Aguxtin Alkhat: “Kantuak sekulako indarra du jendea konbentzitzeko”

Aguxtin AlkhatEuskal kantagintzaren ahots berrietako bat da Aguxtin Alkhat heletarra. 2013ko Ihes egin EParen ostean, Haizeen meneko (Elkar) lehen disko luzea kaleratu du. Talde-soinua indartu eta lan anitza osatu du Alkhatek: tentsioa, baretasuna eta goxotasuna bildu ditu doinuetan, itxaropena eta kemena zabaldu hitzetan.

Alkhat abizenaren pisua sentitzen da Ipar Euskal Herrian?

Bai, txikitatik. Gurasoek etxe zahar bat erosi zuten Armendarizen eta han handitu ginen. Euskaldun anitz badira han baina gu ginen nolabait “Enbata zikinak”. Bi familia bakarrik ginen ikastolara joaten leku hartatik. Aita [Ernest bertsolari zena] euskalduna eta abertzalea zen, eta beti sentitu dugu begirada pisu bat frantses sentitzen diren euskaldunen aldetik. Bestetik, abertzale munduan gu beti izan gara Alkhaten semeak.

Urrian Elkar Estudioa Sesioak-en parte hartu ondoren, abenduan diskoa grabatu zenuen. Uste baino azkarrago gertatu da dena?

Bai, ez nuen hainbeste espero. Usopopek eman zidan lehen aukera, bestela ez dakit energia edo konfiantza edukiko nuen disko bat ateratzeko nihaurek, horixe baitut eskasena, konfiantza. Ez nuen sekula pentsatuko noizbait disko bat egingo nuenik Elkarrekin. Beraz, proposatu didatelarik oso aukera ontzat hartu dut. Erakutsi nahi nion Iparraldeko jendeari, eta batez ere nire herrixkako jendeari, euskara ikasteak balio duela eta segitu behar luketela haurrei euskara irakasten eta transmititzen. Jendeari mezua pasarazteko abesten dut. Kantuak badu sekulako indarra, beharbada politikak ez duena, jendea konbentzitzeko. Eta Iparraldean gazte asko abertzale bilakatu dira, edo euskalduntasunera hurbildu dira gehiago, Negu Gorriak edo Hertzainak-i esker.

Elkar estudioan grabatzeko esperientzia nolakoa izan da?

Urduri nenbilen, estudio profesional batean profesionaltasunez ibili behar ginelako. Fite ibili behar zen, bagenituen lau egun hamar kantu egiteko. Nire musikariek esperientzia dute, eta eraman dugu lana ongi, biziki uros gara emaitzarekin. Elkarrekoek oso harrera ona egin digute, konfiantzan ibili gara, bai kantuen hautaketan bai soinuaren hautaketan, ez digute ezer inposatu.

Willis Drummondeko Felix Buff eta Xan Bidegain dituzu taldekide, Julien Labat gitarristarekin batera. Eragin al dute zure sorkuntzan? “Eragin” eta “Sortu” kantuetan, Willis Drummonden aire bat antzematen da.

Ez nau estonatzen eraginak. Taldekideei gustatu behar zaizkie ekartzen ditudan kantuak, eta dakidanez horiek maite dutela rock kutsu bat, aldatu dut pixka bat nire kantua egiteko manera. Moldaketek garrantzia handia dute, eta elkarrekin egiten ditugu denok. Diskoko soinua bilatzen Felixek izan du garrantzi handia, esperientzia du horretan eta badaki zer nahi duen. Detaileak dira baina egiten dute ainitz bukaeran.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina