elkar sariak 2023 Ikastolen Elkarteari eta Eusko Ikaskuntzari

Maiatzaren 25ean banatuko dira elkar Sariak Adunako elkar-en egoitzan. 19:00etan hasiko da ekitaldia eta Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dituzte sariak. Horrekin batera, hil berria den Joan Mari Irigoien izango da gogoan eta omenaldia egingo diote.

Ibilbideari elkar saria

Ikastolen Elkartea da elkar Fundazioaren eskutik 2023ko Ibilbideari elkar saria jasoko duen erakundea.

Aurreko mendeko 60ko hamarkadan, euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian, hainbat euskaltzale euskaraz ikasteko  eskolak eraikitzen hasi ziren, ikastolak eraikitzen hasi ziren. Mugimendua herriz herri zabaltzen joan zen eta ikastola sare zabala eraiki zen, Ikastolen Elkartea egituratuz. Nazio mailako erakundea da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta juridikoki interes ekonomikoko europar elkarte gisa egituratua.

Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan ziren pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan. Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren bidean eta euskararen berreskurapenerakoan, beste hainbat eragilerekin batera, eta elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko.

Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, eta horretan aipatzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta elkar Taldearen artean izandako harremana, non erakunde bakoitzak bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.

Bide luzea eta ekarpen handia Euskal Herria euskalduntzeko bidean Ikastolen Elkarteak egin duena. Horregatik, bada, erabaki du elkar Fundazioak 2023ko Ibilbideari elkar Saria ematea Ikastolen Elkarteari.

Proiektuari elkar saria

“Kultur politiken azterketa” proiektua garatzeko, Eusko Ikaskuntzak jasoko du 2023ko Proiektuari elkar Saria. Proiektu hori Eusko Ikaskuntza 2021etatik lantzen dabilen “Eskubide Kulturalak: `Parte-hartze eta Gobernantzarako politikak” lan- eta iker-lerroaren baitan txertatzen da.

Euskal kultura nabarmen baldintzatzen du txikia eta gutxitua izateak, eta XXI. mendeko munduan are eta konplikatuagoa izaten  ari da haren garapena, transmisioa eta biziraupena bera. Mundu globalizatu honetan, kultura nagusiek gero eta leku zabalagoa hartzen ari dira batera eta bestera. Kultura txikiek, berriz, gero eta zailtasun handiagoak dituzte haien burua erakusteko.

Kultura txikietan  -gutxitua izan ala ez-, garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena. Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko? Herri eta kultura horietan garatzen ari diren kultur politikak ezagutzea da helburua, hemengo eskarmentua eta errealitatea kontuan hartuta, lagungarri izango delakoan, Euskal Herrian eragile guztien artean adostutako kultur politika garatzen joateko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina