Amaia Egidazu: “Kultura tradizionalaren sinbologiaren indarra aldarrikatzen da ‘Dorotea’n”

Zorioneko da Amaia Egidazu. Berak idatzi eta marraztutako Dorotea album ilustratuak irabazi du aurtengo Etxepare saria. Horri esker Pamielak argitaratu berri du durangarraren lehen liburua.

Nor da Dorotea?
Dorotea landa gunean bakarrik bizi den amama ausart eta ekintzaile bat da, eguneroko arazoei irudimen handiz eta kemenez aurre egiten diena. Ez du ipuinetako ohiko amonatxoaren estereotipoa jarraitzen eta horrek, hein batean, berezi bihurtzen du. Askorentzat uste baino pertsona ezagunagoa da gainera.

Aurtengo Etxepare saria irabazi duzu. Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen dituzula nabarmendu du epaimahaiak. Nolako prozesua izan da?
Hitzen soinuetan erreparatzeko, errimak bilatzeko, hitz jokoak egiteko eta, azken finean, hizkuntzarekin jolasteko joera daukat. Tarteka, poema edo ipuin laburrak koadernotxo batean idazten ditut denbora-pasa gisa. Dorotearen istorioa, konkretuki, duela pare bat urte idatzi nuen eta, berarekin berriz topo egitean, testua osa zezaketen eszena komiko batzuk irudikatu nituen. Ilustratzen esperientzia handirik ez daukadan arren jolasteko eta esperimentatzeko gogoa neukan, eta album ilustratu bat egitera animatu nintzen.

Askoren haurtzaroa markatu duten pertsonaia bi agertzen dira ipuinean. Umezaroko ipuin kutunari omenaldia?
Ahozko tradizioan jatorria daukaten istorioak gustuko ditut orokorrean, eta egia da haurtzaroan entzundako kontakizunek eragin handia daukatela gugan, mundua
ulertzen, emozio biziak bizitzen eta arazoen aurrean irtenbideak bilatzen lagun baitiezagukete. Joera handia dago haien bertsio edulkoratuak, gozoak, sortzeko: gaizkilerik, beldurrik, tristurarik, gatazkarik, minik eta heriotzarik gabe; umeei egiazkoa ez den mundu bat erakutsiz eta gehiegi babestuz. Dorotearen kasuan, orain arte kontatu ez den moldaera berri bat izan badaiteke ere, kultura tradizionalaren sinbologiaren indarra aldarrikatzen da moduren baten. Bestetik, pertsonaia bi hauei egindako keinu txiki horrekin beste irakurketa geruza bat eskeini nahi izan diot ipuinari, irakurle batzuek sorpresaz jasoko baitute Dorotearen bukaera.

Ipuinak ilustratu bakarrik ez, ahotsa ere jartzen diezu, ipuin kontalaria ere bazara eta. Dorotea jendaurrean aurkezteko asmorik bai?
Guztiok daukagu kontalari bat barruan, eta urte askoan seme-alabekin, etxe giroan zein eskolan lanean, istorioak kontatzen aritu naiz. Jendaurrean ere ekin izan diot, eta liluratu egiten nau ipuinen bidez umeekin lortzen den konexioak, beraien aurpegiek, begiradek, ideiek… Beraz, zabalik nago Dorotearekin edonora joateko.

Orain zer duzu esku artean?
Hainbat ideia ditut buruan momentuz zirriborroak baino ez direnak: album ilustratu batzuk eta umeentzako poema sorta bat. Egia da Etxepare saria jasotzeak sortzen jarraitzeko bultzada eta ilusioa piztu dizkidala. Niretzako ezezaguna den mundu berri bat ireki zait begien aurrean, eta ikasten jarraitzeko gogotsu nago.

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina