Karlos Linazasoro: “Nobela bat da, baina izan liteke ipuin-liburu bat edo prosa poetikozkoa ere”

Karlos LinazasoroVersusHelduentzako nobela batekin datorkigu Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962). Ez da eleberri kanoniko bat ordea, egileak berak abisatzen duenez. Naufrago bat uharte huts eta txiki batean: egoera eta kokaleku horrekin, 99 pasarte ondu ditu, bariazio musikalen gisan, era guztietako gai eta estiloak jorratuz.

Poema, mikroipuin, aforismo… Laburrean aritu ohi zara; orain, aspaldiko partez, helduentzako nobela bat egin duzu. Berez sortu zaizu? Propio horretara jarrita?

Propio egin dut, bai. Helduentzako nobela bat egin nahi nuen. Uste dut gure herrian gelditzen den literatura genero bakarra dela, eta ea ba liburu honekin idazle estatusa lortu edo ematen didaten…

Hala ere, hau ez da nobela konbentzionala. Estilo-ariketa modukoak direla esan liteke. Raymond Queneau izan duzu gogoan?

Queneau izan dut gogoan, bai, baina era arin batean soilik. Hark, bere liburuan, eszena bakar bera modu desberdinetan kontatua ematen du; nik, aldiz, pertsonaia eta kokapen geografikoa errepikatzen ditut, baina eszenak beti desberdinak dira. Harena ariketa estilistikoa da batik bat; nirea, gehiago da literarioa.

99 atal izateak badu arrazoirik?

99 atal ditu nireak, Queneaurenak ere 99 dituelako. Keinu, omenalditxo moduko bat da, bai.

Naufrago bat da Versus, uharte ttipi batean bizi dena. Gai horrek literaturan eman duen uzta ederki baliatzen duzu.

Naufragoen literatura ugaria da, mitologiatik bertatik hasita. Versusek, irakurle aparta den aldetik, literatura klase hori oso ondo menderatzen du, eta liburuan sarri-sarri azaltzen dira liburu zein pasarte horien aipamenak.

Tonu-aldaketa franko dago liburuan: badira zati lirikoak, umoretsuak, serioak… Aldartearen arabera atera zaizkizu horrela, ala nolabaiteko eraikuntza-lana dago atzean?

Liburuaren egitura edo asmoa horrelaxe planteatu nuen: naufrago bat, berrogeita hamar metro karratu dituen lur zati bat, palmondo bat, eta bakardade erabatekoa. Elementu xume eta minimo horiekin, nobela bat idatzi, 99 ataletan. Beraz, nire lana izan da zulo horiek betetzen joatea. Nobelak hari argumentalik ez duenez, askatasun osoa neukan zati bakoitzean nahi nuena kontatzeko; eta halaxe bada atera zaizkit zati batzuk lirikoak, besteak teknikoak, metaliterarioak, serioak, aforistikoak…

Esan daiteke zure betiko obsesio batzuk ageri direla liburuan barrena, eta aldi berean gaien askotarikotasun bat.

Nire lan klasiko bat dela esan daiteke, bai; eta, era berean, gai asko ukitzen direla egia da. Akziorik ez dagoenez, Versusen oroimenaren hariari tira egin behar izan diot, bere irakurketa askotarikoak hizpidera ekarri, bere kezkak, esperantzak, bizi ahal izateko burutzen dituen gauza burugabe eta barregarriak… Zertan pasatzen du eguna naufrago batek? Ba, larru horretan sartu, eta neronek egingo nituzkeenak barru-barrutik kontatzen saiatu.

Berezia da, pasarte guztiek, formaz eta edukiz guztiz desberdinak izan arren, luzera ia berdina dutela. Erraza izan da diziplina horretara jartzea?

Nahi nuen atal bakoitza 13-14 lerrotara errenditu. Horretan saiatu naiz, eta laburtasun horretan, egia esan, ez dut aparteko zailtasunik izan.

Bestalde, besteetan landu izan dituzun generoak ez daude guztiz bazertuta: badira poesia diruditen zatiak, aforismo gisako txinpartak, ipuin labur-laburrak…

Denetarik dago, bai. Nobela kanoniko edo ortodoxo bat idazteko ezgai naizenez, nire armak baliatzen ditut testu bat potolotzeko. Nolanahi ere den, testu hau nobela bat da, baina izan liteke ipuin-liburu edo prosa poetikozko liburu bat ere. Edo eguneroko bat. Edo bitakora kaiera bat. Edo miszelanea bat. Genero guztien gainetik, Literatura. Bi hitzetan esateko, eta lotsa apurrik gabe: maisu-lan bat.

Hizkuntza da bereizgarri bat: lexikoaren aberastasun izugarri bat, erregistroen ugaritasuna, hitzen erabilera estetiko eta ludikoa… Urteen joanean zeureganatu duzu hiztegi hori guztia? Entziklopedietara jotzen duzu?

Urteen joanak, ajeak aje, asko erakusten du. Nik ergela dirudit, baina ez naiz batere ergela. Gauzak barruan gelditzen dira, buruan, ofizioa ikasten da, ahots bat lortzen da, idazteari beldurra hartzen diozu, panikoa, zeure obsesioek okerrera egiten dute… horrek guztiak laguntzen du mahaian esertzeko orduan, jakina. Ni ezertan ez naiz saiatzen hain osorik, hain hil-biziko, idazten baino.

Zure lan-erritmoa ezagututa, pentsatzekoa da beste libururen bat izango duzula bidean. Aurreratzerik bai zer edo zer?

Urteak daramatzat Literatura Hiztegi bat burutu nahian, baina ez dakit, aurreratua daukadan arren, sekula santan bukatuko dudan. Energia guztiak jaten dizkit, aluak…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina