Idazlea teklatuaren aurrean

 

“Martutene” eleberriko idazlearen antzera irudikatu ohi nuen Ramon Saizarbitoria ordenagailuaren aurrean eserita egunero ordu batzuk tekleatzen, pianoan preludio bat errepikatzen ari denaren gisan, behin eta berriz esaldi luze bat idatzi eta ezabatzen. Tarteka, esku bat teklatutik altxatu eta isuri biko ilea orrazten zuen nerabezarotik gorde duen imintzio koketoarekin. Orduan ez bezala, bekokian zimur sakonak ditu, kezka larrien lekuko, pentagrama goibel bat alderik alde. Pierre Michonek elkarrizketa batean zioen hura gogoratu du: literatura ez da ofizio bat, gaixotasuna baizik. Eta sendabide ere bai, erantsi du Saizarbitoriak berekiko. Françoise Davoine psikiatrak orain urte batzuk kaleratu zuen tesiaren arabera, Don Kixotek depresioaldi bat sendatzeko idatzi zuen bere lana (“Don Quichotte, pour combattre la melancolie” ). Saizarbitoriak berak esana da bere burua ezagutzeko tresnatzat erabili izan duela nobela. Aurretik Cortazarrek aipatu zuen idazten ari denean idazleak bere burua psikoanalizatzen duela. Tabucchik umore tanta bat jarri zion ideia horri: psikoanalistari edo apaizari egia osoa kontatu behar zaio; idazleak egia estali egin dezake eta horrek askatasun izugarria ematen dio. Saizarbitoria ere horrela irudikatzen nuen, bere baitako amildegiaren ertzean haztamuka. Ez zen idazle erdipurdikoon antzera berehala izutuko, bere baitako labirintoetan barrena sartuko zen eta, tarteka, teklatuaren gainean eskuak pausatu eta irribarre egingo zuen, jainkoekin edo musekin elkartu zen edo argiren bat ikusi zuen seinale.

Baina irudipena daukat Saizarbitoria ez ote zen pitin bat aspertu bere baitako galeria horietan aztarrika eta bere azken lanetan ez ote den pixka bat egurastera atera. Beretik asko dago “Martutene”n, noski, baina bere kideei ere, bere belaunaldikoei egin die lekua eta lotsatiok garunean itsatsirik daramagun lupa desitxuratzailearekin begiratu die, aztertu ditu beren arteko harremanak eta amets zapuztuak.

Kolektiboari buruzko kezka hori hasierakoa du Saizarbitoriak. Berriotxoaren “Quiero ser santo para que Bizkaia tenga uno” leloaren antzeko bultzadaz hasi zen idazten, euskarak gaurko literatura bat izan zezan eta aberria edo dena delakoarekiko leialtasun horrek iraun egin dio, patuek edo madarikazioek irauteko duten seta bertsuarekin.

Hortik asko dago “Martutene”n, baina beste hainbat hari punta ditu mataza harrigarri horrek. Eta motzean idaztera behartu nautenez, diodan, argudio lotsagarri samarra bada ere, aspaldian irakurri dudan eleberririk onena dela zalantzarik gabe.

Gil de Biedmak esaten zuen ez idazteak eragiten zion kontzientzia txarra baretzeko idazten zuela. Espero dezagun antzeko ausikiek eramango dutela Saizarbitoria ere berriro teklatuaren aurrean esertzera eta hasiko dela esaldi luzeak idatzi eta ezabatzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina