“Serio demonio” – Juan Kruz Igerabide

 

 

 

 

 

 

 


Juan Kruz Igerabide: “Neuretzat idazten dut, neure barruan bizi den haurrarentzat”

 

Esaguzu nor den Txintxo, istorio hauetako protagonista.
Inoiz barrerik egiten ez duen mutiko zintzo bat da, beti serio demonio. Bere gelako haur guztiak barrez ari direnean ere, bera serio-serio. Eta maistra kezkatu egingo da. Azkenean, Txintxok oso modu bitxian berreskuratuko du irribarrea.

Zer du Txintxok, haurrek gustuko izateko?
Haur guztien barruan, Txintxo bat bizi dela iruditzen zait. Nahiz eta ez den beti agertzen, haurrek badakite hortxe dagoela. Baina, hain da serioa, non, azkenean, barre eginarazten baitu. Niri behintzat hala gertatzen zait; oso-oso serio jartzen saiatzen banaiz, azkenean barrea irteten zait..

Istorio ezberdinek osatzen dute ipuin liburu hau, hamalau guztira. Tankera honetako ipuin Serio demonio - Juan Kruz Igerabidemotz hauek egitea gustuko duzu. Zergatik? Abentura asko geratu al dira bidean?
Idazten hasi nintzenetik dut gustuko molde hori. Ipuin laburrak dira, baina elkarrekin harremana dute, nobela txiki baten kapituluak balira bezala. Pertsonaia bat gustuko dudanean, liburuaren amaiera arte haren atzetik ibiltzea gustatzen zait. Eta, bai, abentura asko geratu dira bidean; ez dut dena kontatu, ezta gutxiagorik ere. Irakurle bakoitzak asma dezake zer gertatzen den nik kontatzen ez ditudan pasarteetan.

Jokin Mitxelena nahi izan duzu zure liburua ilustratzeko. Zergatik?
Umorezko istorio mota honetarako, Jokinek eta biok badugu halako konplizitate berezi bat, esan gabe doana. Biok tonu berean kantatuko bagenu bezala da. Segituan ulertzen diogu elkarri.

Honezkero, haur literaturan eginiko ibilbide luzea egin eta gero, akaso, galdera lekuz kanpo egon daiteke, baina… Zergatik idazten duzu haurrentzat?
Neuretzat idazten dut, neure barruan bizi den haurrarentzat. Beste haurrei hitz eginez, neure barruko haurrari hitz egiten diot, eta oso ondo pasatzen dut. Jolas bat da, baina oso serioa; serio demonio aritzen naiz lan horretan.

Aspaldi baduzu harreman zuzena haurrekin, zure irakurleekin? Zer nolako harrera egiten dizute?
Gaztetandik hasi nintzen haurren irakasle. Gaur egun helduekin lan egiten badut ere, harremanetan jarraitzen dut eskola-giroarekin. Harrerari dagokionez, haurrak oso esker onekoak dira, baina, aldi berean, oso irakurle zorrotzak. Haiek merezi duten maila eman nahi nuke; ez dakit zer neurritan lortzen dudan, baina nire eginahala erabatekoa da.

Haurrak, haur irakurleak, asko aldatu al dira idazten daramazun urte hauetan guztietan?
Zenbait molde aldatu dira, baina, oinarrian, lehengo haurrak eta oraingoak berdinak iruditzen zaizkit; nire ikasle izandako gurasoekin topo egiten dudanean, haien haurrak oso antzekoak direla ikusten dut: antzeko gauzekin egiten dute barre, antzeko gauzekin negar, antzeko moduan jolasten dira, nahiz eta jostailuak aldatu.

Eta istorioak?
Istorioak ere aldatzen dira, denborak aurrera egin ahala, baina istorioek eragiten dituzten zirrarak berdinak dira, hala antzina nola gaur egun. Egia da garai bakoitzak bere istorioak dituela, baina istorioak kontatzeko beharra dago oinarrian, eta hori da gehien axola zaidana.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina