Iragarkietan ez bezalako familia bat

Odolaren deiairasizabalIñaki Irasizabalek (Durango, 1969) nobela berri bat dakarkigu: “Odolaren deia”. Aurrekoetan bezala beltza, baina delituen argitzeari baino pisu gehiago emanez pertsonaien arteko harremanetan arakatzeari. Kasu honetan, bi anaiaren artekoak. Bere eleberrietan bezalakoa da Irasizabal erantzunetan ere: laburra eta zuzena.

Hilketa eta krimenen atzean, beste zerbaitez hitz egiteko aprobetxatzen dituzu zuk nobelak. Kasu honetan, familia barruko harremanez; zehatzago, anaia biren artekoaz. Zergatik gai hori?

Gizaki batzuen arteko harremanei buruzko nobela da, kasu honetan gizakiak anaiak dira. Zergatik?  Denok gara familia eta aldi berean bakoitza modu diferentean gara anaiak, semeak, gurasoak edo aitona-amonak… Horrek enpatiaren aukera ugaritu egiten du eta aldi berean joko  asko ematen du. Oso literarioa iruditzen zait.

Anaia txiki ganorabakoa, zaharra arduratsua… Topiko bat da? Errealitatea? Kasualitatea? Autobiografia?

Topiko guztiek dute zerbait errealitatetik. Istorio hau fikzioa da; dena dela gure kasuan txikia da anaiarik finena. Idazlea da.

Familia-eredu desberdinak ere erakusten dituzu. Kontalariak bere neska-lagunarekin eta harekin semearekin osatzen duena, adibidez…

Batetik nobela batek errealitatearen isla izan behar du eta gaur egun familia ereduak gero eta ugariagoak dira. Modu askotako familiak daude eta denak dira onargarriak. Bestalde, nobela beltza izatean, gizarte kritika dago eta hori errazago egiten da protagonistak ez badu iragarkietan agertzen den familia horietako bat.

Hemen eta orain gertatzen dira zure nobelak. Oraingoan, adibidez, nabarmena da krisia, katastrofista ez bazara ere.

Krisiak urteak daramatza gurekin. Protagonistak ez du krisia hondamendia balitz bezala bizi arazo larriagoak dituelako, baina katastrofea da, ni neu langabezian nago.

Bilbon kokatu dituzu gertakariak, baita Mungialdean ere. Zeren arabera erabakitzen duzu kokalekua? Asko dokumentatzen zara?

Nobela izatean eta beltza batez ere hiriak aukera gehiago ematen ditu, hortik Bilbokoa. Dokumentatu egiten naiz, noski, baina ez hainbeste tokiei dagokienaz, bizkaia ez da handia eta denok ezagutzen dugu gutxi gora behera.

Zaila da nobela beltz bati buruz hitz egitea spoiler-ik egin gabe baina, zer aurkituko du irakurleak honen orrietan?

Elkarren berririk gabe urteak daramatzaten bi anaia berriro harremanetan jartzen dira notizia txar bat dela eta. Harremana berreskuratu eta anaia zaharrenak gazteenaren laguntza beharko du. Biak sartuko dira legez kanpoko arazoetan. Nobelaren muina anaia bien arteko harremana da, gizakiaren behar afektiboak, leialtasuna, odolaren dentsitatea…

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina