Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak elkar sariak jaso dituzte

elkar sarien ekitaldia Adunan

Atzo arratsaldean elkar sarien bosgarren sari emate ekitaldia ospatu zuen elkar Fundazioak Adunako egoitzan. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideek ekitaldira inguratu ziren gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Ekitaldian, hil berri zaigun Joan Mari Irigoien idazlea izan zuten gogoan eta hari omen eginez, bi sari banatu ziren.

Ekitaldiak bi zati izan zituen: lehen tartean Ibilbideari elkar saria eman zitzaion Ikastolen Elkarteari, eta ondoren, Joseba Jaka bekarekin tartekatuta bi urtetik behin ematen den Proiektuari elkar saria eman zitzaion, Eusko Ikaskuntzari. Ekitaldia amaitzeko, poesia emanaldia izan zen musikarekin lagunduta, Castillo Suarez idazleak eta Juantxo Zeberio musikariak eskainita. 

Ibilbideari elkar saria

Ikastolen Elkartea da 2023ko Ibilbideari elkar saria jaso duen erakundea.

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko saria jasotzen

Luzea eta handia da Euskal Herrian ikastolek egin duten  ibilbidea euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian hasi eta gaur arte euskara erdigunera eramateko. Hezkuntza euskaldunaren aldeko zutabeak eraikitzeari ekin zioten garai hartako euskaltzaleek, asmo argi batekin: haien seme-alabek euskaraz ikas zezatela. Lan haren emaitza izan ziren herriz herri eraikitzen joan ziren ikastolak, eta orduan abiatutako lan horren emaitza da gaur egungo ikastolen sarea, haiek biltzen dituen Ikastolen Elkartea, zeina nazio mailako erakundea den, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta “europar kooperatiba” gisa egituratua.

Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan ziren pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan. Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren eta euskararen berreskurapenaren bidean, beste hainbat eragilerekin batera, eta elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko.

Ez dugu ahazteko, era berean, bi erakundeon artean 70eko hamarkadatik izandako harreman emankorra. Elkarren artean indarrak bilduta, bakoitzak dakiena ekarrita, euskaraz ikasteko ezinbestekoa den ikasmateriala sortzeko bidea egin dugu, beti ere euskal izaera kontuan hartuta, Euskal Herria erreferente izanik. Euskal curriculuma ardatz duen materiala.

Ikastolen Elkartearen izenean Koldo Tellituk jaso zuen saria, Jon Jakak eta Joxemari Sorse eskutik.

Proiektuari elkar saria

Euskal kulturaren  garapena, transmisioa eta biziraupena konplikatua da oso XXI. mendearen munduan, kultura txikia eta gutxitua baita zabalkunde handiagoko beste kultura batzuen altzoan -ez horregatik eskasagoa, ez baita gauza bera txikia eta eskasa izatea-. Euskara eta euskal kultura erdigunean jarriko ditu

Ana Urkiza eta Iker Atxa, Eusko Ikaskuntzaren saria jasotzen

en kultur politika adostu bat izatea giltzarria izan daiteke aurrera begira. Bide horretan, ekarpena egin nahi du Proiektuari elkar sariak abiatu nahi den ekimenak. Kultura txikietan  -gutxitua zein ez gutxitua izan- garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena.

Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko? Inguruko kulturetan garatzen ari diren kultur politika ezagutzea da proiektu honen helburua.

Lan horren emaitza euskal kulturgileen eta erakunde publikoen eskura jarriko da, denon artean Euskal Herrirako kultur politika egoki bat egiteko lagungarri izan daitekeelakoan. Proiektua Eusko Ikaskuntzaren eskutik garatuko da, eta horregatik eman zaio 2023ko Proiektuari elkar Saria Eusko Ikaskuntzari.

Eusko Ikaskuntzaren izenean Ana Urkizak eta Iker Atxak jaso zuten saria, Mikel Esnal, elkar Fundazioko patronatuko kidearen eskutik.

Joan Mari Irigoien gogoan

Begoña Alkiza, Joan Mari Irigoienen alarguna, oroigarria jasotzen

Ekitaldia Joxemari Sorsen hitzekin itxi zen. elkar Fundazioko lehendakariak Joan Mari Irigoien ekarri zuen gogora. Idazle altzatarra 24 urtez izan da elkar-en lanean, erretiroa hartu arte, eta Sorsek bere eskerrona azaldu zuen, izandako harremanagatik eta hark euskal kulturari egidako ekarpenagatik: “Umorea eta broma Joan Mariren bizitzaren parte ziren, baina Joan Mari  hori baino gehiago ere izan da, idazle handia izan da eta ekarpen handia utzi dio euskarari eta Euskal Herriari. Hogeita hamar bat titulu utzi ditu helduentzako zein gazteentzako narratiba eta poesia liburuen artean. Nork ez ditu gogoan OIlarraren promesa, Poliedroaren hostoak, Babilonia edo Lur bat haratago nobelak, nabarmenenak aipatzearren. Literatura ona, hori da Joan Marik utzi diguna”. Bukaeran, elkar Fundazioaren izenean argitaletxeko kide Irune Izquierdok egindako oroigarria eman zion Sorsek Begoña Alkiza alargunari.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina