztea, kezka horrekin zebilen. Ondorioz, kantua moldatu behar izan genuen pixka bat, narratiboago bihurtu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina