Irigoien, galtzaileei ahotsa emanez

Nobela berri batekin datorkigu Joan Mari Irigoien (Altza, 1948): Ur arreak, ur garbiak, Nafarroa lehorrean kokaturiko balizko herri baten historia hurbila, urtegi baten eraikuntzak urpean uzten duen arte.

 

Orbetarren proiektu erraldoiaren ondotik itzuli zara eleberri “normalago” batekin. Zer-nolakoa izan da trilogiaren esperientzia?
Bi hitzetan: nekagarria baina ona. Pozik nago, oro har.

Gatozen beraz gure liburu honetara. Oker ez banago, ez da oraingoxea ideia, lehendik ere buruan erabilia baizik…
Nobela honek, Egunkaria-n aspaldi idatzi nuen ipuin bat du sorburu. Ipuina “Urgain” izeneko herri batean kokatua zegoen, nik asmatua. Ez da, beraz, Jose Antonio Loidik asmatu zuena, bere Hamabost egun Urgainen ezagunean. Hasieratik konturatu nintzen ipuin hura nobela baten hazia izan zitekeela, eta horretan saiatu nintzen. Lehen ahaleginean, “eskasa” zela esan zidaten argitaletxean, kopla handirik gabe. Baina nik banekien nobela eskas hark bazuela nobela on edo baleko baten oinarria, argi eta garbi izan dut beti hori. Eta orduan, erabakiririk onena hartu nuen: kaxoian sartu, eta itxaron. Aurten, hamar urte igaro ostean, berriro hartu dudan arte.

Zer kontatzen du Ur arreak, ur garbiak honek, zehatzago esanda?
Inguruan eraikitako urtegi bateko urek azpiratuko duten herri baten historia bat, eta bertan gertatzen diren pasadizo batzuk kontatzen dira, 1920tik 1960ra bitartean, gutxi gorabehera, Francok gerra irabazi eta handik urte batzuetara. Nafarroako herri bat da, bestela esanda, Urgain: ez Esa eta ez Itoitz, baizik eta nik apurka-apurka sortua, kontakizunaren behar literarioen arabera.

Galtzen den herri bat, kultura bat… Zure Babilonia-n ere horixe izan zitekeen gai zentrala. Zertan da hau desberdin eta berezi?
Nobelan deskribatzen dudana baserri-mundua da, bai, baina Nafarroa lehorrekoa, nolabait esatearren, Babilonia-n deskribatzen den munduarekin bere aldeak dituena. Bukaera ere diferentea da: Babilonia-n suak hartzen du baserria, eta nobela honetan urtegiko urek azpiratzen dute Urgain. Nobela honek, halaber, Oilarraren promesa-rekin ere badu zerikusirik. Ez da ahaztu behar, izan ere, ni Altzakoa naizela eta sentiberatasun berezia dudala desagertzen edo jipoitzen dituzten herriekin. Haserretu egiten naiz. Poztu ere bai, aldian behin: hondar hauteskundeetan, adibidez… Odon Elorzak ezin eramango baitu aurrera, hurrengo lau urteetan, Auditz-Akular izeneko proiektu burugabea: deskantsu ederra!

Nondik nora aukeratu duzu gertalekua?
Garbi nuen Nafarroako herri bat nahi nuela. Nik, izan ere, banuen osaba bat, frankistek Ezkaba mendian hil zutena, 1936ko gerran. Hil ez: garbitu egin zuten. Akabatu. Halako batean, libre zegoela esan zioten, eta gero, ra-ta-ta…! Bizitza osoan ibili zait itzal hori buruan, modu batean edo bestean. Azken urteotan, berriz, memoria historikoaren aferarekin, injustizia asko dagoela iruditzen zait. Gezurra besterik ez ia. Ikusten dut, Nafarroa eta Espainiaren arteko mendeetako era bateko edo besteko gerran, garaileei guztia barkatzen zaiela. Non daude nire osabaren garbiketaren arduradunak? Non daude kuneteroak? Galtzaileei, berriz, luparekin begiratzen zaie etengabe…! Jende inmoralenak moralaren salbatzailetzat du bere burua, hala agertzen da behintzat. Eta abar. Baina, gaiari berriro helduz, zera: egun batean Humbertino Ayape-ren Las tardes en la Bardena irakurri nuen –Antonio Zavala handiak Auspoa-n argitaratua–, eta orduan, nobela inguru hartan kokatua egon zitekeela bururatu zitzaidan. 

Eleberrian zehar bi ahots eta bi tonu tartekatzen dira. Zertan da hori?
Bai. Batean, agure zahar jubilatu batzuk jarri ditut dantzan, primeran etorri zaizkidanak, beren oroipenetatik mintza daitezen herriaz. Jubilatu horietako batek –Leon Iraizozek–, gainera, bigarren pertsona erabiliko du Satur izeneko pertsonaia, bere lagun-mina ere badena, eraikitzeko

Protagonista kolektiboa aukeratu duzu oraingoan: herri oso bat. 
Bai. Nekazariak azaltzen dira, ur termalak dituen hoteleko jabea, garraiolari bat, alkatea, apaizak, maisuak, guardia zibilak, errementaria, presoak… Baina pertsonaia nagusiak arestian aipatu dizkizudan biak dira: Leon Iraizoz eta Satur.

XX. mendean barrena doa kontakizuna, mantso eta sigi-saga; esan liteke ez duela gatazka zehatz bat muintzat, baizik eta bizitza bera bezala joan doala, ibaiaren moduan…
Halako zerbait, bai. Baina ibaiak ere lehertzen dira aldika…

Zurean ere, gerra zibila eta urtegiaren eraikuntza izango lirateke leherraldi horiek, ezta?
Gure osaba Mañuelen itzala nagusitu ote zaidan hor… Baina hori da egia. Ez botereak erakusten diguna maiz… nahiz eta tarteka bestelakorik ere entzuteko aukera badugun. Orain dela gutxi dokumental bat ikusi nuen Euskal Telebistan, eta biktimetako batek (aita eta osaba bat hil zizkioten, oker ez banago) argi eta garbi esan zuen, Nafarroan gertatua ez zela gerra bat izan, garbiketa bat baizik. Halaxe izan zen, salbuespenak salbuespen.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina