Udaberriko Elkar argitaletxeko nobedadeak

  HELDUENTZAKO LITERATURA

Gaueko-zaintzailea_AZALA.jpg

Gaueko zaintzaileaJulen Belamuno
Nobela
Aurkezpena: otsailak 17

Lantegi bateko gaueko zaintzaile batek gaur du azken laneguna, eta lantokiaren txoko eta bazterrak miatzeaz batera bere bizitzaren errepasoa egiten du, bizimodu monotono eta gris batean ezkutaturiko misterioak ere argira ekarriz.

 

hauts haietatik

Hauts haietatik (Igartza Saria) – Unai Villena
Nobela
Aurkezpena: martxoak 17

Gazte ausart eta bizizale baten gainbehera, drogaren, desintoxikazio zentroen eta psikiatrikoen zurrunbiloan. Gaitz mentalen estigma sozialaren eta psikiatrikoen salaketa dugu batetik, adiskidetasunaren eta bizitzaren laudorioa, bestetik.


Gizajoen katalogoa
Joxean Agirre
Nobela
Aurkezpena: apirilak

Literatura-tailer bateko ikasle gizonezko heldua, irakasle emakumezko ederraren maitasuna lortzearren, eleberri bat idazten hasiko da, bera bezalako gizajoen pasadizoak bilduz, eta argumentu bat sortu ezinik, autofikzioaren bidezidorretan abiatuko da. Sentsualtasuna eta metaliteratura, parodiaraino eramanak.

Ohe hotzak – Jon Ariza de Miguel
Nobela
Aurkezpena: maiatza

Aspaldiko lagun baten gutuna, eta etxera etortzeko gonbita: adiskidetasuna baino gehiago izan zen zerbait berriz hartzeko aukerari helduko dio kontatzaileak, baina komunikazioa beti da konplikatua, edo guk geuk konplikatzen dugu agian. Giza harremanei buruzko eleberri intelijente eta sentibera.

ATEKO BANDAN

FotogramakGoiatz Labandibar
Ipuinak

Aurkezpena: apirila

Hamaika istorio desberdin (hamar + bat), argazki banatatik jaioak, fotografoaren begirada idazlearen akuilu bihurturik, eta idazlearen begirada, era berean, irakurlearen pizgarri.

IPARLUMA

sortzearen eztandakSortzearen eztandakXabier Soubelet “Xubiltz”
Nobela
Aurkezpena: martxoa

Eleberri batean, kreazionismoa eta eboluzionismoa parez pare ezartzea ez da txantxetako afera, are gehiago, umorezko probokazione batez, bat bestearentzat aurkari amorratuak direnei irriño bat egitea. Alde batetik, Darwin eta bere zerbitzari fedegabeak, bestetik Jainkoa eta bere morroi leialak, eta itxurazko guduka bortitz horren erdian, “Sortzearen eztandak” munduaren kreazioaren galderara nolazpait hurbiltzen da, bakoitzak dituen kontraesanak azpimarratuz.

Manex Pagola. Kantugintza (1958-1985) eta kantu ezagunak (1958-2015) – Manex Pagola
Lekukotasuna
Aurkezpena: martxoa

Badu orain 50 urte Manex Pagola kantuz hasi zela. Ibilbide luze horri begirada emanez, kantuz kantu obra horiek noiz, nola eta zer testuingurutan idatzi zituen kondatzen du liburu horretan. Liburuak 20 kantako CD bat ere dakar, Manexek berak sortu eta kantaturik. “99 kantu” liburuxkan, Jo Maris moldatzaileak bezainbeste kanturen transkripzioak idatzi ditu, partizio horiek kantu eskoletan edo abesbatzetan erabili ahal izateko.

eta galtzen bagara zer

Eta galtzen bagera zer? – Egoitz Zelaia
Ipuin bilduma
Aurkezpena: martxoa

Gazteluma bekaren 8. edizioko irabazlea izan da Eta galtzen bagara zer? Ipuin bilduma.

Egoitz Zelaia bertsolaritza munduan ari da batez ere eta bertso eskolako erakasle da ofizioz. Irrati eta idatzizko kazeta andana bateko kolaboratzaile da, artikulu frango idatzi izan ditu ere, baina hau bere lehen liburua da.

POESIA

Hau ez da poesia_AZALA.indd

Hau ez da poesia – Unai Maleski
Poesia
Aurkezpena: otsaila bukaera

Unai Abarzuza iruñearrak bere lehen liburua kaleratuko du: ironiaz beteriko poesia, hainbat gairen inguruan: poesia idazteko ezina, maitasuna, euskaltasuna…

 

Argia – Peru Magdalena
Poesia
Aurkezpena: maiatza

Bizitzaren gorazarre eta aldarrikapen bat, den guztiaren bategite sentipen batetik sortua, panteismo mistikoa eta hedonismo hordigarria elkartu balira bezala.

URREZKO BIBLIOTEKA

Bidaia sentimentala – Laurence Sterne. Itzulpena: Josu Barambones
Nobela

XVII. mendeko idazle inportanteenetakoa da Laurence Sterne, literatura ingelesean berebiziko autorea, eta hauxe da (Tristram Shandy-rekin batean) bere libururik garrantzitsuena. Europan barrena egindako txango bat kontatzen du egileak, baina mamitsuena, nobelan, ez da bidaian zehar ikusitakoa edo bizi izandakoa, ezpada abentura horiek nola kontatzen dituen, estilo subjektibo, ironiko eta sentimental batean, literatura modernoaren aurrekari.

EZTABAIDA

txillardegiren borroka abertzaleaTxillardegiren borroka abertzaleaPako Sudupe
Saiakera

Txillardegi izan daiteke XX. mendearen 2. erdiko Euskal Herrian eragin sakonena izan duen pertsona, eta haren ekarria xeheki aztertu du Pako Sudupek: hainbat gairen inguruan izandako jarrera batetik (arraza, hizkuntza, klasea, bortxa…) eta bizitzan zehar egindako ibilbidea bestetik (Ekin, ETA, ESB, HB, Aralar, ANV…)

Aurkezpena: martxoa

HAURRENTZAKO LITERATURA

LUR ETA AMETS. EUSKAL HERRIAREN HISTORIA

Zazpi kaleetako eskola (+ 6 urte) – Uxue AlberdiPatxi Peláez
Ipuina 

XIX. mendearen amaieran bizi-bizi dago Bilbo eta, Atxuriko eskolarako bidean, kaleko harrabotsak Lur eta Ametsen jakin-mina areagotu egin du. Aspaldi honetan ohartuta daude amona Anderek arazoak dituela tabako-fabrikan; piper egin eta amonari laguntzera joatea erabakitzen dute. Langileriaren bizimodua eta garaiko bidegabekeriak gertutik ezagutuko dituzte bertan.

Ikastola armairu barruan (+ 6 urte) – Uxue AlberdiPatxi Peláez
Ipuina

Amona Anderek Donostiara itzultzea erabaki du Lur eta Ametsekin, Francoren diktaduraren ondorioz, urteak Saran igaro ondoren. Ihes egin aurretiko bizimodua berreskuratu nahi du. Andereñoa zen Donostian, haurrei eskola ematen zien. Donostiara itzultzean zenbait trikimailu asmatu beharko dute ikastola martxan jartzeko.

Martxa eta borroka! (+ 6 urte) – Uxue Alberdi / Patxi Peláez
Ipuina

Felixek, Lur eta Ametsen lehengusuak, soldaduskara joateko gutuna jaso du. Haserre dago. Protesta egiteko asmoz irtengo da kalera Lur eta Ametsekin. Ustekabean, ordea, sekulako euri-zaparrada hasiko da, uholde bihurtuko dena. Herriko gaztetxea ere urak hartuko du. Musika, halere, ez da faltako.

KUKU

Sagarraren misterioa (8-12 urte) – Paddy Rekalde / Belatz
Ipuina

Garik, gau batez, sagar ibiltari bat ikusi du etxe aurreko zelaian, txabola batetik irten eta basoan ezkutatzen. Hori ezinezkoa delakoan, galdezka hasi da: gurasoei, neba-arrebei, aitona-amonei; inork ez dio sinesten, ez aintzat hartzen, baina Garik ez du etsiko, eta ikertzen jarraituko du bere kasa, gau osoan lo egin gabe egon behar badu ere.

BATELA

Giosepporen sudurra – (0-8 urte) Pello Añorga / Mikel Valverde
Ipuina

Gioseppo oso zapatari serioa zen. Halako batean, grano bat atera zaio sudurraren puntan, bitxi-bitxia: pinportatxoa. Beldurtu eta ospitalera joango da, eta medikuak esango dio tumore bat atera zaiola, tumore on bat. Handik aurrera, bere sudurrarekin ospitaleko haurrak alaituko ditu.

Paxkalin – (0-8 urte) Castillo Suarez / Eider Eibar
Ipuina

Bisoi mutur-zuri bat da Paxkalin, ondoko herrira zirkua datorrela-eta hura ikusi nahi lukeena; hara iristeko errepidea gurutzatu behar, ordea, eta aitak ez dio uzten bakarrik joaten. Nork lagunduko dio Paxkalini?

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS

PLAZAIPUINAK

Amalur (0-8 urte)- Miren Amuriza / Julen Tokero
Ipuina

Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Marimo bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Gaur baserriko lanetan lagunduko diote denek Ilargiri, haurdun dago eta. Laster jaioko da umetxoa.

XAGUXAR

Lehen hegaldia (+ 12 urte) J. M. Olaizola “Txiliku” / Aritz Eiguren
Ipuina

Amona Blasi eta Alaitz bere bilobaren arteko istorio harrigarria jasotzen du ipuin honek. Amonaren etxean katu arraro bat agertzearekin batera hasiko da abentura; izan ere, etxetik urruti, ustekabeko bidaia bat egitera behartuko ditu Pitxi lagun berriak: Hungariara.

Txokolatezkoa izan nahiko nuke (+ 8 urte)Alaine Agirre / Leire Salaberria
Ipuina

Mikeli arreba txiki bat ekarri behar diote gurasoek: Naia, Afrikatik datorren haurra, txokolatea bezain beltza. Mikel pozik dago batetik, baina bestetik ikusten du inork ez diola jaramonik egiten, denen arreta eta mimoak Naiarentzat direla-eta. Zer egingo du orduan Mikelek.

Istoriorik gabeko ipuin istorioduna (+ 12 urte)Iñaki Arranz / Concetta Probanza
Ipuina

Liburu guztiz desberdina, irakurri gabe deskribatu ezin dena. Izan ere, ipuin honek ez du istoriorik; ala bai? Zerorrek deskubritu beharko duzu bere orrietan sartuta.

TAPPER BIKIAK

Tapper bikiak New York astintzen (12-16 urte)- Geoff Rodkey. Itzul.: Danele Sarriugarte
Nobela

Tapper bikiak sail arrakastatsuari jarraipena emango dion bigarren liburua da hau. Anaia-arrebak New York-era joango dira oraingo honetan eta hankaz gora jarriko dute hiria.

TAUPADAK

Elurra ez da inoiz amaitzen (12-16 urte)- Agustín Fernández Paz. Itzul.: Xabier Aranburu
Nobela

Gidoilari talde bat elkartuko da mendiko etxe aldendu batean telebistarako eskatu dieten proiektu bat aurrera ateratzeko: beldurrezko istorioak jasotzen dituen hamahiru ataletako gidoia. Ez dute ezer asmatu behar izango egiazko beldurra zer den jakiteko, euren azalean biziko baitute.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina