IRAKURLEARI ZOR DIOGUN CHACHACHA HORI

Emozioa. Sentimenduaren atarian sentitzen dugun bulkada. Pentsamenduak osatu baino lehen gorputzak gutaz dakiena. Hotzikara bat, urdailak bapatean hartzen duen pisua, eztarrian egiten zaigun korapiloa. Buruak gorputza duela uste dugu, agintea, kontrola, esana. Baina gorputzak ere badauka burua; baditu desirak, ezagupenak, intuizioak. Badaki irakurtzen. Baditu bere liburu kutunak.

Nirearen antzeko sasoi batean jaiotakoa bazara ez dizut azaldu beharko Dirty Dancing zer den. Saiatuko zinen Johnny eta Babyren jauzia egiten eta jakingo duzu zertara natorren galdetu eta “sandia bat ekartzera” erantzuterakoan zertaz ari naizen. Elkarrizketa asko jakingo dituzu, buruz, beharbada baita nire kutunena ere, feminismoaren ikurtzat geratu den klasiko honetatik literaturarako erreibindikatu nahi dudana. Patrick Swayzeren pertsonaiak neskato protagonistari dantzan irakasten dionean esaten dio: “Hau da zure espazioa, hau da nirea. Ni ez naiz zurean sartzen, zu ez zara neurean sartzen. Orain, bai, dantza dezagun chachacha hori”.

Ez dut uste literaturan beti irakurlearekin chachacha egokia egiten dugunik. Edo hobe esanda, chachacha egokia egiteko arauak argi azaltzen ditugunik. Niri gehiegitan gertatzen zait irakurtzerakoan kodigoarekin estropezu egitea, maiz galdetuko nioke autoreari irakurle bezala non jartzea nahi duen, zein den nire espazioa, zein berea eta nola egingo dugun dantzan. Autofikzioaren eta fikzioaren, errealitatearen eta irudimenaren arteko mugekin, bereziki.

Orain autofikzioa esaten dena zer da, lehen “memoriak” esaten zena?”. Uda honetan lagun batek egindako galdera da, erantzuten oso ondo jakin ez nuena. Ezetz esan nion… egia esaten ari ote nintzen jakin gabe. Horiek baitira autokzioak maiz uzten dizkigun hutsuneak. Norberak bere bizitzaren tarte luze bat eginda zeukanean idazten ziren memoriak, oroitzapenetan oinarrituta zeuden, egiazkoak izateko betebeharra zuten. Gezurrak esan zitzaketen, jakina, oroimenaren hutsegite zintzoek edo iruzurra egin nahi izatearen benetako desioek bultzatuta. Baina Luis Buñuelen Mi último suspiro (Debolsillo, 2017) irakurtzearen plazera badugu, bere bizitza da aurkituko duguna, berak kontatu nahi izan zuen bezala. Kodigoa argi egongo da.

Beste hautu bikain bat egin eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) aukeratzen badugu, berriz, Miren Agur Meabe oinarri duen liburu bat aurkituko dugu, autoreak hala aitortuta. Orriaren ertzarekin bihotza hausteko moduko zintzotasun batek hauspotzen du, hasieratik bukaerara, baina egileak berak ohartarazi zuen moduan, denak ez du zertan egia izan behar. Joko bat proposatzen zaigu, literaturaren egia bat, egian oinarritua baina ez egia bera.

Lausotutako kodigo horretan nik irakurle bezala ez nuen arazorik izan. Deserosotasun eroso batean irakurri nuen Miren Agurren narrazio gogoangarria eta bere irudia zetorkidanean irudi hori onartuta hunkitu nintzen. Bukaeran norbait hobeto ezagutzen nuela sentitu nuen, Julio Cortazarren Un tal Lucas (Alfaguara, 1998) irakurtzen duzunean bezala. Hasieratik dakizu Lucas Julio dela, norbait norbera izan daitekeen neurrian; Los autonautas de la Cosmopista (Alfaguara, 1996) irakurtzen duzunean bere eta Carol Dunlop emaztearen abentura zoragarria irakurtzen ari zarela dakizun moduan.

Kontua da beste batzuetan kodigoak are lausoagoak direla eta ez dudala uste idazleok benetan kontutan hartzen dugunik horrek zer esan nahi duen irakurlearentzat. Ez dakit argi uzten dugun liburuaren azal hegalean datorren argazkiarekin zer egin behar duen. Idazten baldin badugu gure adina izan dezakeen norbaiti buruz, beharbada gure generoa duena, gurekin hainbat elementu autobiografiko konpartitzen dituena, gure Euskal Herri honetan bizi dena, gu bat izan daitekeena… kontziente gara horrek beregan sortzen duen interfentziaz? Neure buruari galdera eginda diot: badakigu beti gure eta bere espazioa zein den desberdintzen?

Idazten dugunean nahi duguna egin dezakegu, jakina, baina ez gara bakarrik ari, egiten dugun musikak dantzakidea behar du eta kide horrekin kodigo argi bat ezartzen eta  adosten  ez  badugu,  arriskua  dago  ez  dugula  biok izaki bakarra bagina bezala dantza egingo. Bakoitza bere lekuan bai, baina biok entzuten eta ulertzen dugun musikaren emozio zintzoaren besoetan. 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina