Garazi Goia: “Nire pertsonaiek, erantzun ezin dituzten galderekin eraiki behar dute etorkizuna”

Txartel bat (des)herriraGarazi GoiaGarazi Goiak (Segura, 1978) bigarren eleberria idatzi du: Txartel bat (des)herrira, bata gerratik eta bestea oroitzapen mingarrietatik ihesi dabiltzan bi pertsonaiaren istorio gurutzatuak, gozotasun edo sosegu apur baten bila. Piezaz pieza, maitasun eta maisutasunez osaturiko puzzlea.

Orain dela bost urte kaleratu zen zure lehenengo nobela, orain arteko bakarra: Bi hitz. Zertan da hau haren jarraipen, zertan desberdin?

Ez dauka jarraipenetik ezer eta oso ezberdina dela esango nuke. Hala ere, muturreko egoeren sinbolismo bat badago orain ere, eta pertsonen sentimendu sakonak erakutsi nahi izan ditut: mina, damua, ezintasuna, maitasuna, zalantza egoerak. Bizitzako muga horiek interesatzen zaizkit, eguneroko errutina arruntetik haratago daudenak.

Bestalde, nobela batek, batez ere idazten ari zarenean, lotura psikologiko sendoa sortzen du; denbora luzean zehar sortutako lana da, eta zuk sortu dituzun pertsonaiak zure bizitzako parte bihurtzen dira modu berezi batean. Aurrera egiteko eta beste zerbait berria idazten hasteko, ezinbestekoa da niretzat kapitulua ixtea. Bi Hitz-en kapitulua itxi nuen eta zerbait ezberdina egin nahi nuen oraingoan.

Puzzle gisako idazketa erabili duzu hemen ere, pixkanaka josiz joango diren piezaz osatua.

Bai, aurreko nobelan bezala estilo zatikatua erabili dut, teknika literarioa ere antzekoa da, idazmolde asko nahastuz (prosa, tartekako poesia, pasarte onirikoak, metaforak, eskutitzak, etab). Askotan ez dut trama edo mezuak garbiegi azaltzeko beharrik sentitzen. Irakurleari beraien interpretaziorako bidea ematea interesgarriagoa iruditzen zait. Ez dagoela beti erantzun bakarra edo amaierara iristeko bide bakarra adierazi ahal izatea, adibidez. Sentimendu sakon eta mingarriez ari naiz askotan, eta horiek zeharkako estilo batean azaltzea errazago egiten zait.

Ez dut uste balioko nukeenik abenturazko istorioak kontatzeko, hasiera, trama eta amaiera moduko egitura finkoarekin!

Pieza horietako bat Peru da, gerrako umea. Nondik datorkizu gai honekiko zaletasuna?

Memoria historikoaren gaia beti interesatu izan zait. Duela bost urte inguru jakin nuen Ingalaterrako “Basque Children of 37” erakundearen berri. Habana itsasontzian Ingalaterrara joan zen haur baten semeak eta haurren zaintzan ibili zen emakume baten alabak sortutako ongintzazko erakundea da. 1937an etorri eta oraindik Ingalaterran jarraitzen zuten “haurrak” berriro elkartzea zen helburuetako bat, dokumentazioa bildu eta aztarna historikoa bizirik mantentzearekin batera. Izugarria da bizi behar izan zutena. Francoren garaiko errepresio eta lotsa politikoaren itzalean gelditu ziren “haur ahaztuen” istorioa da. Erakundearekin harremanetan jarri nintzen eta hor hasi zitzaidan gaia interesatzen.

Kirmen Uriberen Mussche liburua irakurri nuenean posta elektroniko trukaketa bat izan nuen berarekin. Berak ere gerrako haurren historia du kontagai, bestelako ikuspegi batetik. Bere liburuan aipatzen zuen zerbaitek atentzioa eman zidan eta hori esanez idatzi nion. Ez zitzaizkiola heroiak gustatzen zioen, arrastoa uzten duten pertsona hauskorrak baizik. Nik ere berdina pentsatzen dut eta Txartel bat (des)herrian idazterako orduan oso presente izan dut hori. Hain zuzen, hori da Peru. Peru eta bera bezala Ingalaterrara joan eta han geratu behar izan zuten 250 gerrako haurrek arrasto sendoa utzi dute eta nik arrasto hori bilatu nahi nuen, liburuetan, “haurrekin” eta beren seme-alabekin izandako elkarrizketetan, gaia aztertu duen jendearengan, “haurren” inguruan hezi zirenengan. Eta aurkitu dut, zalantzarik gabe. Beste gauza batzuen artean, horregatik izan da hain betegarria esperientzia.

Peru, Ibai, Maialen, Sara

Dena ez kontatu arren, dokumentazio-lan handia sumatzen da…

Erakunde horren inguruan eta dokumentazio-lana egiten ari nintzen bitartean jende asko ezagutu nuen: Ingalaterrara joan ziren haurrak, beren seme-alabak, ikertzaileak, zinemagileak. Horiekin guztiekin izandako elkarrizketetatik asko ikasi nuen. British Library-n pasatu nituen asteburu asko, 1937an idatzitako liburuak topatu nituen, orduko egunkariak eta material asko gai horren inguruan. Historiagile bat ezagutu nuen eta Ingalaterrako Artxibo Nazionaleko dokumentu asko pasatu zizkidan, 1937an Gobernuko kabineteko bileretako aktak adibidez. Izugarria. Libururako behar nuen informazio nahiko bilduta banuen ere, harrapatu egin ninduen gaiak eta azkenerako denbora asko dedikatu nion dokumentazio-lanari.

Hala ere, ez nuen nobela historiko bat egin nahi, eta ezta nobela ortodoxoaren bidetik joan ere. Peru ez da benetako pertsonaia, Ingalaterran gelditu ziren 250 haurrak sinbolizatzen dituen fikziozko pertsonaia da, eta asmatutako pasarte asko daude kontatzen dudan fikzioan. Baina fikzioa izan arren, fikzioaren beste dimentsio bat bilatu nahi izan dut: Peru hezur-haragizkoa egin nahi nuen modu batean, irakurleak erreala izan daitekeela sentitzea garrantzitsua da niretzat. Horretarako, kontatzen ditudan gertakizun batzuk benetakoak dira, eta leku ia guztiak errealak dira.  Bestalde, 1937an Ingalaterrara joan ziren hamarren bat pertsona ezagutu eta elkarrizketatu ditut, eta hortik ateratako sentsazioak, beraiek eman dizkidaten inpresioak eta sentimenduak islatu nahi izan ditut baita ere, oraindik errealagoa egiteko.

Beste pieza bat, Ibai, hau ere ihesi, aurrekoa bezala, baina bestela.

Hori da, Ibai ihesi doa, iraganetik ihesi, baina bere erabakiz, Maialen atzean utzita. Erantzunik gabeko galderek oinazetzen dute. Peru bezala, baina beste mota bateko galderak ditu. Biak Londresen daude eta herrira itzultzea eragozten dieten bi istorio ezberdin dituzte komunean. Egoera horrekin jokatu nahi izan dut. Eta egoera horretan deserriak duen indarra azaldu. Adin ezberdintasuna dago bien artean, baina bien konplizitate handia sortzen da.

Eta azken pieza, bikoitza, Sara eta Maialen ahizpek osatzen dutena.

Muturreko egoera asko sinbolizatzen ditu bi ahizpen istorioak. Maialenen bizitza gelditu egiten da bat-batean. Sararenak aurrera jarraitzen du, baina ahizparena gelditu egin dela ikusteak errudun sentiarazten du.

Maialenen iragana eguneroko batean dago idatzita, eta horren bidez ezagutzen dugu Maialen, eta modu batean Ibairi buruz gehiago ere bai. Sarak irakurtzen du egunerokoa, ospitale bateko gelatik. Horrek oraindik gehiago dramatizatzen du istorioa.

Ihesi, norbere edo besteren erabakiz

Gai ugari agei dira: bertakotze/deserrotzea, maitasunaren ingurukoak, bizitza berri bat abiatzea posible ote den… Horietako bat garrantzitsuagoa zen zuretzat besteak baino?

Herriaren eta deserriaren kontzeptuak eta identitatean duten eragina garrantzitsua da niretzat, eta horren inguruko gogoetak bereizi nahi nituen.

Bizitzan zehar hartzen diren erabakiek edo egindako aukerek duten indarra ere azaldu nahi nuen. Adibidez, istripu batean ostean, Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Gernikako bonbardaketaren ondoren, Peru ere ihesi doa, baina besteen erabakiz. Biek iraganari buruzko galderak dituzte, erantzun ezin dituzten galderak. Inoiz erantzun ezingo dituzten galderak. Eta baldintzazko perpaus horiekin eraiki behar dute etorkizuna. Etorkizuna eraikitzea, herrian edo deserrian, orain beraien esku dago.

Maitasunak, minak, damuak, distantziak, aldentzeak eta bakardadeak testuinguru horretan rol garrantzitsu bat betetzen dute.

Eta zuk, aspaldi samarretik Londresen biziz, nola daramazu (des)herria?

Nire deserria ez da gogorra, nire aukera da, eta gainera egun distantziak ez dira ia existitzen. Eta, garrantzitsuena dena, zortekoa naiz, badakidalako nahi dudanean itzuli naitekeela herrira.

Bestalde, deserrian egon arren, idazteak –zutabegintzak edo nobelak– nire herri eta kulturarekiko sentitzen dudan erantzukizun hori betearazten dit. Gertuago sentitzen naiz hemendik, eta han egon arren gerturatze horrek ematen didan oreka garrantzitsua da niretzat. “Hemen” eta ” han” kontziliatzeko lan horretan laguntzen dit.

Idazkeran badago, narrazioan jardun arren, estilo poetiko bat lantzeko asmoa, ezta?

Bai, horrela da. Oinarri errealista daukate sentimenduek eta kontatzen ditudan istorioek, baina tonu poetiko eta metaforiko bat erabiltzen dut askotan. Hitzekin jolastea atsegin dut. Esango nuke modu batean nire idazteko estiloaren ezaugarri bat dela; baina, bestalde, kontatzen dudan istorioak ere hori eskatzen zidan.

Eta hurrengo proiekturik, aurreratu baldin baliteke?

Zerbait badabilkit buruan, idazten hasi naiz, baina kimua baino ez daukat eta nahiago nuke ezer ez aurreratu – oraindik buelta asko eman ditzake eta! Baina, nobela honek indarrez eta gogoz utzi nau laster beste zerbaiti ekiteko. Hori aprobetxatu nahi dut orain, eta ea laster beste zerbait ateratzerik dudan!

Ikasten jarraitzen dut eta jarraitu nahi dut literatura bidaia honetan. Idazle berriak deskubritu ditut, bizipen berriak bizi , jende berria ezagutu dut, zutabegintzak asko lagundu dit idazteko orduan, eta horien guztien arrastoa utzi nahi dut modu batera edo bestera idatzietan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina