“Kixotenean” erreportaje-liburuarentzat Rikardo Arregi saria

Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriaren Kixotenean (Elkar, 2016)

Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriaren Kixotenean erreportaje-liburuak Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso berri du. Andoaingo Udalak antolatzen du saria, herriko seme zuen kazetariaren omenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Iazko udazkenean ikusi zuen argia Astiz eta Mutuberriak kaleratutako lan honek Elkar argitaletxearen eskutik. Kixote liburuaren 4. mendeurrena zela-eta, Mantxara bidaian abiatu zen Iñigo Astiz kazetari nafarra, eta erreportaje sail bat ondu zuen, bidaia-kronikaren eta saiakeraren artean dagoen gogoeta-sorta. Egileak berak dioen moduan, “Kixotek gurutzatutako lurrak gurutzatzea izan da helburua, eta, literatura modernoaren iturburu nagusietariko bateraino heltzen saiatzerakoan, bidean ezinbestean korapilatuz joaten dira literatura eta errealitatea. Kaleak eta liburuak, historia eta kondaira, errealitatea eta fikzioa, bi plano horiek uztartzen diren puntu zehatz horren bila egindako bidaia bat kontatzen du eskutan duzun lanak”.

Liburu hau osatzeko orduan, hasierako erreportaje sorta berridatzi zuen, kapitulu berriren bat asmatu, eta atal berriak sortu, kapitulu guztiak aberasteko. Horrez gain, azpimarratzekoa da Maite Mutuberria ilustratzailearen lana, sentiberatasunez eta sujerentziaz betea, testuaren paraleloan doan beste irakurketa bat proposatzen diguna.

Sorkuntza paregabetzat” jo du lana epaimahaiak. 

 

 

 

Arregi sarietako  sari nagusia Goiena telebistako Kulturrizketak saioak jaso du “saio borobila” egiteagatik. Kazetari Berria saria hutsik utzi dute, lehen aldiz “oso lan gutxi” aurkeztu dituztelako eta aurkeztutako jasotakoak ez direlako iritsi sariek exijitzen duten mailara. Aurten, aipamen bereziak banatu dituzte: batetik, Noticias taldearen Ortzadar gehigarria, hogeigarren urteurrena bete duenez gero; bestetik, Eguna egunerokoa saritu dute, aurten 80 urte baitira kazeta sortu zutela.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin