Benito Lertxundi – Kontzientziari atximurka

Benito Lertxundiren bi argitalpen berri iritsi dira aurten: Oroimenaren oraina diskoa eta Plazer bat izan duk, Benito!, Mikel Markez eta Pako Aristik elkarlanean idaztitako liburua. Biei buruz jardun gara Orioko sortzaile handiarekin.

Has gaitezen diskoarekin. Honela diozu bertan:  “Nintzenaz oroitzean beste bat ikusten dut, iraganean oroimenaren orainean”.  Zein da lehen zinenaren  eta orain zarenaren arteko desberdintasuna?
Sinesten dituzun baloreei oso loturik bizi baldin bazara, kontzientziak ez du aldaketa handirik izaten, aldiz, adi bizi baldin bazara, erreferentzia baldintzagarririk gabe, zure kontzientzia aldatzen doa, eta aldaketarik handiena orduan ematen da. Zure izanaren aldaketa nagusiena horrekin ematen da. Bizitzak gizarte horretan garatu eta mamitu diren zenbait kontzeptu ematen dizkigu, horiek motxila batean sartzen ditugu eta motxila horrek, nire kasuan behintzat horrela izan da, astuntasuna sentiarazten dizu. Ez du bizitzen laguntzen baizik eta astundu egiten zaitu.

Motxila horretatik gauzak kentzen hasten gara eta arintzen zoazela sentitzen duzu eta horrekin batera kontzientzia bera aldatzen da, erabat.

Diskoan existentziari buruzko hainbat gai jorratzen dituzu: maitasuna, askatasuna, bakardadea… Abesti guztiek, ordea, halako hari batean konektatuta dirudite. Zein da diskoaren muina?
Bakoitzak bere inpresioak ditu lanean ari denean; nora ez duzun joan nahi argi duzunean badakizu zein den zure tokia eta nora heldu nahi duzun. Horrek ematen dio lotura. Mezu moduan, ez dakit harrokeria  den, pedagogia moduan hartzeko, hausnarketa egiteko bide bat izango delakoan agian,  nahiz eta hori jendeak nola hartuko duen inoiz ez jakin. Kontzientzian atximur egiteko ahalegin bat izan daiteke.

Lan berri honetan ahotsak hurbilago sentitzen dira eta Olatz Zugastiren presentzia nabarmenagoa da, duetoaren indarra areagotuz, zer lortu nahi izan duzu?
Kantuak irteten ari ziren bezala, konturatu nintzen beste ahots bat eskatzen zutela, eta hori egiten hasi ginenean beste hirugarren ahots bat ere ez zegoela sobran ikusi nuen.

Kantuen erreferentzia edo protagonismoa ahotsek izan behar zutela iruditu zitzaidan, kontutan izanik ahotsak ondo erabili ezkero, tresnarik egokienak, sarkorrenak, adierazkorrenak direla. Hori bidean ikusten joan naiz, eta azkenean bideak horretara eraman nau.

Noizbait aipatu izan duzu emakumeak eta gizonezkoak kantatzeko eran oso desberdinak garela edo izan ginela…
Horretaz Zuberoan konturatu nintzen, bertan gizonezkoak izan dira plazan kantatu dutenak; emakumeek etxean kantatzen zuten, norberari begira. Gizonezkoak, berriz, besteei atsegingarri izan zekien saiatzen ziren. Horrek, kanta-moldea diferentea izatea eragiten du. Ni han ohartu nintzen, hango kantari ezagunekin bilduta ostatu batean: kantuz ari ziren eta komunera nindoanean, sukaldeko atearen parean pasa nintzenean, adineko emakume bat kantuz ari zen, beretzako bakarrik, eta aurretik entzundako kantu hura, emakumearen ahotsean oso ezberdina zela ohartu nintzen.

Beste behin, telebistan Maddi Oihenart ikusi nuen; orduan ez nuen ezagutzen, eta han ere gauza bera ikusi nuen, nahiz eta hura publikoan ari zen kantatzen.

Nere diskora itzuliz, kasu honetan hiru ahotsak eskatzen zituela uste nuen, batzuetan lau ere bai, eta kantu horiek gizonezkoekin eginak izan balira, plastizidade aldetik ez zen gauza bera izango, horregatik ahots zuriak behar zituen, nere ahotsa nahiko grabea da, eta horren erreberberazio gisa, ahots zuriak egon behar zuten. Planteamendu estetikoa dela esan dezakegu, emakume eta gizonezkoen kantatzeko alde hori baino.

Benito LertxundiItsasoaren presentzia disko honetan ezkutuago ageri da, musikalki Kantabrikotik Atlantikora eta Atlantikotik Mediterraneora al zoaz?
Beti esan ohi didate Atlantikoko eragina dudala, iparraldekoa, irlandarra… baina betidanik jakin dut, nigan, Mediterraneoaren eragina ere badagoela, modu batera edo bestera agertu izan zait eragin hori. Disko honetan agian nabarmendu egin da eragin hori, baina modu natural batean.

Fernando Pessoa, Jon Maia, Olatz Zugasti, Jose Ramon Uriarte eta Pako Aristiren letrak jaso dituzu.
Pessoa oso gertuko sentitzen dut, esaten dituen gauzak neure irizpideen oso antzekoak dira. Munduari, bizitzari eta bere buruari begiratzeko moduarekin asko identifikatzen naiz, eta horregatik maite dut, asko.

Beste kolaboratzaileen testuak, etxean nituen, bertara heldu zitzaizkidan toki batetik edo bestetik, nik irakurri egiten ditut, nire galbahetik pasa eta gero nireak bihurtzen ditut eta hor egoten dira egunen batean kantu bihurtzeko zain. Diskoa prestatu aurretik hamar testu aukeratuak nituen koaderno batean eta horiek musikatzen joan naiz.

Zuk idatzitako “Erromesaren” kantan, etxea, barruko bilaketa horren metafora moduan agertzen da.
Askotan pertsona bat ongi ez dagoenean, zoriontasunaren bila dabil, eta horren bila baldin bazoaz, ezagutzen ez duzun zerbaiten bila zoaz,  eta horretara zorigaitzak eramaten zaituela argi ikusten dut. Hau da, errealitatea zorigaitza baldin bada ere, hori ikusi beharrean zoriontasunaren bila joan ohi gara, ezezagun horren bila. Bi elementu horietatik, nik benetan serioa errealari heltzea dela uste dut. Zorigaitza da ikertu behar duzuna.  Zorigaitz hori zerekin egina dagoen, eta ia beti psikologikoki  bakoitzak egina izaten da, errezeloekin, EGOaren izate horretatik sortua izaten da.

Beraz, ez dagoen horren bila kanpora joan beharrean, ilusiozko horren bila, hobe da, dagoen horren bila joatea, errealitate horren bila. Zoaz zure etxera, han daukazu etsaia. Hori ikusten duzunean, ikusten baldin baduzu, mamua uxatzen duzu eta lortzen duzu ongi egotea. Bakean uzten zaitu eta ez duzu ezeren bila joan beharrik.

Ahotsarekin aspalditik hasi zinen barnera begirako prozesu batean, edo arnas erabilpen egokiaren bila. Hurbiltzen ari al zara zure nahietara?
Nik uste dut bidea egin dudala, puska handi bat behintzat bai, gertatzen dena, ez dudala uste amaiera duen zerbait denik. Gauzak amaiera dutenean, orduan ez dago bizitzeko arrazoirik. Ariketa bat egiten ari bazara, ofizioa jorratzen ari bazara, gauzak era egoki batean egiten ari zaren jakin behar duzu, non zauden gauzak egoki edo era duinean egiteko. Nere kasuan, memoriak oso gutxi laguntzen duela ikusten dut, nik askotan nabaritu dut nire jardunaldi horietan gustura egon egindakoarekin eta hurrengo egunean gauza berdina egiten hasi eta ez duela berdin funtzionatzen, eta orduan galdetzen diozu zeure buruari, “zer egiten dut gaur desberdin?”. Beti egiten duzu zerbait desberdin, ezin duzu inoiz deskuidatu, jorraketari eskutik helduta egon behar duzu.

Publikoa oso kontutan izan duzu beti. Dagoeneko disko berriko kantak plazaratu dituzu, zer iritzi jaso duzu zure azken lanaz?
Orain arte, kazetariekin egon naiz batez ere, batzuetan zalantzak izaten ditut, jendeak zerbait esan dizunean, ez dakizu ondo geratu nahi al duen zurekin edo eta errukiz esaten duen, beraz, ez ditut oso serio hartzen horrelakoak.

Dena den, kantuak diskora eraman baino lehen kantaldietara eramaten ditut, eta kuriosoa da nola jendeak kantak eskatzen dizkizun. Eta hori oso seinale ona da, noski.

Euskal Herritik kanpo zuzeneko gutxi eskaintzen dituzu, zergatik?
Baldintza kontuak dira. Garai batean asko ibili izan bagara ere, gaur egun eskaintzen dizkiguten baldintzetan jotzea ez diot opa nire buruari.

Niretzat ezinbestekoa da baldintzak kontuan izatea. Herri honetan baldintzak neronek jorratzen ohituta nago eta duintasun bat lortu dugula uste dut. Eta kanpoan maila horretan ez baldin bada, nik nire kantuei baldintza kaxkarragoetan aritzea ez diet opa, kantak berak galdu egiten duelako. Niretzako inportanteagoa da,  jakitea hau dela tokatu zaidana, eta tokatu zaidan horrekin bizitzen jakitea. Hemengo baldintzetan beste nonbaiten kantatzeko aukera baldin badut, oso ongi etorria izango da.

PLAZER BAT IZAN DUK, BENITO!

Berriki argitaratu da Pako Aristik eta Mikel Markezek egindako  liburu hau, zenbateraino uste duzu sorpresa izango dela jarraitzaileentzat?
Ez dakit sorpresa bat izan den, edo eta izango den ere. Dena den, horrek ez nau batere kezkatzen, solasaldi batzuen ondorioa izan da liburua. Hasieran kafe bat hartuz elkartzen ginen, gero afari bat antolatuz… Halako batean grabagailu bat agertu zen mahai gainean eta hor jaso zituzten ez dakit zenbat otorduetan hitz egindakoak eta pentsatu zuten liburu hau egitea. Nik horretan erreparo puntu bat izan nuen…

Aurrena elkarrizketa formatoan egindako borradorea zen. Horrek ez zidan grazia handirik egin, liburuak beste zerbait eskaini behar zuela ikusten nuen nik, saiakera kutsua izan behar zuela.

Gustora geratu zara liburuarekin?
Bai, orokorrean bai, dena den, gauza batzuk kendu behar izan nituen, beste batzuk erantsi, eta batzuk aldatu ere.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina