Musikako 2013ko udaberriko nobedadeak
1. Igelaren banda: “Preguntatxo bat”
Igelaren  Banda  orain  dela  dozena  bat  urte  sortu  zen  eta  2000.  urtean  atera  zuen  lehen  diskoa.  2008.  urtera  arte  ibili  zen  hainbat  kontzertu  ematen  Euskal  Herri  osoan,  eta  orain,  etenaldi  baten  ostean,  itxura  berri  batekin  dator,  indarberrituta.
Oraingo eraketan, Hasier Oleaga (bateria), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Bixente Martinez (gitarra) daude. Talde gaztea eta beteranoa da, era berean, esperientzia eta sen handiko musikariak musikaz gozatzen, musikaz gozarazteko.
Igelaren Banda berritu hau aurrekoaren ildo beretik doa, hau da, euskal kantu edo dantza zaharrak, euskal musika tradizionala oinarri hartuta, bertsio berriak sortzea du xede; betiere, modu instrumentalean, konponketa eta harmonizazio berriak eginez eta inprobisatzeari leku berezia emanez.
Igelaren Bandaren emanaldiak ez dira, dena dela, musika hutsa. Doinu bakoitzak du bere historia, bere jatorria, bere ibilbidea gure kulturaren oroimenean ez ezik, baita bakoitzaren oroimenean ere. Atseginak bezain entretenigarriak suertatzen dira, beraz, taldearen kontzertuak, xumeak, hurbilak eta aberatsak.
2013ko martxoaren hastapenean argitaratuko dute euren bigarren diskoa.
2. Gari: “Ez da amaiera”
2013ko  martxoaren  hasieran  argitaratuko  du  GARIk  Ez  da  amaiera  disko  berria,  bere  bakarkako  ibilbidean  ekoizten  duen  zazpigarrena.
Hertzainak taldearen garaietatik agertokietan dabilen kantaria izanik, maisu baten gisa menperatzen du oholtza, eta publikoarekin, aldi oro, hari sendo bat sortzen du, harengandik hurbil sentitu dadin.
Abeslari bikaina, espresibitate musikalaren gainean oinarritzen du bere ahots beroa, komunikazio samur bezain zirraragarria lortzeko. Ahaztezina.
Diskoak martxoaren hasieran ikusiko du argia eta zuzeneko kontzeptu artistiko heldua erabiliko du, publikoa berriro ere, bere kantuen sakontasunez liluratzeko. Erakargarriak dira kantuak, barne-barnetik jaiotzen diren argi indartsuak, imitaezina den era moderno eta sentsualean.
3. Eñaut Elorrieta: “Deserria”
Deserria izenarekin estreinatuko da datorren urteko maiatzaren erdialdean, Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko kantariaren bakarkako ibilbidea irekitzen duen lehen diskoa.
Olerki ugari sortu dituen gai unibertsal eta historiko batean (deserria) oinarrituta, Eñaut Elorrietak bere konposizioak argitaratuko ditu, berezko ukitu batez tindaturik. Emozioak gidatuta jalgitzen den kantu sorta honetan, Eñautek, hainbat ikuspegitatik herriminez biltzen ditu erbesteratuaren bakardade sentimenduak: beti sustrai bila, beti amaren eta ama lurraren aiduru.
Zuzeneko ekitaldiak ere, diskoaren erara, zainduak eta bereziak izango dira, kantuen kalitatez, entzulearen barruari hitz eginez. Izan ere, denak, modu batean edo bestean, atzerrian bizi gara, gure sorlekutik eta bihotzaren gunetik urruti.
OIHUKA ZIGILUA
1. Hesian: “Hemen eta orain” (CD/DVD. Gernikan 2012ko abuztuaren 13an zuzenean grabatua)
Nafarroako  Sakanako  harrobiko  talde  karismatikoenetakoa  da  HESIAN.  Agertokietan  urte  batzuk  daramatzan  arren,  garai  batean  bezala  segitzen  du  publikoarekin  konektatzen.  Talde  oldarkorra  da,  zuzena  eta  aktiboa.  Urte  gutxitan,  errepertorio  indartsua  bezain  koloretsua  erabiliz,  bereganatu  du  euskal  publiko  gaztea.  HESIAN  taldeak  ilusioa  sortzen  du.
2013ko otsailaren amaiera aldera argitaratuko dute euren seigarren lana, Oihuka diskoetxearekin. Disko berezia da, errotik: iraupen luzeko zuzenean grabatutako CD/DVD euskarrian aurkezten baitute bandaren oinarria. “Live” formatuan aurkeztuko duten lehena den arren, hasierako ilusioa, errepertorio indartsua eta jarrera bizia biltzen du honako lan honek. Irudien bidez, 2012ko abuztuaren 14an eskainitako kontzertu gogoangarria dastatu ahal izango dugu, aparteko elkarrizketekin aberastuta. Audioan berriz, Gernikako kontzertuaz gain, aparteko beste zuzeneko grabaketa batzuk ere azaltzen dira.
Martxotik aurrera, berrindarturik, Euskal Herrian zehar arituko dira euren kantu sutsuak barreiatzen.
2. EH Sukarra
1991.  urtean  Eibarren,  Mikel  Norton  Gorosabelen  aitzindaritzan  sortutako  rock  talde  karismatikoa  da  EH  SUKARRA.  Euskadi  Gazteako  maketa  lehiaketa  irabazteak  zabaldu  zizkion  Esan  Ozenki  Records  zigiluaren  ateak,  eta  diskoetxe  horretan  zein  geroagoko  Metak  etxearekin  argitaratu  zituen  lehen  sei  diskoak.
Rock-punk melodikoa, hardcore zertzelada batzuk eta balada zoragarriak dira haien errepertorioaren muina. Kanta indartsuak bezain zirraragarriak.
2013ko apirilean argitaratuko dute euren zortzigarren diskoa, heldua, indartsua eta zuzena, hogei urte pasatxoko historiaren amaiera bikaina izango dena. Zuzenekoak ikaragarri biziak dira, bihotz gaztearen erdian jotzen duten geziak bezalakoak.
3. MANDOILEK
Azken urteotan Euskal Herriko bazterretan gogotsu aritu ondoren, apirilaren bukaeran aurkeztuko du MANDOILEK taldeak bere lehen diskoa: indarra, festa, kolorea eta sentimendua zabalduko dituzte lau haizetara.
Aro berriari dagokion jarrera ere badakarte euren packean, Euskal Herriko gaztearen ilusioak kantu eta musika bilakaturik, gure herriko festak proposamen berri bezain erakargarriz tindatzeko.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Los más vendidos de la semana – Asteko salduenak 2013-01-16
 - Elkar argitaletxeko 2013 udaberriko nobedadeak →
 

                                        
                                        
                                        
                                        
