Mikel Ayllon XVI. Igartza Sariaren irabazlea

Mikel AyllonMikel Ayllon izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamasei urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hogeita bost proiektu aurkeztu dira, eta “Ez tiro egin anbulantziei” izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Mikel Ayllon izan da, Laudion 1980an jaioa. Kazetari-lanetan aritu izan da, Hala Bedi irratian eta Gara-ren gazte gehigarrian, besteak beste. Aurretik liburu bat du argitaratua, “Gerezi gorrien garaia”, Euskal Herriko gazte mugimenduari buruzko saiakera, Paul Asensiorekin batera idatzia. Oraingoan, berriz, nobela bat egiteko asmoa du, teknikaz ausarta, denbora kronologikoa irauli eta atzekoz aurrera kontatzen baitu istorioa, kartzela, misterioa eta maitasuna nahasten dituena. Ondo bidean 2014 urte hasieran kaleratuko da liburua.

 

 

 

Mikel Ayllon, amaitzen ari den garaiaz eta irekiko diren
bidezidor berriez

Zer kontatzen du “Ez tiro egin anbulantziei” nobelak?

Nobela garaikide bat dela esango nuke beste ezer baino lehen. Aski gauza argia da garai baten amaiera bizi dugula: orain arte izan dugun munduari begiratzeko manerak krisi argia bizi du, eta errealitateak geroz eta arrakala gehiago ditu. Horren gainean hausnarketa egin nahi du liburuak, amaitzen ari den garai baten inguruan eta irekiko diren bidezidor berrien inguruan.

Gerard eta Silvye dute izena pertsonaia nagusiek; lekuaren arroztasuna ala nonahikotasuna azpimarratzearren?

Hala da, bai. Asko hitz egiten da gurean ziklo baten amaieraz, baina hori ez da guri soilik eragiten digun kontua. Gure mendebalde honen zutoinak geroz eta urratuago daude arlo guztietan, eta hori da liburuaren hausnarketagaia. Distantzia hartu nahi izan dut pertsonaiekin, kontatzen den istorioa gurean edo beste edozein lekutan gertatu daitekeelako.

Eta zertaz hitz egiten du garai amaiera honek?

Hiru zutabe nagusi ditu kontakizunak. Garai baten amaieraz hitz egiteko, betiereko hiru gai unibertsal erabili nahi izan ditut: askatasuna, heriotza eta maitasuna. Historian zehar beti presente egon diren gaiak dira, eta, zalantzarik gabe, presente egoten jarraituko dute aurretik ditugun garai berrietan ere. Horregatik tresna ezin hobeak dira gaur eguneko errealitatea zalantzan jarri eta etorkizuneko ziurtasunak zirriborratzen hasteko.

Hiru parte eta hiru gai nagusi horiek berezitasun garrantzizko bat dute, ordea: denboran atzekoz aurrera kontatuta dagoela. Esperimentu hutsagatik, ala badago beste arrazoirik?

Bi dira horren arrazoi nagusiak. Batetik, denbora ulertzeko modu lineal klasikoa eta horri ematen diogun garrantzia ere urratzen ari den errealitatearen parte dira. Horregatik, jolas egin nahi izan dut horrekin, lerro zuzena alderantzizkatu, eta horrela, irakurlea behartu, gauzei beste modu batera begiratu diezaien. Bestetik, pertsonak iraganean egindako hautuengatik epaitzeko ohitura oso zabalduta dago, eta horrek mugatu egiten du gutako bakoitzak une jakin batean izan dezakeen potentzialitatea. Nire pertsonaiak iraganaren zama horretatik libratu nahi izan ditut.

Lehen partea, askatasunaz diharduena, espetxean dago girotua. Zuk zeuk ezagututako lekua; zure esperientzian oinarritu zara honakoa kontatzeko?

Beste euskaldun asko bezala, kartzela ezagututakoa naiz ni ere. Hamabi urte joan dira ordutik, baina oraindik oso presente ditut bertan bizi izandakoak, ez baitira erraz ahaztekoak. Liburuaren lehenengo pasartea kartzelan nengoela etorri zitzaidan burura, han bizitako sentipenak askatasunaren inguruan hausnartzeko tresna bikainak iruditu baitzitzaizkidan. Gure literaturan asko hitz egin da kartzelaz eta euskaldunez, eta nik ariketa egin nahi nuen hortik ere apur bat urruntzeko. Bada euskaldunen bat nobela honetako kartzelan (kartzela gutxi egongo direlako euskaldun bat barruan ez dutenak), baina ikuspegi orokorrago bat eskaini nahi izan diot, gure gatazkatik urrundua.

Bai teknika narratiboz eta bai landutako gaiz konplexua dirudi nobelak. Erronka horri heltzeko gogoz zaude? Azpian sarerik bai, eroriz gero?

Liburu konplexua da, horretan ez dago zalantzarik. Teknika narratibo desberdin ugari erabiliko ditut, denbora bihurrituko dut, pertsonaiek ere tolesdura eta zimur ugari izango dituzte, baina hala ere, liburu hurbila dela esango nuke. Egunero denok bizi ditugun kezkak izango ditu hizpide eta edonoren errealitatean oso presente dauden hiru sare ditut lurrera ez erortzeko: askatasuna, heriotza eta maitasuna.

Ze irakurle mota imajinatzen duzu?

Izugarri kostatzen zait idaztea, denak egon behar du bere lekuan eta esaldi bakoitzak bikaina izan behar du. Hartara, irakurleari ere ahalegin txiki bat egiteko eskatu nahiko nioke. Irakur dezala patxadaz eta sartu dadila beldur barik marraztu dizkiodan bideetan. Nahiko nuke edozeinek irakurtzeko moduko liburua izatea, eta bakoitzak aukeratzea bide bat ala gehiago ibili nahi dituen. Eta liburua osorik irakurri eta itxi ondoren, barruan inarrosia sentitzea.

Eta zu, ze irakurle mota zara?

Izugarri maite dut irakurtzea, eta hausnarketarako bidea ematen didaten liburuak ditut gustukoen. Idazle konprometituek erakartzen dute nire arreta, irakurlearekin konprometituta dauden horiek, niri zerbait kontatzeko ahalegina egiten dutenek, bere istorioaren bidez, gehiago ala gutxiago, aldarazi nahi nautenek. Liburua irakurri ondoren barruan zerbaitek krak egin dizula eta ez zarela gehiago liburua irakurtzen hasi zen pertsona hura sentitzea ikaragarria da. Ildo horretatik, poeten lana iruditzen zait bereziki miresgarria.

Amaitzeko, zergatik izenburu hori?

Frantsesek erabiltzen duten “tirer sur l’ambulance” esamoldean du jatorria. Garai aldaketetan, denak okerrera egiteko aukerak handiak izaten dira. Dena egin daiteke ilundu, zurrundu, eta bidea sastrakaz beteko zaigu. Itxaropenari eustea garrantzitsua izaten da halakoetan, eta presente izatea liburuko pertsonaietako baten esana: “zer gerta ere, ez tiro egin anbulantziei”. Azkena litzateke hori, amaiera. Ez hanka ez buru tiroka hasi aurretik, arnasa sakon hartu, eta berriro bideari ekin beharko genioke.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina