Jasone Osoro: “Irakurleak ondo pasatzea eta entretenitzea da nire helburua”

Jara pertsonaiarekin ezagutu genuen Jasone Osororen (Elgoibar, 1971) gazte literatura egiteko esku ona. Pertsonaje hau sortu zuenetik urte batzuetara Ezekiel liburuarekin frogatu zuen aurreko argitalpenen arrakasta ez zela kasualitate hutsa izan. Oraingoan, Ezekielen abentura berriak bildu ditu Ezekiel nora-ezean liburuan.

Zure idazle ibilbidean helduentzat zein gazteentzat idatzi izan duzu, zeinenganako bidea da errezagoa?
Jara sortu arte sekula ez nuen pentsatu gazteentzako idaztea. Tentatu egin ninduten eta badirudi asmatu nuela Jararekin. Erregistro ezberdinak ditu helduentzat edo gazteentzat idazteak, baina biek dituzte zailtasunak. Egia da agian helduen literaturak bihurgune gehiago dituela, nekezagoa izan daitekeela korapiloak askatzea, erritmoari eustea, interesa mantentzea… Baina irakurle gaztea ere oso zorrotza da eta, gainera, oso gutxik du benetan gustuko irakurtzea. Hortaz, ezinbestekoa da euren azalean jartzea eta, nolabait, identifikazioa sortzea irakurlearen eta pertsonaien artean. Edonola, idazteak, edonorentzat izanik ere, bietatik du: gozamenetik eta baita oinaze apur batetik ere. Kontua bidean gozamena handiagoa izatea da. Nik literatura sortzen gozatu egin nahi dut batez ere, ez sufritu.

Ezekiel kaleratu zenuen 2009an, nolatan orain Ezekiel nora ezean?

Jara-ren ondoren etorri zen Ezekiel. Irakurleek gustura hartu zuten eta abentura berriak eskatzen zizkidaten ikastetxeetara joaten nintzenean. Gauza ederra da irakurleak esatea gehiago nahi duela. Eta gauza ederra da zuk sortutako pertsonaia horrek oraindik ere zer kontatua baduela ikustea.

Lehenengo pertsonan idatzi dituzu bi liburuak. Erraza egiten zaizu 15 urteko Ezekiel pertsonaiaren barruan sartzea?

Beti pentsatu izan dut idazle izatea eta aktore izatea nahiko antzekoak direla. Bietan, hainbat pertsonaien azalean sartu behar duzu, haiek bezala pentsatuz, sentituz, jokatuz. Oso aberasgarria da hori, eta iruditzen zait irekiagoa izaten laguntzen dizula. Egia da askoz errazagoa egiten zaidala Jararen azalean sartzea, ni neska naizelako eta neska nerabe baten unibertsoa lehen pertsonan ezagutzen dudalako; baina nor bere barruan arakatuz ohartzen zara dozenaka ezaugarri dituzula zure baitan. Literaturak gure ezkutuko ezaugarri horiek azalerazten laguntzen dit niri.

Egun gazteek dituzten hainbat gai lantzen dira liburuan: familiako arazoak, guraso seme-alaben arteko harremana, homosexualitatea, ligatze kontuak, laguntasunaren indarra…

Bai. Nerabezaroa garai kritikoa da, eta mundua deskubritzen ari diren gaztetxo horiek, beraiek bizitzen ari direna erabat normala dela ikusi nahi dute, besteei ere gertatzen zaiela jakin nahi dute. Lehen aipatu dudan identifikazio hori lortzeko, ezinbestekoa da errealitatetik aritzea.

Liburuko protagonista bakoitzak – Ezekiel, Leon, Ola, Etxe, Elena, Maria… – gai bati ematen dio garrantzia, baina zer dute denek komunean?

Dudarik gabe, adiskidetasuna da ardatza. Mundua erortzen ari dela iruditzen zaigunean lagunek atera zaitzakete desastre horretatik.

Ezekiel helduagoa da orain kaleratu duzun liburuan. Mutilari kezkatzen dizkioten arazoak ere berdin eboluzionatu al dute?

Ez dut oso modu konszientean egin, natural atera da. Ezekielentzat aitaren itzulerak iraultza bat suposatuko du, eta, horren eraginez, aurreko liburuan burutik pasa ere egiten ez zitzaizkion hainbat gairen bueltan hausnartuko du. Halere, ezin dugu ahaztu 14-15 urteko gaztea dela, oraindik ere erdi galdurik dagoena, zer nahi duen oso argi ez dakiena, sentimenduak etengabe korapilatuta dituena, orain beltz, orain zuri ikusten ditu gauzak, mundua bere kontra dagoela iruditzen zaio… Enfin, eboluzio guztiek dituzten barne-gatazkak puri-purian bizi ditu Ezekielek.

Gaur egungo gazteek dituzten arazoak liburuko pertsonaiek dituztenak direla iruditzen zaizu?

Ni neu nerabe bat nintzenean eta gaur egungo nerabeen artean ez dago hainbeste ezberdintasun. Gauza batzuk aldatu dira, bai, teknologia, esaterako. Baina, oro ar, gaztetxo bat izatea gaur egun edo duela 25 urte oso gauza antzekoa da. Iraultza hormonala hor dago, beldurrak, galderak, kezkak, estreinako muxuak, haserreak, ametsak… Edozein izan daiteke Ezekiel, edo Leon, edo Ola, edo Elena, edo Maria, edo Etxe…

Zein da gazteei helarazi nahi diozun mezua?

Irakurleak ondo pasatzea, entretenitzea da nire lehen helburua. Liburu bat irakurtzen hasi eta disfrutatuz amaitzea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina