“Nur eta herensugearen tenplua” – Irudimenaren gunea

Iragan ekainean estreinatu zuten Nur eta Herensugearen Tenplua 65 minutuko film luzea, eta zinema aretoetan izan ondoren, DVD formatura ekarri berri du Elkar argitaletxeak Lotura ekoizetxearekin elkarlanean.

Logika jolasak maite zituen Juanba Berasategi zinemagileak, eta, diotenez, frogak jartzen zizkien Lotura Films ekoizpen etxeko lankideei sarri. “Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?”, galdetzen zien marrazki bat eskutan zuela: irudian zenbakitutako aparkaleku bat, auto batekin: 16, 06, 68, 88, autoa, eta 98. “Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?”. Irudi horrekin hasten da Nur eta Herensugearen tenplua euskarazko film luzea, Berasategik zuzendutako azken pelikula. Toti Martinez de Lezea idazlearen eleberrian oinarrituta dago eta balio hezitzaileak transmititzea du helburu.

Berezia da Nur eta herensugearen tenplua, euskarazko animaziozko pelikulak egiten lehena izan zenaren azken lana baita. Aitzindaria izan zen Berasategi, 1985ean, Kalabaza Tripontzia  euskarazko animaziozko lehen film luzea sortu zuenean. Ordutik erreferentea izan da zinemagilea. Bi urte dira Martinez de Lezea idazlearen Nur ipuin bilduma arrakastatsuaren ale bat aukeratu eta pantailaratzeko erronka hartu zuenetik. Hark zuzendutako azken filma da, hain zuzen, Nur eta Herensugearen tenplua, iazko apirilaren 28an hil baitzen zinemagilea, 66 urte zituela, minbiziaren ondorioz. Guztira, 40 lagunek baino gehiagok parte hartu dute filma sortzeko prozesuan. Eneko Olasagastik sortu du gidoia, eta Joserra Senperenak, berriz, musika.

Bederatzi urte dira Martinez de Lezea idazleak Nur ipuin bildumako lehen alea idatzi zuenetik, eta hamahiru aleko ipuin sorta arrakastatsua da jada. Hirugarren alea pantailaratzea erabaki zuen Berasategik, eta Martinez de Lezeak azaldu zuenez ipuina ez zuen auzaz aukeratu. Fantasia eta errealismoa elkartzeaz gain, dragoiak Euskal Herriko mitologiaz nahasten ditu istorioak, eta berezia da horregatik.

Filma liburuan oinarrituta badago ere, istorioa moldatu egin dute ikus-entzunezkoa sortzeko: Txinara bizitzera joango da Nur eta lagun berriak egingo ditu han. Horietako baten urtebetetzea ospatzen ari direla, desagertu egingo da. Galdutako adiskidea aurkitzeko, labirinto batean sartu beharko du Nurrek eta hainbat froga gainditu. Balio hezitzaileetan jarri dute arreta ikus-entzunezkoa sortzeko: adiskidetasun eta elkarlanean, kasurako. Beti ere, magia eta irudimena oinarri hartuta.

Irudimena behar da, hain zuzen, Nur eta Herensugearen Tenplua filmean azaltzen den eta Berasategik ekoizpen etxeko lankideei jartzen zien ariketa asmatzeko, ariketa duen orriari buelta eman eta zenbakiak alderantziz irakurtzeko: 91, 90, 89, 88 eta 89 bihurtzen dira 16, 06, 68, 88 eta 98 zirenak. 87a estaltzen du, hortaz, autoak. Nurrek filmean pasa beharreko frogetako bat baino ez da hori, Berasategiren eskuak utzitako marka bat.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina