Antxiñe Mendizabal – Ipuinaren abiapuntua nire buruari eginiko galdera bat da: ba al dago ama gaiztorik?

Ama gaiztoaren ipuinaAntxiñe MendizabalAntxiñe Mendizabalek ipuin berri bat kaleratu du Elkar argitaletxearekin: Ama gaiztoaren ipuina. Bi ahizpen arteko elkarrizketa umoretsua zein dramatikoa, ama gaiztorik ba ote dagoen hizpide duen lana da.

Zer kontatzen duzu ipuinean?

Ipuina, funtsean, bi ahizpen arteko elkarrizketa da. Zaharrena bolada txarra pasatzen ari da, etxean guztiek igarri diote baina ez dakite zer gertatzen zaion.

Halako batean, ahizpa txikiari, hainbeste gustatzen zaizkion ipuinak irakurtzen ari dela, zaharrena zirikatzen hasiko zaio: ipuin guztiak gezurra direla esango dio, bertako pertsonaiekin ez dagoela fidatzerik, ipuinetako amak ez direla batere sinesgarriak eta halaxe, ipuinetako amei buruz hitz egiten hasi eta euren amaz hitz egiten amaituko dute.

Eztabaida dezente korapilatuko da eta irakurlea, halako batean, konturatuko da ahizpa zaharrenaren purrustaden atzean, beldur eta kezka izugarria ezkutatzen direla.

Zein helbururekin landu duzu liburuaren ildo nagusia?

Ipuinaren abiapuntua nire buruari eginiko galdera bat izan da: ba al dago ama gaiztorik? Nolakoa da ama gaizto bat? Berehala konturatu nintzen gai tabu bat zela; hau da, haur bati bere ama gaiztoa den galdetzea ere izua eragiten duela. Ipuinak aurrera egin ahala, gero eta zailtasun gehiago aurkitzen nituen, ez bainuen ama gaiztorik topatzen. Azkenean, haur baten begietara ama gaizto bat aurkeztea ezinezkoa bihurtu zitzaidan.

Horrenbestez, inguruan nuen jendeari ama gaiztoari buruz galdetuta, guztiek aipatzen zidaten haurrak abandonatzen dituena baino ama gaiztoagorik ez dagoela. Ni ez nago ados, baina hari horri jarraitzea erabaki nuen. Eta azkenean, ama baten ustezko abandonua maitasun ekintza bat bihurtu dut.

Ipuin klasikoetako istorioak gizartearen ikuspegiaren inguruan kritika egiteko erabili nahi izan dituzu?

Ez horrenbeste. Jolas egin nahi izan dut, besterik gabe. Ipuin klasikoetan batez ere, ama on-onaren –askotan hil egiten dena- eta ama gaiztoaren -amaordearen- pertsonaiak oso nabarmen agertzen dira. Eta ama gaiztoaren gaiari lotzeko aproposak iruditu zitzaizkidan ipuin hauek guztiak: Txanogorritxo, Errauskine, Edurnezuri, Ahatetxo itsusia, Hansel eta Gretel…

Errealitatean, ipuin klasikoetan kontatzen dena gertatzen dela iruditzen zaizu?

Zorionez edo zoritxarrez, ipuinetako pertsonaien portaerak beti dute azalpen bat edo, besterik gabe, idatzi dituenaren asmo bat ezkutatzen dute. Errealitatean gizakion portaerak azaltzea eta ulertzea askotan ezinezkoa da. Horregatik idazten ditugu ipuinak; haurrei gertaera gogorrenen zergatia ere azaltzen saiatzeko. Nik behintzat horregatik eta horretarako idatzi dut ipuin hau.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina