Ana Malagonen “Lasai, ez da ezer gertatzen” liburuaren hitzaurrea – Iban Zaldua

Lasai ez da ezer gertatzeniban_zaldua-pLiburu hau lau zatitan tolestutako mapa bat da: zabaldu, eta bakardadearen koordenadak erakutsi ahal izango dizkizu, haien bila aritu ala ez. Koadrante bakoitzean –orrialde bakoitzean– jarraibide zehatzak aurkituko dituzu, pista faltsuak, talaia estrategikoak, bidezidor engainagarriak, begiratoki pribilegiatuak, kale itsuak. Batzuk ez dira egokienak izango, eta, ondorioz, deseroso sentiaraziko zaituzte; beste batzuk, umoretsuenak akaso, pausaleku begitanduko zaizkizu –baina ez da hala izango, guztiz–, edo trenetik ikusten diren paisaia iheskor horien antza hartuko diezu. Baina nago irakurle bakoitzak osatuko duen zerrenda ezberdina izango dela. Eta, ziurrenik, nik proposatutakoa baino luzeagoa eta anitzagoa.

Bakardadea lurralde jendetsu bat da, azken finean. Metafora-jario lotsagaldu honekin hasten banaiz –barkamena eskatzen dut horregatik–, da halakotik gutxi aurkituko duzulako Ana Malagonen testuen artean. Nahikoa iritzi zabaldua da mikroipuingintzak, genero edo azpigenero gisa, zerikusi gehiago duela poesiarekin, ipuingintza estandarrarekin –azken finean, narratibarekin– baino. Agian hala da –Elizak badauzka doktoreak–, baina Lasai, ez da ezer gertatzen honetakoak lirikarik, poesiarik gabeko hiperlaburrak dira. Mundu garaikidearen kondizioari dagokion
bezala, alegia.

Literatura hiritarra da Ana Malagonena, Euskal Hiriarena baino gehiago, jadanik etenik ez duen megahiri gaingaratuarena, bost kontinenteetan zehar gainezka egiten duen espazio inorena ez den hori. Kafkaren iragarkizunak txiki uzten dituen zerbitzu sektoreko bulegoena, frustrazioarena eta inkomunikazioarena, bizitzan hildakoena –harritu al du inor, zinez, zonbien inguruko metanarratibaren gorakadak?–, erromantizismoak betirako –eta larriki– kutsatutako maitasunarena, gainbehera doan mesokrazia mendebaldarrarena, fisio prozesuek zartatutako familia nuklearrarena. Irrigarrikeriaren, antsietatearen eta depresioaren arteko geografi arena, azken batean. Muga horien baitan topatu daiteke egileak kartografiatu nahi izan duen espazioa: ezinbestean arrotza eta absurdoa iruditu beharko litzaigukeen egunerokotasunarena. Neokostunbrismo hiritar bat? Akaso. Baina, edonola ere, ez ohiko kostunbrismoen edo neokostunbrismoen zentzuan, zeinak, jakina denez, errealitate jakin bat nolabaiteko idilikotasun batean –iraganekoa edo etorkizunekoa– zurkaiztu nahi izaten baitu; Ana Malagonen prosek zalantzan ipintzen dituzte errealitate horiek, eta baita suntsitu ere, maiz. Batzuetan algara izatera iristen den irribarre izoztuaren keinuaz. Sitsaren indarraz, eta temaz. David Foster Wallacek zioen bezala: “da kasik fikziozko idazleak behar izango bagenitu bezala gauzen estrainiotasun saihestezina estrainio bihurtzeko, gauzak des-etxekotzeko alegia”.

Bakardadea, eta bakantasuna. Onartu behar da bitxitasun puntu bat duela, gure literatur sistema dohatsuan, hogeita hamar urte baino zaharragoa den idazle baten aurreneko liburu batek. Baina Ana Malagon (Donostia, 1978) ez da iritsi berri bat. “Lubaki” –edo, agian zehatzago, “Urruzuno”– balizko “belaunaldi” haren partaide izan zitekeen, eskubide osoz: bigarren hezkuntzako ikasleei bideratutako sari haren irabazleen hasierako urteetako zerrenda sarri bisitatu zuen, –besteak beste– Nagore Amondarain, Uxue Apaolaza, Gari Berasaluze, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Garazi Goia edo Urtzi Urrutikoetxearen garai bertsuan. Eta ez da geldirik egon orduz geroztik, sarean aurki daitezkeen bere idatzi literarioek –labur zein laburragoek, euskarazko zein gaztelaniazkoek– argi uzten duten bezala; esku artean dituzun hauek, izan ere, Interneten zabaltzen hasi zen proiektu baten parte ziren, hasiera batean. Baina hauxe da bere aurreneko –bakarkako– liburua. Eta susmoa dut, adinean gora egitea arbuiatzen duen une historiko batek bizi gaituen arren, onerako izan dela hala suertatzea.

Ez dakit Ana Malagonek ezagutzen ote duen Thornton Wilder idazle estatubatuarrari egotzitako aholkua: “Inpresionatzeko idazten baduzu, beti izango da txarra; espresatzeko idazten baduzu, ordea, ona izango da”. Hala ez balitz ere, ezagutuko balu bezala aritzen da, bere bizitza-esperientzia fikzioaren galbahe nobletik igaroaraziz eta “zintzotasuna” eta are biluzte emozionala hainbeste miresten omen dituen garaiotako joerei muzin eginez; ezin jakin egileak “niaren literatura” praktikatu nahi izan duen hemen, baina, zorionez, ez da “neuaren literaturan” erori. Jesús Carrasco nobelagileak dioen bezala, “XIX. mendetik honantz, pornografia ariketa bat egiten ari da errealitatearekin: gero eta esplizituagoa da dena, izaki bakoitzaren intimitatetik hasita edozein gertaera sozialetaraino. Misterioa atzeraka ari da etengabe, eta niretzat bizitzako balio nagusi bat da. Gauza batzuk hobe ez ezagutzea. Nik ez dut dena jakin nahi, neure burua eramaten ere utzi nahi dut, eta mozkortu”. Bada, bere burua eramaten utzi eta –literaturaz– mozkortu nahi duenak, badu hemen non galdu. Literaturaz, eta fikzioaren egiaz, gehituko nuke.

“Bakardadearen kafesnea eskuetan hozten utzi, arratsaldea iraganean iragan bitartean”, idazten du Ana Malagonek bere narrazioetako batean, eta liburuaren izpiritua laburbildu dezakeen esaldietako bat izan daitekeela otu zait. Heriotzaren presentzia ere oso da nabarmena, baina ez literatura molde batzuetan hartzen duen jite morbosoarekin: heriotzaren eta gaixotasunaren agerpena, alderantziz, egileak bizitzari –ia letra larriz idatzi dut…– eskaintzen dion balioaren neurrikoa da. Ez dezala pentsa inork, dena dela, tristezia denik liburu honen mood nagusia, kontrakoa baizik: umorea, sarkasmoa eta (auto)ironia –hala sanoak nola insanoak– oparo dira Lasai, ez da ezer gertatzen honetan; bakardade garaikidearen deseraikuntzan ezinbestekoak dira, maiz, eta hala ulertu du –nire gozamenerako, behintzat– idazleak. Edonola ere, hitzaurre honen hasieran esan dudan bezala, bakardadeari buruzko lan bat bezala irakurri dut nik, bakardadetik idatzitako bakardadeari buruzko liburu bat. Irakurlea horren bakarrik ez sentitzen laguntzen duten horietakoa, baina.

Eta hori da, nire ustez, literaturari buruz esan daitekeen gauza handienetako bat. Handiena ez bada.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

1 Comment

  1. Pingback: » Primaderako liliak Alua Mundua!

Utzi zure Iruzkina