Goiatz Labandibar: “Narrazioek bigarren mezu bat dute eta hausnartzera bultzatzen dute irakurlea”

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiakGoiatz LabandibarGoiatz Labandibar oiartzuarra euskal literaturan hasi berria dugu. Iaz Beasaingo Udalak, CAF-ek eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen. Urtebetez irabazle izandako proiektu hura bukatu eta txukundu ondoren, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak lanarekin dagorkigu.

– Iradokizunez betetako izenburua aukeratu duzu. Zer adierazi nahi duzu?

Bi izenburu dituen izenburu bakarra da. GELTOKIAK dio batetik, irakurlea 11 hiritara, 11 geltokitara joango delako liburua irakurtzen badu, eta Helduta entzuteko abestiak-ek zer esan nahi duen behin irakurri ondoren ulertuko dute!

12 ipuinek osatzen dute liburua eta hauetako istorio bakoitzak ere bi izenburu ditu: bata hiriaren izena bera da (geltokiari dagokiona: Hendaia, Venezia, Pula…) eta bestea, narrazioari dagokiona. Liburuaren izenburu orokorra horren analogia bat da.

– Ba al dago harremanik 12 ipuin horien artean?

Ipuin bakoitzak bere istorioa, pertsonaiak, tokiak… ditu. Ez da errepikatzen bateko pertsonaiarik bestean. Akaso, a priori ez dirudi elkarren artean loturarik dagoenik. Baina kohesioa ipuinez ipuin errepikatzen den elementu bakarrak ematen dio: istorio bakoitzean, hiri bakoitzean, bertako tren geltokiak esanahi berezia du. Hori da komunean dutena, liburuaren bizkarrezurra. Eta izenburuan ere islatzen dena.

Istorio ezberdinak direla diozu, lantzen diren gaiak ere.  

Gaiak, istorioak eta narratzeko erak ere aldatzen dira batetik bestera. Batzuk hirugarren pertsonan kontatuak daude, beste hainbat lehenbizikoan, elkarrizketa gisan ere… Gaiak ere denetarikoak dira: lagun mina hil ondoren egin duenaren arrazoiak ematen dituen hiltzailea; jaioterrira itzuli nahi ez duen baten bueltako bidaia; errutinak harrapatutako bikote heldu baten bizimodua; bere burua aurkitzen duen ikasle baten kontuak; gaztetako maitasun batekin berriz topatu den adineko emakume bat; aske izateari beldurra…

– Europako zenbait hiri dira istorio hauen agertokia; arrazoi jakinen batengatik aukeratu dituzu hiri horiek?

Bai, noski. Proiektua aurkeztu nuenean Interrail izena jarri banion, hein handi batean, nik neronek 2008ko udan Interrail bidaia Europan barrena, trenez egin nuenean istorioak kokatu ditudan hiri horietan egon nintzelako izan zen. Batzuetan nabarmenago, besteetan gutxiago, hiri horietan ikusi, bizitu edo sentitutakoak ere agertzen dira istorioetan. Hiri bakoitzean gertatzen denak hor gertatu behar du. Ipuinetako istorio asko unibertsalak izan daitezke, edonon gertatzeko modukoak, baina hiriz aldatuko bagenitu narrazioa, ezinbestean aldatu beharko genituzke inguruak, dekorazioak… eta beste zenbait kontu.

– Zerk bultzatu zaitu ipuin hauek idaztera?

Ez nuke jakingo esaten. Istorio bakoitzaren abiapuntua ezberdina izan da. Batzutan, ikusitako zerbait izan da, bestetan pentsatutakoa, edo sentitutakoa, edo entzundakoa… Proiektua liburu bihurtu bitarte horretan ipuinak irakurri dituztenek esan izan didate maiz bigarren mezuak dituztela narrazioek eta pentsarazten jartzen dutela. Norberak pentsa dezala, hausnartu nahi badu. Azken finean, pertsona normalak dira ipuinetako protagonistak –lagunak, maitaleak, gurasoak, ikasleak, erretiratuak…-  eta euren ekintzak, sentimenduak… gutako edozeinek egin edo sentitu izan ditu.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin