Nahiago dituzte eskularruak (Giza harremanak)

Literatura eta giza harremanak terminoak aipatzen ditugunean, ematen du gauza berari buruz ari garela edo, beste modu batera esanda, ez dagoela lan literariorik giza harremana tratatzen ez duenik. Errealitatetik ateratako kontakizunik ezohikoenak ere jendearen arteko erlazioak hartzen ditu kontuan, erlazio jakin horiek apurtzeko baino ez bada ere. Esan genezake, bada, salbuespen eskas batzuk kenduta, munduko liburu guztiak sar daitezkeela atal honetan.

Pertsonen arteko harremanik gatazkatsuenetakoak Franz Kafka txekiarrak utzi zizkigun. Idatzitako edozein izkribuk balio digu gorabehera horiek agerian uzteko, hala nola Metamorfosia, Gaztelua, Prozesua, ipuin gehienak, aitari idatzitako gutun famatu hura ere bai.

Inguruarekiko harreman zail hori berori agertzen duen narrazioa, kasu honetan bulego-lanetara ekarria, Herman Melvilleren kontakizun ezaguna da: Bartleby, eskribaua (Bartleby, the scrivener; Bartleby, el escribiente). Bartleby bulegariak ezetz esaten dio behin eta berriro nagusiari lan bat zuzentzeko agintzen dionean, “Nahiago nuke egin behar ez banu” erantzuten du lasai-lasai (“I would prefer not to” jatorrizkoan). Nagusiak ez daki nola tratatu enplegatu berezi hori…

Figura literario hori hartuta, Enrique Vila-Matasek Bartleby y compañía idatzi zuen; idazteari uzten dioten idazleez ari da, Juan Rulfo, besteak beste. Izan ere, idazle mexikarrak liburu bi baino ez zituen idatzi: El llano en llamas eta Pedro Páramo. Horietan ere beste inork ez bezala tratatu zituen giza harremanak.

J. D. Salinger da idazteari utzi zion eta Vila-Matasek aipatzen duen beste idazle bat, giza harreman gorabeheratsuak ezin hobeto landu zituena. Zekale artean harrapaka izan liteke adibiderik argiena eta ezagunena, baina 9 ipuin izeneko narrazio-bilduma ere ez da erakusle desegokia.

John Berger idazle ingelesa ere maisua da arlo horretan. Gizateriarekiko errespetua behin eta berriro erakutsi izan du, jarrera politikoan, sozialean, eragilean… Saioak ere idatzi izan ditu ideia horiek hobeto adierazi ahal izateko, Hold Everything Dear (Con la esperanza entre los dientes), esate baterako. Fikzio-lanetan ere, ezin zen bestela izan, ezin hobeto islatzen da. Ingelesaren trilogia aipa liteke beharbada: Into Their Labours (Pig Earth, Once in Europe, Lilac and Flag) [De sus fatigas: Puerca tierra, Una vez en Europa, Lila y Flag].

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi gureganaino duela gutxi (2011) heldu den, baina klasikoa izateko hari guztiak dituen idazle errumaniar bat (jatorri saxoia duena): Eginald Schlattner. Rote Handschuhe liburuan (Guantes rojos), ederto batean deskribatzen ditu Transilvaniako gutxiengoen harremanak, euren artekoak, errumaniar gehiengoarekikoak… Liburu zoragarria.

Euskaraz ere, noski, badira gai hau landutako liburuak, gehiegi hain leku txikirako. Dagoeneko aipatu ez ditudan klasikoen artean J. A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa edo Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eta Elsa Scheelen datozkit burura. Berriagoetara etorrita, Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu edo Eider Rodriguezen Haragia. Milaka aipatu daitezke, guztiak beharbada, baina barkatuko didate espazioaren urria agertu ez direnek… Azken zutabe honetan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina