Ana Malagonen “Gelditu zaitezte gurekin” liburuaren aurrerapena

AMAK EZKONDU EGIN NAHI DU

“Amak ezkondu egin nahi du”.
“Zer?”
“Amak ezkondu egin nahi duela”.
“Manuelekin?”
“Manuelekin”.

Begoña entsaladarako Marie Antoinetteren burua izan zitekeen tipulina gillotinatzen ari da. Haurrak dekretuz sukaldetik desagertu diren arte itxaron du amarena kontatzeko.
Bakarrik gaude tipulinaren sarraskiari begira. Igor Begoñaren senarra ez da oraindik heldu. Igor Begoñaren senarra ez da sekula heltzen.

Ideia absurdo bat etorri zait burura. Aita.
“Duela zenbat hil zen aita? Urte eta erdi?”
“Horrelako zerbait. Gutxi”.
Atzo gertatu zen urte eta erdi.

Belaunaldi honetan aita batek eta bere alabek izan zezaketen bezain estua zen gure arteko harremana. Ez dut bere kuttuna nintzenik esango. Itsusia da norberak hori esatea. Baina bere kuttuna nintzen eta etxean denek dakite hori. Eta denek gorrotatzen zuten ni bere kuttuna izatea, axola zitzaiela disimulatzen saiatzen ziren arren. Gure familian asko ematen den zerbait da, gauzek axola ez dutela disimulatzen saiatzea, arrakasta handiegirik gabe.

Laurogei urtera heltzeko egun batzuk falta zitzaizkion hil zenean. Medikuen gomendio guztien kontra oparitu behar nion Cardhu botila hura jaso gabe hil zen. Nik edan nuen osorik. Ezkutuan. Antza denez, hori da Cardhu botila bat edateko dakidan modu bakarra. Osorik eta ezkutuan. Hura ez zen botila bakarra izan. Ezta azkenekoa ere.

Minbiziari bi bala hartu zizkion aitak. Lehenengoa, prostatara joan zen. Handik urte batzuetara, bizi kalitate onargarri batekin bizitako urte batzuen ostean, bigarrenak urdailean eman zion. Horrek ez zuen atzera bueltarik eskaini. Ez zioten tratamendurik eman, ez ebakuntzarik egin. Bide zuzenena hartu eta hil egin zen. Denbora gutxian izan zen dena, eskerrak. Aita sufritzen ikusteak ez zion ezer onik ekarri gutako inori. Ez zen ikasketarik egon. Familia bezala ez gintuen gehiago batu eta ez gintuen indartsuago egin. Aitaren sufrimendua, sufrimendua izan zen guztiontzat. Bestelako gehigarririk gabeko sufrimendua.

Amak ondo eraman zuen. Hasieran ez zitzaigun hala iruditu, geure minaren itzalak guztia estaltzen zuelako. Baina berehala konturatu ginen, guk ez bezala, mendeetan zehar naturaren legeak alargundutako emakumeek pilatu duten estoizismorekin jokatzen zuela. Aitaren arropa guztia poltsetan sartu eta Caritas-era eraman genuen. Bizitza osoan zehar pilatzen diren eta ezertarako balio ez duten gauza guztiak errefusaren kontenedorera joan ziren. Badira birzikla ezin daitezkeen oroigarriak. Lurra kutsatzen gelditzen dira betiko.

Gelditu zaitezte gurekin – lehen kapitulu osoa (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina