Joseba Irazoki “Fokuetatik kanpo daudenak egiten dituzte nire gustuko musikak”

Musikari ipurterrea da Joseba Irazoki (Bera, Nafarroa, 1974), ertz askotarikoa, eta ezin konta ahala musika proiektutako kide; baina bakarra da bere izenez sinatzen duena. Bigarren diskoa kaleratu zuen iazko urte hondarrean Joseba Irazoki eta Lagunak modura: Zu al zara?. Lehena bezala Bidehutsekin plazaratu du bigarrena ere, musikari lagunekin batera (Felix Buff, bateria eta ahotsa; Jaime Nieto, baxua; eta Ibai Gogortza, gitarra). Rockaren, psikodeliaren eta esperimentazioaren mugetan dantzari dabil diskoa osatzen duten 11 kantuetan.

“Arauak onartzea da zigorra” diozu Zigorra kantuan. Zuretzat ia araurik ez da musika konposatzeko orduan?

Oro har, esango nuke musikari guztiek une bakoitzean gorputzak eskatzen diguna egiten dugula. Batzuek agian berehala egin nahi dute arrakasta komertziala duen zerbait eta horretarako formulak erabiltzen dituzte, baina orokorrean harrituko gaituen zerbaiten bila gabiltza denak. Bestalde arriskatzea oso erlatiboa da, musikari esperimental batek arriskatzen ahal du hasieran baina bizitza guztian berdina egiten badu, ez dakit hori arriskatzea den… orokorrean formulak asko errepikatzen direla uste dut eta egiten ez dutenek publiko eta hedabideen aldetik arreta gutxi izaten dute. Fokuetatik kanpo daudenak egiten dituzte nire gustoko musikak. Pertsonalki saiatzen naiz mugarik ez jartzen nire sorkuntzari, kantuak egiten ditudanean hauen zerbitzura egoten saiatzen naiz. Esperimentatzen badut, logikoa denez, hor arauak desagertu egiten dira.

Lucio eta Durrutti-n anarkismoaren bi erreferenteri omen keinua egiten diezu. Sorkuntzan ere anarkismoaren aldeko zara? Askatasunaren parekotzat duzu? Errango nuke sortzeko lehenengo momentu horretan guztiz askea naizela eta ez dudala inoren eta ezeren menpe egon nahi. Egia da disko bat grabatzea pentsatzen duzunean badagoela momenturen bat jendean eta komertzializazioan pentsatzen duzula, azken hau noizbait gertatu izan zait publiko zabalago batera bideratua egongo den disko bat izan denean. Normala dela uste dut, konposatzen zaudenean badakizu musika batzuk entzungarriagoak direla beste batzuk baino. Disko hau egiterakoan ere gertatu zait inguruneak sonoritatea baldintzatu duela pixka bat, Euskal Herriko zirkuitua oraindik nahiko rockeroa dela uste dut eta horrek musika egiterakoan bere eragina izan duela uste dut.

Lagunak bildu dituzu berriro ere diskoa osatzeko. Talde izaera sendotua atera da oraingo honetan?

Lagunak-en nukleoa zein zen argi eta garbi ikusi genuen aurreko biraren azken kontzertuetan, uste dut nahiko soinu zehatza lortu genuela. Errango nuke hasieratik proiektu hau talde soinua edukitzeko bideratu dudala, hasieran talde izena jarri nahi izan nion, baina Lagunek ez zuten argi ikusi. Aurreko diskoa nahiko inprobisatua eta ia entseatu gabe egin genuen, baina honetarako elkarrekin lan egin dugu, eta nahiz eta gehiegi ez dugun entseatzen, soinua nahiko sendotua dugula uste dut.

Kantuak talderako zirela pentsatuta sortu zenituen, edo gero joan dira talde soinua hartzen?

Sortzen ditudan gitarra esaldiak lehenengo pautak ematen dizkidate, segidan bateria erritmo bat etortzen bazait burura, nahiko argi ikusten dut taldean lantzeko kantua izan daitekeela. Egia da hasierako melodia horiek forma desberdinak hartzeko aukera dutela. Baina burua oraintxe bertan soinu horietan daukat eta nahiko natural ateratzen zait. Hala ere, lokalean musikariei nahiko aske uzten diet eta buruan nuena aldatzen ahal da.

Aurrerantzean sakondu nahi zenuke ildo honetan?

Baietz uste dut, diskoa grabatu eta geroko etxeko inprobisazioetan horrelako doinuak ateratzen ari zaizkit gehiegi behartu gabe. Berez nahiko aldakorra naiz, eta nork daki, baina epe labur batean grabatzen badugu seguraski ildoa berdintsua izan daiteke.

Zure alde esperimentalaren eta popenaren artean non kokatzen da Zu al zara?

Ba bien ondoan kokatuko nuke, bakarkako nire azken diskoetan dagoeneko rocka agertzen hasia zen eta disko honetan esperimentazio pixka bat ere egon da. Nire aurreko proiektu guztiak (Do, On Benito, …) kontutan hartuta orain arte egin dudaneko bildumatxo bat izan daitekeela uste dut.

Baina zu zara era berean, %100?

Baietz errango nuke, seguraski rockeroago nago, baina Atom Rhumban ia 10 urte egoteak zerikusia izan duela pentsatzen dut. Abesteko modua agian pixka bat aldatu dut kanta batzuetan, baina eboluzio logikoa iduritzen zait.

Emanaldi batzuk izan dituzue zuzenean: Zein harrera izan duzue orain artekoetan?

Hiru egin ditugu eta harrera oso ona eduki dugu. Hagitz gutti entseatu al izan dugu eta oraindik gauza batzuk hobetzeko ditugu, baina sentsatzioa dugu jendeak diskoa entzun duela eta kantuak ezagutzen dituela. Oso gutxitan gertatu zait neri hori eta poz-pozik nago.

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina