Miren Amurizaren proposamena – Atsekabe zaitut

Liburu batekin bidaia bat oparitu dezakezu, hausnarketarako bidea zabaldu edo norbaiten sentimendu gorderen bat iratzarri. Liburu bat gauza asko dira. Niri Atsekabe zaitut erregalatu zidanak, Bilbo zaharraren mapetan Katu Kale aurkitzeko grina piztu zidan.

Beste gauza asko bezala, liburu batek ere begiradaren galbahea igaro beharra dauka baldin eta irakurlearen gogoaren zirrikituren batera iritsiko bada. Eskuartean hartu bezain laster, azalaren goitik beherako azterketa egin ohi dut neuk ere:  Atsekabe zaitut hizki handiz. Neskatila bat kokorrotuta horma kontra batean; masail gorri, ezpain gorri, alu gorri, atzazkal gorri… Zerk atsekabetu ote du? Neskaren eskuak oraturik, katu gris bat; buztana zut, begirada berde, begirada eme… Azalari erreparatu ondoren, badut ohitura berezi bat; kontakizunaren lehenengo eta azkenengo hitzak irakurtzea hain zuzen ere:  Botilaren eta bakea. Istorioari hari bat bailitzan mutur bietatik eldu, eta tarteko korapiloek nondik nora eramango ote nauten imaginatzen dut orduan. Ez maite, ez gorroto, ez desio; Atsekabe zaitut eta Botilaren bakea. Atsekabea, botila, mozkorraldia, biharamuna, bakea… Jakinmina pizturik nobelaren bihotzeraino iristeko prest.

Liburua ireki orduko dator lehen ezustekoa: marrazki bat! Ez dakit literaturaren idatzi gabeko arauren batek aipatuko duen, baina sarri pentsatu izan dut adin batetik gorako irakurleei zuzendutako narrazioak zergatik egongo ez ote diren irudiz beterik. Lehen begiratuan deigarri egin zitzaidan eleberri hau, eta orrialde batetik bestera joan ahala geroz eta gustorago ibili nintzen Katu Kale-n barrena galduta.

Irati Jimenezen hitzak eta Iratz Inziarteren irudiak gidari hartuta, kontakizun berezi batean sartzeko aukera eskeintzen du nobela honek. Errealiatea eta fikzioa Bilboko San Anton zubian gurutzatzen dira istorioan zehar, eta Irati Jimenezek etengabe eramango du irakurlea alde batetik bestera; sarritan mutur bien arteko muga lauso bezain berezi horretan pausatuko delarik. Sentimendu, leku edo gauza berbera oso ezberdina izan daiteke nondik begiratzen zaion. Orrialde hauetan bakardadea, beldurra, damua, desilusioa eta atsekabea bezalako sentipen ilunak ageri zaizkigu batetik; desiraren gorritasuna bestetik. Bizipen guzti horien menpeko diren Eme eta Hamar protagonisten bidez, oso modu originalean kontatzen du Irati Jimenezek nola miseriak poza erakusten digun.

Jadanik Katu Kaletik urrun ibili arren,  Atsekabe zaitut irakurri ondoren oso bestela begiratzen diet katu beltzei.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina