Jon Alonsok itzulitako José Saramagoren “Lisboako setioaren historia” lanaren hitzaurrea

Idazlea
José Saramago (1922-2010) Portugaleko Azinhaga herrian jaio zen. Gazterik hasi zen bere obra literarioa idazten, urratsez urrats, adreiluz adreilu eraikitzen den etxea balitz bezala, bizimodua aurrera ateratzeko hainbat lanetan ziharduenarekin batera; 1998. urtean bere ibilbide literario luze eta oparoa saritu zuten, urte hartan Nobel saria irabazi zuelako. Harrezkero José Saramago mundu guztian egin zen ezaguna.

Aho batez onartzen den idazle handia izanagatik, José Saramago, batez ere, gizona zen, eta gizona zen aldetik, ez zuen inoiz gizakiak eta mundua inarrosten dituzten arazoen aurrean bere burua ezkutatu.

José Saramagoren obra
Saramagoren obraren ezaugarriren bat azpimarratu beharko bagenu, ezaugarri hori koherentzia izango litzateke. Bere bizitzaren azken hogeita hamar urteetan idatzi zituen nobelak behiala ernatu zen proiektu literario erraldoi baten fruituak izan ziren. Saramagoren nobela bakoitza autonomoa da, gainerakoekin zerikusirik ez duena, itxuraz, eta hala ere, hari fin batek elkarlotzen ditu guztiak, halako moldez non denak elkarren osagarri direla esan daitekeen, bere obrak, multzo bezala hartuta, esanahi orokorragoa eta osatuagoa erdiesteraino. Batek ez du entzun Saramagok esateko duen den-dena bere nobela guztiak irakurri arte, eta puzzlea osatu duelarik aurkituko duena munduari eta gizakiari buruzko gogoeta oso eta sakona da. Gizakiaren gaineko beste ikuspegi bat, nolabait esan. Honela laburbil litekeena: gizabanakoak, banan-banan harturik, izen trukagarrizko itzal hutsalak dira, eta multzoan bildurik, espezie kategoria harrapatzen dutenean baizik ez dira benetan garrantzizkoak. Gizakia munduko gainazalean itsumandoka dabilen espeziea baizik ez da. Agian horregatik, haren obra ezagutzen duenak ikara txiki bat sentitzen du bizitzaren amaieran egin zituen aldarri ezkorrak gogoratzen dituenean.

Saramago kezkatzen zuten gai nagusiak bere nobela guztietan daude, baina nobela bakoitzak gai horietako bat izaten du ardatz. Poetaren, idazlearen eta are artistaren engaiamendua –bai bere arteari buruz, baita bizi den gizarteari buruz ere– litzateke Manual de Pintura e Caligrafía (1977) izenekoaren ardatza; O Ano da Morte de Ricardo Reis (1984) nobelak, bere aldetik, aurreko gai hori erabat alde batera utzi gabe, tradizio literarioari buruzko kezka oso kontuan hartzen du; O Evangelho segundo Jesus Cristo (1991) liburuak Saramagok erlijioarekin, eta batez ere erlijioaren erabilera lo-eragingarri eta alienantearekin duen kezka biziari buruz jarduteko balio izan zuen; Ensaio sobre a Cegueira (1995) gizakion arimaren gaineko azterketa zorrotza da; Todos os Nomes (1997), gure izatearen hutsalaz ari da… Eta honela segi genezake bere nobeletako bakoitzarekin, azkenean konturatzeko guztietan agertzen direla idazlearen gai nagusien aztarnak, batzuetan apunte txikien moduan, ereindako haziak bailiran; hurrengo batean lore, zuhaitz, fruitu bihurtuko diren haziak. Edo, beste batzuetan, aurreko liburu batean landaturiko lorategia osatu eta biribilduko duten lore berriak bailiran.

Gaien ikuspegitik Saramagoren nobelagintza koherentea baldin bada, beste hainbeste esan daiteke bere idazkera edo estiloari buruz. Aipatu Manual de Pintura e Caligrafía hartan jada antzematen dira Saramagoren idazkeraren ezaugarri nagusiak diren joritasuna eta perpausa bihurritzeko joera, baina oraingoz, nolabait esan, bide baten hasieran gaudela konturatzen gara, egileak bide hartan barneratu ahala erdietsiko zituen lorpenen iragarkia balitz bezala. Esan liteke 1980-90 urteen artean idatzi zituen nobeletan harrapatu zuela estilo horrek bere gailurra sofistikazioari eta inplizituki zeuzkan ahalbideen garapenari dagokienez; hortik aurrera idatzi zituen nobeletan, aldiz, estilo oparo eta emankor horren dekantazio moduko bat antzematen da, soiltze aldera egindako ahalegin bat, baina estilo horren nortasun-agergarri funtsezkoenak galdu gabe, noski; horretan ikusten da, hogeita hamar bat urteko epean, Saramagoren idazkerak ziklo oso bat bete zuela.

Hitzaurrea osorik jaitsi (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina