Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” liburuaren aurrerapena
Errepide  bat.  Eta  kotxe  bat  errepidean.  Lerro  zuzena  han.  Lerro  zuzena  berriketarako,  isiltasunerako,  zoramenerako.  Lerro  zuzena  eta  amaiezina.  Lerro  zuzena  eta  bat-batean  makurra.  Lerro  zuzena  iparralderantz.  Errepidea,  bazterrak.  Errepidea  eta  seinaleak,  autostopisten  mamuak,  marra  jarraituak  eta  etenak,  gasolindegiak,  plast!  haizetakoaren  kontra  zomorroak.  Odola,  izerdia  eta  malkoak:  aurrera,  aurrera  beti.
Restop. Restaurante El Figón. Travel Club. Club La Boheme. Peaje. Toll.
Go on. Go on.
Errepidea eta bidaia, asfaltozko metafora, auto-ezagutza, penitentzia, deserria, basamortuan zehar egindako ibilbidea. Itaka. Literaturaren historian tradizio oparoa duen generoa. Zer uste zenuen ba. Gauza hauek fundamentuz egiten dira. Aurreko literaturaren errebisio batez. Status quaestionis.
On Quixote, errepideak asfaltozkoak ez ziren garaikoa. The Road, asfaltozko errepideek dagoeneko ezertarako balio ez duten apokalipsiaren osteko garaian. Edo bestela, erdibidean, On the road, klasiko bat. Edo Suminaren mahatsak, beste klasiko bat. Eta ez ahaztu Lolita. Zer esan Lolitaz. Lo-li-ta.
Bai, Iparramerikako literatura nagusi. Eurek asmatu zituzten errepideak eta.
Baina are euskal literaturan ere, tentuz arakatuz gero. Errepidea laket izan duten euskaldunak egon dira historian. Errepidea eta bujiak. Gasolinaren usaina. Abiadura maldan behera. Zulatzen diren gurpilak. Denek ez dute ozeanoa zeharkatu indioak masakratzeko, Japonia ebanjelizatzeko, Filipinak konkistatzeko. Batzuek errepidea nahiago. Etxepare medikuak Beribilez eleberria utzi zigun 1931. urtean. Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun. Ezin jakin zeinen azkar deuseztatuko genuen hitz hori. Beribila. Elhuyar hiztegiak bere altzoan dauka oraindik, eta horregatik ez dit word zuzentzaileak gorriz markatu. Hori ere bada nire kezka. Hemendik urte batzuetara ulertuko ez dituzun hitzekin orriak betetzea. Alferrikako ahalegina. Adierazle hutsa. Hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan.
Baina goiz da horretaz aritzeko. Has gaitezen suabe, lehenengo martxa batekin, motorra berotuz. Pisu handikoa da mugitu beharreko tramankulua.
Norena da ideia? Zurea. Demagun zurea dela. Zurea behar du izan. Zuk esaten didazu:
–Eta zergatik ez, Ulia?
Eta nik erantzuten dizut:
–Baina zertara dator hori, Gustavo?
Gustavo zara proposamen bitxiak egiten dizkidazunean. Gus, supermerkatuan txokolate beltza erosteko eskatu behar dizudanean. Gustavito, zure kontura barre egin nahi dudanean. Gusiluz kalenturak harrapatzen zaituenean. G puntua. Gustavo igela. Gustav Mahler. Gustave Eiffel.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Los más vendidos de la semana / Asteko libururik salduenak 2015-03-18
 - Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2015-03-25 →
 



