Xabier Etxeberria – Udazkeneko lorea

 

 
Xabier Etxeberria: “Udazkeneko lorea eleberri triangularra da”

Xabier Etxeberria Garro (Zarautz, 1974) ezaguna da euskal literaturan. Urteak daramatza bere anaia Martinekin haurrentzako zein helduentzako liburuak kaleratzen. Hala ere, bakarka idazten ere eskarmentua du. 2001ean Egun denak ez dira berdin eleberria argitaratu zuen. Oraingo honetan, helduentzako beste nobela batekin datorkigu zarauztarra: Udazkeneko lorea.

Bakarka argitaratzen duzun bigarren lana da Udazkeneko lorea. Besteak zure anaia Martinekin kaleratu dituzu. Nolatan berriro bakarrik idaztearen ideia?
Gure azken eleberria Arrain abisalak bukatu eta gero, elkarri opor txiki batzuk eman behar genizkiola erabaki genuen, bakoitzak bakarka genituen proiektuei heldu ahal izateko. Martinek olerki liburu bat atera zuen iaz (Zakurraren poema eta beste hezur batzuk, Elkar) eta nik aspalditik buruan neukan istorio honi ekin nion. Dibortzioa ondo etorri zaigula esango nuke, elkarren atseden pixka bat hartzeko. Aurrerantzean berriz elkarrekin idazteko proiektuak ere baditugu hala ere.

 

Zer gai ibili duzu buruan eleberri hau idaztean?
Batez ere, gertuko pertsonen arteko harremanei buruz ari da eleberri hau. Hiru istoriok osatzen dute eleberria, eta bakoitzean erlazio ezberdin bat kontatu nahi izan dut: bikoteko harremana, ama-alaben arteko harremana eta ahizpen arteko harremana. Istorio bakoitzak, gero, argumentu eta tonu propioak ditu (komikoagoa bat, tragikoagoak edo ilunagoak besteak) baina oinarrian gauza antzekoa dute hiruek: gertu dugun edota egunero ikusten dugun pertsona horrekiko harreman “normala”, zein konplikatua izan daitekeen batzuetan.

 Zer dute oinarrian zure istorioko hiru pertsonaiek?
Arrazoi ezberdinengatik, baina hiru pertsonai protagonistek sekretu bana gordetzen dute. Une jakin batean gezurra esan ondoren, ustekabean konplikatu egiten zaie dena. Edozein harremanetan sarri gertatzen den kontua dela iruditzen zait eta gustuko nuen pertsonaiak ataka txar horretan ipintzea, horrelako egoera baten aurrean bakoitzak nola jokatuko genukeen erakusteko.

Hasiera batean pertsonaia bakoitza istorio baten parte da, baina kontakizunak bakoitza aurrera doan bezala, elkarrekin erlazionatzen dira. Hori nolatan?
Ez dakit lortu dudan, baina kontakizunak bata bestearekin korapilatzen ahalegindu naiz bai. Hiru istorioak aparte ere irakurri daitezkeen arren, atal batean pertsonaia nagusia dena, beste atalean bigarren mailako bezala ere agertzen da. Honek, pertsonaia bakoitzaren jokaera eta gertakizun batzuk azaltzeko klabeak zeharka emateko aukera eskaintzen zidan eta, jolas gisa, niri behintzat gustatu zait. Alde horretatik, ez dakit biribila den, baina eleberria triangularra dela esan daiteke.

Pertsonai bakoitzak bere “udazkeneko lorea” duela esan genezake?
Izenburua irratian botaniko bati behin entzundako esaldi batetik dator, “pentsamendua udazkeneko lorea da”. Loreaz ari zen, noski, baina esaldia nahikoa poetikoa geratzen zen eta gustatu zitzaidan. Eleberrian, hitz horiexek entzuten ditu Mikelek autoan doanean eta denboraren joanaz, alferrik galtzen uzten ditugun aukerez eta abar hausnartzeko aitzakia ematen dio. Naroaren kasuan ez hainbeste agian, baina Luciarekin ere inflexio puntu hori badagoela uste dut eta, kontakizunaren bukaeran, ustekabeko bat “loratzeko” bidea ematen duela.

Eleberri hau “zure udazkeneko lore bat” al da?
Bakarka idatzi nuen lehen eleberritik (“Egun denak ez dira berdin” 2001) hamar urte eta hiru alaba beranduago atera dut honako hau eta, jakina, nahikoa aldatu naizela uste dut. Eleberriko protagonisten tankeran, neroni ere “kuarentena”ra iristeko mugan nagoenez, derrigorrean, denboraren pasaerak uzten dizun nostalgia puntu bat antzemango da agian, ez dakit. Bizitzaren kontu guztietan positiboa izaten saiatzen naiz ni hala ere, konbentzitua bainago horretan ere saiatzeak baduela bere garrantzia. Esku artean proiektu berriak izaten ahalegintzen naiz horregatik, eta atzera baino aurrera gehiago begiratzen.

Enbidia, jeloskortasuna, zahartzaroa, etab. lantzen dituzu liburuan zehar.
Harremanei buruz hitz egiten du batez ere liburuak eta, jakina, zuk esan dituzun horiek ere derrigorrean azaltzen dira. Arazoak dituzten harremanak jarri ditut paperean gainera, ez erlazio idealak: infidelitatea bikote harreman batean, elkarri inbidia dioten bi ahizpa eta ama gaixo bezain zakar bat zaintzen duen alaba. Horrez gain, hiru pertsonaia protagonistak berrogei urteak betetzeko muga horretan daude eta horrek ere zer esana du eleberriaren argumentuan eta, nolabait, tonuan.

Esan ezin direnei edo esatea komeni ez direnei buruz hitz egin nahi izan diguzula uste dugu. “Gezurra egiaren aurpegietako bat” dela uste duzu zuk ere?
Gezurra, zalantzarik gabe, gure eguneroko harremanen parte bat da. Gezur txikiak edo handiak, arinak edo grabeak, baina, azken batean, egi-egiak ez direnak guztiok esaten ditugu gure bizimoduan egunero. Eta, iruditzen zait, neurri batean beharrezkoak ere izango direla. %100 purua den ura gure gorputzarentzat kaltegarria den bezala, %100eko sintzeritatea, pornografikoa izateaz gain, kaltegarria ere izan liteke seguruena harremanetarako. Zure bikoteari, esate baterako, ezkontza batera joan behar eta, goizean ile-apaindegian egundoko triskantza egin badiote, zer esango diozu, “Ikaragarri itsusi utzi zaituzte” edo “Ondo zaude, goazen ezkontzara ondo pasatzera”? Bestetik, egia ez den guztia ez da derrigorrez faltsua edo txarra ere. Literatura, adibidez, zer da ba?

Sekretuak aipatzen direnean, normalean tragedia handia irudikatu ohi dugu amaieran. Zuk berriz, amaiera positiboa eman diozu liburuari.
Nire joera da seguruena gauzak umore puntuarekin edo alde onetik begiratzearena. Eleberrian ere hori islatzen da, Mikelek protagonizatzen duen hari nagusian batez ere, nire “alter ego”a dela esan baitaiteke. Edozein modutan, hiru istorioetan, pertsonaia nagusiek sekretu bana dute. Gustuko ditut horrelako planteamenduak, gezur txiki bat esan eta kontua loditzen eta korapilatzen joaten zaien horietakoak. Horrek, gainera, argumentuak elkarren artean lotzeko eta kontakizun guztiari suspentsea mantentzeko aitzakia ematen zidan. Bukaera, hala ere, bertsolari txarren moduan, pentsatu gabe hasi nintzen idazten eta berez etorri zitzaidan hala, tragikomikoa.

Ez-esateko asko utzi al dituzu albo batean eleberri hau egitean?
Idatzi aurretik, eta gerora ere, buelta asko eman dizkiot kontakizunari. Askok pentsatuko dutenaren aurka, berrirakurketa, mozketa, zuzenketa eta antzerako makillaje gehiago egin ditut bakarka idatzita, anaiarekin idazten dudanean baino. Akatsen aurrean arduradun bakar geratzen naizelako izango da, noski. Bestelakoetan, Martinekin atera izan ditudan eleberri eta ipuinetan, kontua garbia izaten baita: onak diren zatiak nireak dira eta kaskarrak direnak Martinenak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina